Herriko lau abesbatza ariko dira Proega elkartearen alde Itsas Etxean, larunbatean
La Salleko anaien Proyde-Proega fundazioak Bizitzarako pentagramak goiburuko elkartasun kontzertua antolatu du hilaren 10erako (larunbata) Hondarribiko Itsas Etxean, Argentinako Cordoba probintziako Malvinas Argentinas herrian eraikitzen ari diren gazteentzako etxerako dirua biltzeko. Egitasmo hori 2012an Hondarribiko Udalak diruz lagundu duen proiektuetako bat da. Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Maite Pelaezek, eta La Salleko Jose Manuel Arrizabalagak eta Idoia Azpilikuetak hedabideen aurrean azalpenak eman zituzten atzo, eta ekitaldiaren nondik-norakoak eta proiektuaren gainekoak jorratu zituzten. Herriko lau abesbatza —Surbesta, Klink, Zumardikoak eta Goxoki—, Musika Eskolako trikitilariak eta Txistulari Banda ariko dira larunbatean Itsas Etxean, 18:00etatik aurrera. Pelaezek argitu zuen sarrerak gaurtik eros daitezkeela herriko bi turismo bulegoetan eta ekitaldiaren egunean Itsas Etxeko leihatilan, kontzertua hasi baino ordubete lehenagotik. Sarreraren prezioa bost eurokoa izango da, «bi Itsas Etxeko gastuetarako eta beste hiruak Proegaren egitasmoa babesteko». Gizarte Zerbitzuetako ordezkariak eskerrak eman zizkien La Salleko kideei, larunbatean haien elkartasun egitasmoa ezagutzeko aukera izango delako: «Horrelako ekitaldiak beti lagunduko ditugu, izan ere, diruz laguntzen ditugun elkarteei espresuki eskatzen diegu beren egitasmoen berri herritarrei emateko, bizi dugun garaietan asko direlako galdetzen digutenak ea zergatik gastatzen dugun hainbeste diru kanpoan, hemen dagoen beharrarekin». Etxe bat gazteentzat Argentinako Cordoba probintzian dago Malvinas Argentinas herria, hiri nagusitik gertu. Jose Manuel Agirrezabalagak atzoko [...]
La Salleko anaien Proyde-Proega fundazioak Bizitzarako pentagramak goiburuko elkartasun kontzertua antolatu du hilaren 10erako (larunbata) Hondarribiko Itsas Etxean, Argentinako Cordoba probintziako Malvinas Argentinas herrian eraikitzen ari diren gazteentzako etxerako dirua biltzeko. Egitasmo hori 2012an Hondarribiko Udalak diruz lagundu duen proiektuetako bat da.
Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Maite Pelaezek, eta La Salleko Jose Manuel Arrizabalagak eta Idoia Azpilikuetak hedabideen aurrean azalpenak eman zituzten atzo, eta ekitaldiaren nondik-norakoak eta proiektuaren gainekoak jorratu zituzten. Herriko lau abesbatza —Surbesta, Klink, Zumardikoak eta Goxoki—, Musika Eskolako trikitilariak eta Txistulari Banda ariko dira larunbatean Itsas Etxean, 18:00etatik aurrera.
Pelaezek argitu zuen sarrerak gaurtik eros daitezkeela herriko bi turismo bulegoetan eta ekitaldiaren egunean Itsas Etxeko leihatilan, kontzertua hasi baino ordubete lehenagotik. Sarreraren prezioa bost eurokoa izango da, «bi Itsas Etxeko gastuetarako eta beste hiruak Proegaren egitasmoa babesteko».
Gizarte Zerbitzuetako ordezkariak eskerrak eman zizkien La Salleko kideei, larunbatean haien elkartasun egitasmoa ezagutzeko aukera izango delako: «Horrelako ekitaldiak beti lagunduko ditugu, izan ere, diruz laguntzen ditugun elkarteei espresuki eskatzen diegu beren egitasmoen berri herritarrei emateko, bizi dugun garaietan asko direlako galdetzen digutenak ea zergatik gastatzen dugun hainbeste diru kanpoan, hemen dagoen beharrarekin».
Etxe bat gazteentzat
Argentinako Cordoba probintzian dago Malvinas Argentinas herria, hiri nagusitik gertu. Jose Manuel Agirrezabalagak atzoko agerraldian azaldu zuen herri berria dela, “Cordobara lan bila joan direnentzako modu kaskarrean sortua”. Duela hamar urte hasi zen Proega fundazioa bertako auzo txiroenean lanean, 3. Auzoa izenekoan; Lehen Hezkuntzako ikastetxe bat eraiki zuten eta orain «noraezean dabiltzan gazteentzat etxe bat» sortu nahi dute: “Soja transgenikoak produzitzeko zelai handiak dituzte ondoan eta, gehienbat, erabiltzen dituzten produktu kimikoengatik osasun arazo larriak dituzte auzoan. Egoera nahiko larrian dago”.
Agirrezabalagak gogorarazi du asko direla “aspalditik gu baino okerrago bizi direnak”, eta horietako batzuk laguntzeko antolatu dute kontzertua, “baita Proega zer den Hondarribian azaltzeko ere”. Kontzertura joaterik ez dutenek eta egitasmoa diruz sostengatu nahi dutenek, bi kontu zenbakiren bidez egin dezakete elkartasun keinua.
- Kutxabank: 2101 0010 45 0010522126
- La Caixa: 2100 6547 69 2100035695
Bizitzarako pentagramak. Egitaraua
Zumardikoak abesbatza
- Kantuz. Alexander Lesbordes.
- Gaviotas (habanera). Faustino C. Morando.
- Maritxu – Andre Madalen. Moldaketa: J. Urteaga.
Musika eskolako trikitixa taldea
Irakaslea: Eider Bereau.
- Polka. Irlandar herrikoia.
- Larru beltzak. Hertzainak.
- Aita San Antonio (kalejira). Leon Bilbao.
Klink abesbatza
Zuzendariak: Jose Ignacio Lopez eta Aritz Gonzalez.
- Kai Zaharreko Brixaran. J. Ignacio Lopez.
- Elurra mara mara. Melodia: Serge Jaroff. Armonizazioa: Gotzon Aulestia. Bakarlariak: Peio Sagarzazu (tenorea) eta Juan Mari Malles (baxua).
- A la jota Pachin. Herrikoia. Armonizazioa: Josu Elberdin Badiola
- Nafarroa (jota). J. Ignacio Lopez.
Goxoki abesbatza
Zuzendaria: Alberto Lasa.
- Goizeko izarra. Jose Juan Santesteban.
- Maite mina. Jose Maria Gonzalez Bastida.
- Mahatsaren orpotik. Jesus Guridi.
- Boga, boga. Jesus Guridi.
Hondarribiko Txistu Taldea
- Antziñeko minuetoa. Luis Aranburu.
- Amak baleki ta gitarra zahartxo bat. Jose Maria Iparragirre. Moldaketa: Jose Inazio Ansorena.
- Atiarno (fandango, arin-arin eta biribilketa). Primitivo Onraita.
Surbesta abesbatza
Zuzendaria: Ander Ribes. SURBESTA
- Il bianco e dolce cigno. J. Arcadelt.
- Come again sweet love. J. Dowland.
- Sanctus. I. Mokoroa. Moldaketa: Migel Zeberio.
- Ama. A. Lesbordes (1912-1969).
- Ikusi mendizaleak. Herrikoia.
Klink eta Goxoki abesbatzen saioen artean La Casa de los Jóvenes bideoa jarriko dute, Proega Malvinas Argentinas herrian burutzen ari diren proiektua azaltzen duena.