Denak erreka garbitzera
Errenteria-Oreretako Fanderia auzoan dagoen erreka bi aldiz kaltetuta dago, batetik, azaroan izandako uholdeen ondorioz, eta bestetik, herritarrek botatzen duten zaborra dela eta. Horri irtenbide bat emate aldera, Erdiko Erreka auzo elkarteak auzolane...
Errenteria-Oreretako Fanderia auzoan dagoen erreka bi aldiz kaltetuta dago, batetik, azaroan izandako uholdeen ondorioz, eta bestetik, herritarrek botatzen duten zaborra dela eta. Horri irtenbide bat emate aldera, Erdiko Erreka auzo elkarteak auzolanerako deia egin du lehenengoz. Etzi, 09:30ean bilduko dira, eta udalak jarriko du beharrezko materiala.
Rafa Lorente auzo elkarteko ordezkariak azaldu duenez, batik bat haurrek botatzen dituzten zikinkeriak dira erreka dagoen egoeran egotearen arrazoietako bat. Horregatik, ekimen horren bidez kontzientziatu egin nahi dituzte, eta herritartasuna bultzatu.
Bestea uholdeek utzitako kalteak dira. Azaroan izandako gertakarien ondotik, erreka toki batzuetan emaririk gabe dago, eta beste tokietan, berriz, putzuak sortu dira. Hori konpontzeko Ingurumen eta Hirigintza zinegotziekin elkartu dira, eta laster irtenbide bat emateko konpromisoa hartu dute. Bonbaketa sistema bat erabiliko dutela jakinarazi du Lorentek.
Etziko ekimenak arazoa guztiz konponduko ez badu ere, erreka garbiago egoteko balioko duela azaldu du Lorentek.
Errekak zikina egoten jarraitzen badu, datorren urtean ere berriro garbitzeko prest agertu da Lorente: “Iniziatiba hori hartu beharko da. Pasaian eta beste zenbait lekutan ere egiten da. Orduan goazen gu ere iniziatiba hartzera. Erreka guztiona baita, eta errespetatu egin behar dugu”.
Lan horren bidez Lorentek espero du ailegatzea momentua, jendea kontzientziatu delako, erreka garbitu beharrik ez dena izango.