Arkaitz Minerren disko berria: “Hariari Tiraka”
Juan Arriolak eta Arkaitz Minerrek Hariari Tiraka izeneko disko berria kaleratu dute. Elkar-en webgunean topa daiteke, diskoaren izenburua bilatuta. Honela definitu du proiektua Elkarrek: “Juan Arriola eta Arkaitz Miner biolinjoleak proiektu ho...
Juan Arriolak eta Arkaitz Minerrek Hariari Tiraka izeneko disko berria kaleratu dute. Elkar-en webgunean topa daiteke, diskoaren izenburua bilatuta.
Honela definitu du proiektua Elkarrek: “Juan Arriola eta Arkaitz Miner biolinjoleak proiektu honetarako elkartu dira, herri musikan norberak egindako ibilbidearen jarraipenerako. Bat egin dute arrabitarekin bertako herri musikako interpreteen lenguaia bereganatzeko helburuarekin: trikitilariak, txistulariak, xirulariak, panderojoleak…, horretarako euskal herri musikan ohikoak diren doinuekin: fandango eta arin-arinak, kalejirak, jauziak, zortzikoak eta bertso doinuak.
Aintzinako arrabitajoleak gogoan, baina haratago joanda, gaur egunera iritsitako soinu tresnen hizkuntza eta espiritua bere egiteko ahaleginarekin datoz, euren kabuz ekoitzitako grabazio honetan. Honetarako bidelagun izan dituzte: Xabier Berasaluze “Leturia”, Alasdair Fraser, Natalie Haas eta Amaiur Cajaraville.
Bi biolin gordinki, arrabitaren hizkuntza, aspaldi isildutako ikuspuntu edo ñabardura, arnas bat, espiritu bat, aukera bat, behar ditugun garai berriotarako”.

