60 langile inguru kalean geratuko dira Lanbarrengo Dimp enpresa itxi ondoren
Arduradunaren «kudeaketa txarra» salatu dute langileek, eta engainatuta sentitu direla diote 50 langile baino gehiago ditu Lanbarren industrialdean dagoen Dimp taldeak (Dimp, Molpo eta Oiarplas enpresak), ia 60. Konkurtso Legean sartu da eta arduradunek likidatzeko asmoa dute, ixtekoa. Langileek salatu dute sei hilabete daramatzatela soldatarik kobratu gabe, eta urtebete inguru ordu estren dirua jaso gabe. Andoni Lopez da enpresako langileetako bat, eta bizi duten egoera azaldu du: «Enpresa hilaren 4an sartu zen Konkurtso Legean. Hilaren 12an, gurekin bilera egin zuten enpresako arduradunek, eta esan ziguten ez zutela enpresa ixteko asmorik». Joan den asteartean, baina, enpresa itxiko zutela esan zieten: «Likideziarik ez dutela esan digute, eta ez digutela ordainduko, baina iaz 9 milioi euroko irabaziekin itxi zuten urtea». Ez dute ulertzen, beraz, egungo egoera. Kudeaketa eskasa «Kudeaketa txarra» egotzi diote egungo arduradunari: «Lehen, aitak eramaten zuen enpresa, baina duela bi urte alabak hartu zuen. Ordutik, irregularki kobratzen hasi ginen. Eta azken hilabeteetan ez dugu soldatarik jaso». Engainatuta sentitzen dira langileak: «Enpresa ez omen zuten itxiko, baina orain argi gelditu da baietz». Bitartean, asanblea finkoa osatu dute langileek, eta lanik egin gabe daude, baina lanera joan behar dute. Ez badira joaten, lanera ez agertzea leporatu diezaiekete, eta dagozkien eskubideak gal ditzakete. Beraz, [...]
Arduradunaren «kudeaketa txarra» salatu dute langileek, eta engainatuta sentitu direla diote
50 langile baino gehiago ditu Lanbarren industrialdean dagoen Dimp taldeak (Dimp, Molpo eta Oiarplas enpresak), ia 60. Konkurtso Legean sartu da eta arduradunek likidatzeko asmoa dute, ixtekoa. Langileek salatu dute sei hilabete daramatzatela soldatarik kobratu gabe, eta urtebete inguru ordu estren dirua jaso gabe.
Andoni Lopez da enpresako langileetako bat, eta bizi duten egoera azaldu du: «Enpresa hilaren 4an sartu zen Konkurtso Legean. Hilaren 12an, gurekin bilera egin zuten enpresako arduradunek, eta esan ziguten ez zutela enpresa ixteko asmorik».
Joan den asteartean, baina, enpresa itxiko zutela esan zieten: «Likideziarik ez dutela esan digute, eta ez digutela ordainduko, baina iaz 9 milioi euroko irabaziekin itxi zuten urtea». Ez dute ulertzen, beraz, egungo egoera.
Kudeaketa eskasa
«Kudeaketa txarra» egotzi diote egungo arduradunari: «Lehen, aitak eramaten zuen enpresa, baina duela bi urte alabak hartu zuen. Ordutik, irregularki kobratzen hasi ginen. Eta azken hilabeteetan ez dugu soldatarik jaso».
Engainatuta sentitzen dira langileak: «Enpresa ez omen zuten itxiko, baina orain argi gelditu da baietz».
Bitartean, asanblea finkoa osatu dute langileek, eta lanik egin gabe daude, baina lanera joan behar dute. Ez badira joaten, lanera ez agertzea leporatu diezaiekete, eta dagozkien eskubideak gal ditzakete. Beraz, Dimpen daude, «enpresaren aldetik erantzun bat jaso arte».
Dagokiena eskatzen dute: «Guk gure soldata kobratu nahi dugu, eta bota gaitzatela; izan ere, egoera honetan gauden bitartean, ezin dugu beste lan batean hasi, ez ezer egin».
Beste enpresei eragina
Dimpen plastikoa lantzen dute. Moldeak egiten dituzte, eta injekzioa da beste lanetako bat. Hainbat enpresarentzat egiten zuen lana orain arte, esaterako, Vigoko (Galizia) auto fabrika batentzako.
Dimp gelditzeak hainbat enpresari eragin diezaioke, eta horrek beste hainbat langile kale gorrian uztea ekarriko luke. Irtenbidea lehenbailehen nahi dute.