Aiako Harria Parke Naturalean bisita gidatua egingo dute etzi
Meatzaritza, basogintza eta abeltzaintza landuko dituzte parte hartzen dutenek, Alvaro Aragon historialariarekin Etzirako, Aiako Harria Parke Naturalean zehar bisita gidatu berezia antolatu dute, Aiako Harriko Altxor Historikoak: meatzaritza, basogintz...
Meatzaritza, basogintza eta abeltzaintza landuko dituzte parte hartzen dutenek, Alvaro Aragon historialariarekin
Etzirako, Aiako Harria Parke Naturalean zehar bisita gidatu berezia antolatu dute, Aiako Harriko Altxor Historikoak: meatzaritza, basogintza eta abeltzaintza izenburupean.
10:00etan aterako dira parte hartzaileak Arditurriko parketxetik, eta Alvaro Aragon Ruano izango da haien gidaria. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko historia irakaslea da Aragon, eta Euskal Herriko basogintzaren historian aditua.
Arditurriko parketxetik abiatu ondoren, honakoa izango da ibilbidea: Arditurri, Unaileku, Sorotxo, Arritxulo, Larraundi, Iratzeaundi, Unaileku eta bueltan Arditurrira.
Zailtasun baxuko ibilbidea da, eta bisita gidatuak hiru ordu eta erdi inguru iraungo duela kalkulatu dute antolatzaileek. Ibilaldia Oiartzungo Udalak, Gipuzkoako Parketxe Sareak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu dute.
Aurrez eta bertan izena eman
Bisita gidatuak 2 euroko prezioa du aurrez izena emanez gero, eta 2,5 eurokoa egunean bertan apuntatuz gero.
Aurrez izena emateko Oiartzungo Turismo Bulegora (943 49 45 21 telefono zenbakira) eta Arditurriko Interpretazio Zentrora (943 49 50 69) dei daiteke, edo arditurri[abildua]gipuzkoamendizmendi.net helbidera idatzi.