Aiako Harria Parke Naturala handitzeko eskatu dute ekologistek
Ekologistak Martxan, Eguzki eta Haritzalde taldeek, inguruko babes gerrikoa ere zabaltzea nahi dute Aiako Harria Parke Naturaleko muga eta inguruko babes gerrikoa zabaltzea nahi dute Ekologistak Martxan, Eguzki eta Haritzalde Naturzaleen Elkartea talde ekologistek. Eta hala eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta inguruko udalei (Irun, Oiartzun, Errenteria, Astigarraga, Donostia eta Hernani). 1995ean izendatu zuten Aiako Harria parke natural. Orduko hartan, talde ekologistek gogorarazi dutenez, hainbat gauza hartu zituzten aintzat izendapena emateko: «Habitat naturalak, fauna, flora, geologia eta paisajea». Izan ere, Aiako Harrian, babesturiko hainbat habitat daude, baita mehatxatutako landare eta fauna espezie ugari ere. Garai hartan, baina, «lur jabetza hartu zen kontuan mugak finkatzeko orduan, lur pribatuak saihestuz». Aiako Harriak 6.913 hektareako azalera du egun, eta horren %80 publikoa da (gainontzekoa pribatua). Muga horiek, «ez dute batere koherentziarik», hiru taldeen iritziz. Kanpoan geratutakoak Ekologistek nabarmendu dute, batetik, hegoaldeko muga (Nafarroarekin muga egiten duena) naturala eta gutxi gorabehera lineala den bitartean, iparraldekoa «labirinto» suertatzen dela. Bestetik, gogorarazi dute, muga horietatik kanpo utzi zituztela hainbat habitat: «Habitat motak ez ziren aintzat hartu, lur eremuaren jabetzak pisu gehiago izan baitzuen. Hala, toki batzuetan babesa eman zaie pistei edo pinu landaketei, kanpoan utziz aldameneko habitatak, hariztiak edo ibar basoak». Baserri eremua ere [...]
Ekologistak Martxan, Eguzki eta Haritzalde taldeek, inguruko babes gerrikoa ere zabaltzea nahi dute
Aiako Harria Parke Naturaleko muga eta inguruko babes gerrikoa zabaltzea nahi dute Ekologistak Martxan, Eguzki eta Haritzalde Naturzaleen Elkartea talde ekologistek. Eta hala eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta inguruko udalei (Irun, Oiartzun, Errenteria, Astigarraga, Donostia eta Hernani).
1995ean izendatu zuten Aiako Harria parke natural. Orduko hartan, talde ekologistek gogorarazi dutenez, hainbat gauza hartu zituzten aintzat izendapena emateko: «Habitat naturalak, fauna, flora, geologia eta paisajea». Izan ere, Aiako Harrian, babesturiko hainbat habitat daude, baita mehatxatutako landare eta fauna espezie ugari ere.
Garai hartan, baina, «lur jabetza hartu zen kontuan mugak finkatzeko orduan, lur pribatuak saihestuz». Aiako Harriak 6.913 hektareako azalera du egun, eta horren %80 publikoa da (gainontzekoa pribatua). Muga horiek, «ez dute batere koherentziarik», hiru taldeen iritziz.
Kanpoan geratutakoak
Ekologistek nabarmendu dute, batetik, hegoaldeko muga (Nafarroarekin muga egiten duena) naturala eta gutxi gorabehera lineala den bitartean, iparraldekoa «labirinto» suertatzen dela.
Bestetik, gogorarazi dute, muga horietatik kanpo utzi zituztela hainbat habitat: «Habitat motak ez ziren aintzat hartu, lur eremuaren jabetzak pisu gehiago izan baitzuen. Hala, toki batzuetan babesa eman zaie pistei edo pinu landaketei, kanpoan utziz aldameneko habitatak, hariztiak edo ibar basoak».
Baserri eremua ere kanpoan utzi izana salatu dute Ekologistak Martxan-ek, Eguzkik eta Haritzaldek. «Parkeak kanpoan uzten du, neurri handi batean, baserriaren eremua, beheko lur sail ugari. Eta horietan, landa zabala, zelaiak, sega belardiak, larreak, ibar basoak, hariztiak eta baso mistoak uztartzen dira. Europan babestutako habitatak dira batzuk, besteak ez, baina denak dira biologikoki aberatsak», kritikatu dute.
Aldarrikapena
Hala, «arrazoirik gabe» kanpoan geratu ziren lurrak babesteko eskatu dute hiru taldeek; «izan ere, interes handiko eremu zein habitaten etorkizuna bermatu behar dugu».
Ekologisten nahia da, biodibertsitatea mantentzeko helburuari bultzada handia ematea eta bizi kalitatea aldarrikatzea: «Aiako Harria zabalduz, eta muga koherente eta garbiak jarriz, landa ingurunea, baserria ere, sustatzen ari baikara». Naturguneek ezin dute isolatutako uharteak izan haien iritziz, eta proposatutako zabaltze egitasmoak «babesguneen arteko komunikazioa» erraztuko lukeela uste dute.
Horri lotuta dago, ekologia taldenen arabera, Aiako Harriaren eta Jaizkibelen arteko «korridore berdea», Gaintxurizketakoa: «Korridore berde hori sortu eta babestu behar dugu».