Garapenerako lankidetza hitzarmen berriak ezagutzera eman ditu udalak
2012. urteko lankidetza hitzarmenak luzatu dituela jakitera eman du gaur Irungo Udaleko Gizarte Ongizate arloak. Denok Osasunaren Alde (DOA), Sport Mundi eta Tadamun-Fronte Polisarioa gobernuz kanpoko erakundeek (GKE) sinatu dituzte akordio horiek. Ur...
2012. urteko lankidetza hitzarmenak luzatu dituela jakitera eman du gaur Irungo Udaleko Gizarte Ongizate arloak. Denok Osasunaren Alde (DOA), Sport Mundi eta Tadamun-Fronte Polisarioa gobernuz kanpoko erakundeek (GKE) sinatu dituzte akordio horiek. Urrian ere eskualdeko zenbait GKEkin sinatutako hitzarmenen berri eman zuen tokiko gobernuak. Proiektuek 93.660 euro jasoko dituzte denera.
Lankidetza hitzarmenak:
– DOA: Guatemalako herritar ahulenen bizi-baldintzak hobetzea du helburu. Mediku arreta berezitua eskaintzeaz gain, gaixotasunak prebenitzea eta osasungintzako bertako profesionalak prestatzea bilatzen du GKEk. Guztira, 38.200 euro jasoko ditu.
– Sport Mundi: Indian garatzen ari den Iraultza Zuria proiektua landuko du GKEk. Elkartasun eta justizia sozialaren balioetan oinarrituta, kirol ekitaldiak eta hezkuntza jarduerak antolatzen ditu erakundeak. Proiektuak interes berezia jartzen du Indiako elikadura segurtasunean eta emakumeen jabekuntza prozesuan. Guztira, 9.560 euro bideratuko dira.
– Tadamun-Fronte Polisarioa: 2003an udalarekin sinatutako hitzarmenaren ondorioz, Fronte Polisarioak Tadamun –Txingudiko Sahararen Lagunak– bertako elkartearen bidez garatzen du Oporrak Bakean programa. Horrez gain, elkarteak Aljeria hegoaldeko Minen Biktimen Laguntza Zentroa programa ere garatzen du eta 150 lagunei arreta ematen die. Hala, Oporrak Bakean programarako 8.100 euro jasoko ditu elkarteak, eta beste 11.000 euro, minen biktimak laguntzeko programara bideratuko dira.
Euskal Fondoari dagokionez, Nikaraguako Somoto departamentuan etxean eraikitzeko beste 26.800 euro bideratuko ditu udalak.