Behobia-Donostia lasterketarako dena prest dute dagoeneko
Fortuna Kirol Elkarteak antolatutako Behobia-Donostia hogei kilometroko maratoi erdia igande honetan izango da. 25.500 lagunek parte hartuko dute lasterketako kategoria guztietan. Elbarriak goizeko 10:00etan abiatuko dira; patinatzaileak 10:10ean, et...
Fortuna Kirol Elkarteak antolatutako Behobia-Donostia hogei kilometroko maratoi erdia igande honetan izango da. 25.500 lagunek parte hartuko dute lasterketako kategoria guztietan. Elbarriak goizeko 10:00etan abiatuko dira; patinatzaileak 10:10ean, eta oinezko korrikalariak, 10:30ean.
Fortuna Kirol Elkarteak Behobia-Donostiarako elkartasun dortsalak prestatu ditu hainbat elkarterekin elkarlanean, tartean, Stop Istripuak-ekin edo Gipuzkoako Esklerosi Anitzeko Elkartearekin.
Horiek horrela, korrikalariak ondoko kategorietan lehiatuko dira igandean: Junior, Promesak, Seniorrak, Beteranoak eta Elbarriak, eta kategoria horietan guztietan, emakumeen eta gizonen parte hartzea izango da.
Trafiko mozketak Irunen
Irungo Udalak aste honetan jakinarazi duenez, Behobia-Donostiak hainbat trafiko mozketa eragingo ditu hirian igande goizean zehar. Horiek horrela, goizeko 06:30etik 13:00etara trafikoa moztuta egongo da Behobian.
Nafarroatik Irunerako bidea egiteko Zaisa IIIko errepidetik desbideratuko dute trafikoa, eta Irundik Nafarroara aldiz, Dario de Regoyos kalea hartu beharko dute gidariek. Bestalde, Nafarroa etorbidea, Colon ibilbidea, eta Gipuzkoa eta Elizatxo hiribideak moztuta egongo dira, 09:45 eta 12:10 bitartean.
Txingudiko Zerbitzuak
Behobia-Donostia lasterketa dela eta, Txingudiko Zerbitzuak-eko kideak ibilbidean zehar ariko dira ura banatzen, eta korrikalarientzako edalontziak ematen. Halaber, hondakinak biltzeko eta bide publikoa garbitzeko lantalde berezia antolatu du. Izan ere, iragan urteko lasterketan 1,25 tona hondakin jaso zirela gogorarazi du Txingudiko Zerbitzuak-ek.