Kea baino askoz gehiago Ficoban
Antolatzaileak, parte hartzaileak eta bisitariak ados jarri dira: Expogrow azoka arrakastatsua izan da
Lehen aldia izan da Expogrow kalamuaren azoka Ficoban egin dutela. Eta ez da azkena izango. Antolatzaileak, azokan parte hartu dutenak, eta bisitariak oso pozik daude ekimenak asteburuan egin duen bidearekin. Hala nabarmendu du Sergio Martinez azokaren zuzendariak: «%99ko aukerak daude 2013an azoka berriz ere Irunen egiteko. Erabateko arrakasta izan du».
Azokak 10.000 bisitari izan ditu astebukaeran, eta haren inguruan antolatu dituzten ekimenetara (kontzertuak, hitzaldiak, ikuskizunak…) beste 6.000 herritar hurbildu dira: «Gainera, hotelak beteta egon dira, taxi gidariek lan asko izan dute, Irungo ostalaritza establezimenduetan jende asko egon da. Hirian diru asko utzi du azokak».
Hala ere, Martinezen arabera, alde ilun bakarra izan du feriak: Ficobako aparkalekua kudeatzen duen enpresarekin harremana ez da ona izan, eta arazoak izan dituzte parte hartzaileek, batez ere Ficobara sartzeko edo irteteko.