“Argi dugu diskoa ez dela komertziala, gure buruari jarritako helburua baizik”
Bigarren plano batean egon da orain arte, eta orain, pauso bat eman du Arkaitz Miner biolinistak (Orereta, 1976) Hariari tiraka Juan Arriolarekin batera atera duen lehen diskoarekin. Herri musikan, eta batik bat erromeriako dantzetan oinarritu dira osatzeko, baina folk ukitua eman diote biolinarekin. Kolaborazio garrantzitsuak eduki dituzte: Alasdair Fraser biolinista eta Natalie Hass biolontxelista. Zure lehen diskoa atera duzu Juan Arriolarekin batera, ‘Hariari tiraka’. Nolatan atera da proiektu hori? Nahiz eta nik parte hartu dudan beste disko askotan, hau izan da nire izenean argitaratu dudan lehenengoa. Herri musikako errepertorioa biolinarekin lantzen ari naiz, eta erromerietan ere ibili izan naiz. Hori beti eduki dut gogoan. Testuinguru horretan ezagutu nuen Juan Arriola, Burgosen, biolinaren eta folkaren inguruan egiten diren tailer batzuetan. Harreman horretatik sortu zen ideia: euskal musikako errepertorio bat biolinarekin lantzea. Nola joan da grabazioa? Ideia horrekin hasi ginenetik urte pare bat pasatu dira. Hasieran maketatxo bat egiteko asmoa genuen, baina gero gauzak handituz joan ziren, besteak beste, kolaborazioen eraginez. Kolaborazio batzuk egotea nahi genuen: Alasdair Fraser eskoziarra eta Natalie Hass estatubatuarra. Biak erreferentzia dira mundu mailan. Harreman naturala genuen beraiekin, eta asko animatu gintuzten diskoa grabatzera. Harreman hori zela eta, grabazioak beste bide bat hartu zuen, eta Mikel Fernandez teknikariarekin [...]
Bigarren plano batean egon da orain arte, eta orain, pauso bat eman du Arkaitz Miner biolinistak (Orereta, 1976) Hariari tiraka Juan Arriolarekin batera atera duen lehen diskoarekin. Herri musikan, eta batik bat erromeriako dantzetan oinarritu dira osatzeko, baina folk ukitua eman diote biolinarekin. Kolaborazio garrantzitsuak eduki dituzte: Alasdair Fraser biolinista eta Natalie Hass biolontxelista.
Zure lehen diskoa atera duzu Juan Arriolarekin batera, ‘Hariari tiraka’. Nolatan atera da proiektu hori?
Nahiz eta nik parte hartu dudan beste disko askotan, hau izan da nire izenean argitaratu dudan lehenengoa. Herri musikako errepertorioa biolinarekin lantzen ari naiz, eta erromerietan ere ibili izan naiz. Hori beti eduki dut gogoan. Testuinguru horretan ezagutu nuen Juan Arriola, Burgosen, biolinaren eta folkaren inguruan egiten diren tailer batzuetan. Harreman horretatik sortu zen ideia: euskal musikako errepertorio bat biolinarekin lantzea.
Nola joan da grabazioa?
Ideia horrekin hasi ginenetik urte pare bat pasatu dira. Hasieran maketatxo bat egiteko asmoa genuen, baina gero gauzak handituz joan ziren, besteak beste, kolaborazioen eraginez. Kolaborazio batzuk egotea nahi genuen: Alasdair Fraser eskoziarra eta Natalie Hass estatubatuarra. Biak erreferentzia dira mundu mailan. Harreman naturala genuen beraiekin, eta asko animatu gintuzten diskoa grabatzera. Harreman hori zela eta, grabazioak beste bide bat hartu zuen, eta Mikel Fernandez teknikariarekin jarri ginen harremanetan berak grabazioaren ardura hartzeko. Elkar estudioetan grabatu genuen (autoekoizpena izan da). Xabier Leturia ere izan da panderoan, Amaiur Cajaraville kontrabaxuan… azkenean itxura serioago bat hartu du diskoak.
Zertan oinarritu zarete abestiak egiterako garaian?
Pieza pare bat guk egindakoak dira, bat nik eta bestea Juan Arriolak. Baina hartu dugun errepertorioa izan da dantza musikako pieza ezagunak, bertsoetako doinu batzuk, zortzikoak, Mikel Laboaren martxa baten lehen notak, fandango eta arin-arinak, kalejirak… Zentzu horretan, melodiak nahiko ezagunak dira. Gertatzen dena da ez ditugula entzun biolinarekin folk moduan, Irlandan, Eskozian, Finlandian egiten duten bezala. Euskal Herrian ez dago halako erreferentzia asko.
Kolaborazioek aberastasuna eman diote diskoari…
Xabier Leturiaren kasuan, pandero jotzailea, berarekin aritu nintzen hamar urtez erromerietan, Tapia eta Leturiarekin; orduan, oso harreman ona izan dugu beti. Pandero bat behar genuen fandango, arin-arin eta kalejiretan izaera edo kutsu hori emateko. Alasdair Fraser eta Natalie Hass, berriz, erreferentzia bat dira folkaren munduan, musikari bikainak dira, eta asko animatu gintuzten. Nolabait beraiek landu dute hizkuntza bat biolin eta biolontxeloarekin, kolaboraziorik gabe. Amaiur Cajaraville, berriz, Zarauzko kontrabajista bat da, eta momentu batean kontrabajista baten beharra ikusi genuen, eta berari deitu genion. Benito Lertxundirekin ibiltzen da, besteak beste.
Behin diskoa grabatuta, zein sentipenekin geratu zara?
Diskoa grabatu dugu autoekoizpen moduan. Guk argi genuen aterako dugun diskoa ez dela inolaz ere komertziala, gure buruari jarritako helburu bat baizik. Gero guk badaukagu non banatu, badakigu zein jenderi gustatzen zaion, eta mundu horretan dabiltzanek iruzkin onak egin dizkigute. Guk, behintzat, diskoa ateratzearen helburua bete dugu, eta nik uste dut erantzuna denboran zehar edo urteen poderioz jasoko dugula.
Helburua komertziala ez izan arren, kontzertuak emango dituzue?
Bai. Egia esan kontzertuak ematea zail dago gaur egun, eta horrelako proposamen batekin, oraindik eta zailago. Hala ere, Mendaron emango dugu kontzertu bat, abenduaren 7an (ostirala), eta udaberrian, segur aski, Herri Musikaren Txokoan, Oiartzunen. Ziurrenik gehiago ere izango dira.
‘Hariari tiraka’-z gain, ba al duzu beste proiekturen bat?
Orain Ruper Ordorikarekin ari naiz jotzen, baita Mikel Markezekin ere. Arrabotsekin ere ibili naiz, erromeria gidatua egiten dute. Hainbat proiektu txikitan ere kolaboratu dut. Esate baterako, Antzina izeneko talde batekin elkarlanean aritzeko aukera izan dut.