Aritz Aranetak irabazi du Euskadiko Itsas Kayak txapelketa, Hondarribian
Euskadiko Itsas Kayak Txapelketa jokatu zuten joan den igandean Zokoa eta Hondarribia artean. Azken herri horretako arraun elkarteak antolatu zuen txapelketa. Parte hartze handia izan zen proban.
Donostia Kayak taldeko kideak izan ziren protagonista nagusiak bare zegoen itsasoan. Aritz Aranetak eta Lander Rodriguezek lehia ona egin zuten gizonen K1 Sprinter Mailan, Euskal Zirkuituan daukaten nagusitasunaren adierazgarri. Araneta gailendu zen, eta Rodriguez bigarrena izan zen. Parte hartzaile guztien artean azkarrenak izan ziren, gainera, Trintxerpeko taldekoak, K2ak gaindituz. Podiuma Esteban Arakamak, Santiagotarrak taldekoak, osatu zuen.
Emakumeen artean ere Donostia Kayakeko Ainara Benavente izan zen nagusi. K1eko proba irabazi zuen, eta bere taldekideak bezala, Hondarribia taldeko Leire Viguria eta Natalia Aramaiok osatutako lehenengo K2aren aurretik sartu zen Puntaleko helmugan. Sprint estu eta lehiatua izan zuten.
Hondarribikoak izan ziren gizonen biko ontzietan ere gailendu zirenak (Aitor Arrieta eta Manuel Melara).
Helduen artean ez ezik, Kadete Mailan ere onenak izan ziren Donostia Kayakekoak: K2 mailan Iker Azurmendi eta Asier Lersundi bikoteak irabazi zuen.
Kayak tradizionalean, Pasaia Kayak taldeko Patxi Benaventek bigarren postua lortu zuen. Oarso Bidasoko arraunlariek domina uzta ona lortu zuten.