Udal Korporazio osoa ez da joango Xanisteban Eguneko mezara
Laikotasunari buruzko mozioa aurkeztu du Bilduk; ospakizun zibilak egiteko baliabideak jarriko ditu Herenegun, ikasturte politikoko azkeneko udalbatzarra egin zuten. Bertan, Bilduk aurkeztutako laikotasunari buruzko mozioa landu zuten zinegotziek. Bilduren bozkekin (hamar) atera zen aurrera, eta EAJko bi zinegotziek kontra bozkatu zuten. Hamaikabateko zinegotzia ez zen udalbatzarrean egon. Mozioan jasotzen denez, administrazioek herritarren eskubide zibilak bermatu behar dituzte, eta horretarako urratsak emango ditu Oiartzungo Udalak: «Herritar guztien eskubideak errespetatzeko eta herrian egon daitezken sinismen guztiekiko errespetuz». Oraindik, «badira laikotasun-printzipioa urra dezaketen ohiturak eta tradizioak», horregatik, udalak uste du administrazioek urratsak ematen jarraitu behar dutela, «guztion eskubide demokratikoak bermatzeko». Hiru akordio, oraingoz Hala, Udalbatzak hiru akordio onartu ditu, mozioarekin batera. Lehena: «Oiartzungo Udalak konpromisoa hartzen du gure herrian laikotasun printzipioa bermatu eta errespetatzeko. Horretarako, herriko eragileekin batera, hausnarketa prozesu bat abian jarriko du, herritar guztien berdintasuna ziurtatu, eta elkarbizitza hobea lortzeko». Bigarrena: «Oiartzungo Udalak, bere baliabideen arabera, zeremonia zibilen aukera egiten duten herritarrei bitartekoak jarriko dizkie». Puntu horrek, bereziki, hileta zibilei egiten die erreferentzia, gero eta gehiago baitira mota horretako hileta eskatzen duten herritarrak. Azkenik, «Oiartzungo Udalak, abuztuaren 3an tradizioz egiten duen udal komitiba ez du antolatuko. Jai egitarauan agertzen den eta udala gonbidatuta dagoen beste edozein ekitaldietara joango den bezala, Oiartzungo [...]
Laikotasunari buruzko mozioa aurkeztu du Bilduk; ospakizun zibilak egiteko baliabideak jarriko ditu
Herenegun, ikasturte politikoko azkeneko udalbatzarra egin zuten. Bertan, Bilduk aurkeztutako laikotasunari buruzko mozioa landu zuten zinegotziek. Bilduren bozkekin (hamar) atera zen aurrera, eta EAJko bi zinegotziek kontra bozkatu zuten. Hamaikabateko zinegotzia ez zen udalbatzarrean egon.
Mozioan jasotzen denez, administrazioek herritarren eskubide zibilak bermatu behar dituzte, eta horretarako urratsak emango ditu Oiartzungo Udalak: «Herritar guztien eskubideak errespetatzeko eta herrian egon daitezken sinismen guztiekiko errespetuz».
Oraindik, «badira laikotasun-printzipioa urra dezaketen ohiturak eta tradizioak», horregatik, udalak uste du administrazioek urratsak ematen jarraitu behar dutela, «guztion eskubide demokratikoak bermatzeko».
Hiru akordio, oraingoz
Hala, Udalbatzak hiru akordio onartu ditu, mozioarekin batera.
Lehena: «Oiartzungo Udalak konpromisoa hartzen du gure herrian laikotasun printzipioa bermatu eta errespetatzeko. Horretarako, herriko eragileekin batera, hausnarketa prozesu bat abian jarriko du, herritar guztien berdintasuna ziurtatu, eta elkarbizitza hobea lortzeko».
Bigarrena: «Oiartzungo Udalak, bere baliabideen arabera, zeremonia zibilen aukera egiten duten herritarrei bitartekoak jarriko dizkie». Puntu horrek, bereziki, hileta zibilei egiten die erreferentzia, gero eta gehiago baitira mota horretako hileta eskatzen duten herritarrak.
Azkenik, «Oiartzungo Udalak, abuztuaren 3an tradizioz egiten duen udal komitiba ez du antolatuko. Jai egitarauan agertzen den eta udala gonbidatuta dagoen beste edozein ekitaldietara joango den bezala, Oiartzungo Udalaren ordezkaritza bat bertaratuko da xanistebanetako meza nagusira, herritar katolikoekin ere dagokion konpromisoa betetzeko».
Lehenengo urratsa izango da azken hori, Miren Irigoien zinegotziak udalbatzarrean azaldu zuenez. Aurrerantzean, herritarrekin adostu nahi dituzte eman beharreko urratsak: «Iritziak aditzeko prest gaude. Badakigu gai sentsiblea dela, baina eztabaidatzeko bidean gaude, laikotasunak nolakoa izan behar duen herritarrekin zehazteko. Nabarmendu nahi dugu, gainera, errespetutik abiatutako mozioa dela. Hala, elizak gonbidatutako ekitaldietara joango gara, eta gainontzeko elkarte eta eragileekin dugun harremana edukiko dugu. Konziente gara katolizismoak duen indarraz oraindik, baina kontraesankorra da guretzat denak mezara joatea».
EAJk beste testu bat aurkeztu zuen, kontrako bozka zergatik eman duen azaltzeko: «Ausardia falta zaio Bilduri mozio hau aurkeztean: edo ez joan, edo joan, ezin da erdibideko erabakirik hartu. Tradizio handia du mezak, baina erabaki bat hartu behar da, eta EAJren ustez korporazioak ez luke mezara joan behar».
Arizmendi-Enea
Arizmendi-Enea etxea udalak erabil dezake dagoeneko. Jabeak hil ondoren udalarentzat izango zela hitzartuta zegoen 1999tik, baina Mari Carmen Arizmendik etxearen eta lorategiaren erabilera eskubideari uko egin dio, udalaren esku utziz, izena mantentzeko baldintzarekin.
Xanistebanetako egitaraua eta hori gauzatzeko 101.395 euroko aurrekontua ere onartu zituzten zinegotziek. EAJ abstenitu egin zen, «egitarauko ekintza batzuk politizatuak daudelako eta laikotasunaren mozioan kontra egin dugunez, koherentziz».
EAJk batzokiaren inguruan dauden pintadak kentzeko ere eskatu zuen: «Garai berriak dira eta beste inork ez ditu pintadak». Alkateak Oiartzunen gisa guztitako pintada asko daudela eta udalak, ahal duen neurrian, kentzen dituela adierazi zion.
Udalbatzarrean jakinarazi zutenez, bestalde, udalak 131.000 euro jaso ditu Gipuzkoako Foru Aldunditik, iazko azaroaren 5eko uholdeek eragindako kalteak konpontzeko laguntza gisa.
Uztaileko protokolo gastuen berri ere eman zuten udalbatzarrean: 29,15 euro izan dira, eta hautetsien bidaietan gastatu dituzte.