PSE-EEren iritziz, Bilduren gobernuaren lehen urtea «kaskarra» izan da
Gobernu planik ez edukitzea egotzi dio PSE-EEko Mikel Antxon Arrizabalagak gobernu taldeari Lezoko PSE-EEk legegintzaldiaren balantzea egin du, eta nota jarri dio Bilduren udal gobernuaren kudeaketari: «Zero, edo zero azpitik, hondakinen gaia kontuan hartzen badugu». Aurreko gobernu taldearekin aldaketarik ez dagoela zehaztu du Mikel Antxon Arrizabalaga Lezoko zinegotzi bakarrak: «Betiko ezker abertzalea da, hauteskunde marka ezberdinarekin, eta pertsona ezberdinak diren arren, jarraikortasun politiko osoa dago». Horrela, gobernu planik ez izatea egotzi dio Bilduri, eta lau urterako plan ekonomiko bat egitea eskatu die, «gainera, 2012ko aurrekontuetan esan daiteke inbertsioa zerora jaitsi dela». Arrizabalagaren ustez, udal gobernuak egin duen «gauza bakarra» nahasmena sortzea izan da. «Oiartzungo Udaltzaingoarekin egindako patruila bateratua bezalako okurrentzia izan zuten. Urteetan dirua galdu ondoren, Ertzaintzari utzi diote zerbitzua, orain dela urteak egin behar zuten zerbait denean», esan du. «Inkoherentziak» ere gaitzetsi ditu PSE-EEren zinegotziak: «Musika eskolako hainbat irakasleren dedikazioa jaitsi dute, udaltzainen gaueko zerbitzua kentzeagatik konpentsatzeko. Zerbitzua eskaintzen ez bada, ez da ordaintzen. Gauza bera esan dezakete musika eskolako irakasleek». Horren atzean arrazoi bat dagoela uste du: «Mesede sindikalak ordaintzeko balio izan du». Austeritaterik ez Kale argiteriarekin izandako afera ere izan du hizpide. «Kale batzuetako farolak itzaltzea ateraldia izan da», adierazi du, eta eraginkortasun energetikoko plana egiteko eskatu [...]
Gobernu planik ez edukitzea egotzi dio PSE-EEko Mikel Antxon Arrizabalagak gobernu taldeari
Lezoko PSE-EEk legegintzaldiaren balantzea egin du, eta nota jarri dio Bilduren udal gobernuaren kudeaketari: «Zero, edo zero azpitik, hondakinen gaia kontuan hartzen badugu». Aurreko gobernu taldearekin aldaketarik ez dagoela zehaztu du Mikel Antxon Arrizabalaga Lezoko zinegotzi bakarrak: «Betiko ezker abertzalea da, hauteskunde marka ezberdinarekin, eta pertsona ezberdinak diren arren, jarraikortasun politiko osoa dago».
Horrela, gobernu planik ez izatea egotzi dio Bilduri, eta lau urterako plan ekonomiko bat egitea eskatu die, «gainera, 2012ko aurrekontuetan esan daiteke inbertsioa zerora jaitsi dela». Arrizabalagaren ustez, udal gobernuak egin duen «gauza bakarra» nahasmena sortzea izan da. «Oiartzungo Udaltzaingoarekin egindako patruila bateratua bezalako okurrentzia izan zuten. Urteetan dirua galdu ondoren, Ertzaintzari utzi diote zerbitzua, orain dela urteak egin behar zuten zerbait denean», esan du. «Inkoherentziak» ere gaitzetsi ditu PSE-EEren zinegotziak: «Musika eskolako hainbat irakasleren dedikazioa jaitsi dute, udaltzainen gaueko zerbitzua kentzeagatik konpentsatzeko. Zerbitzua eskaintzen ez bada, ez da ordaintzen. Gauza bera esan dezakete musika eskolako irakasleek». Horren atzean arrazoi bat dagoela uste du: «Mesede sindikalak ordaintzeko balio izan du».
Austeritaterik ez
Kale argiteriarekin izandako afera ere izan du hizpide. «Kale batzuetako farolak itzaltzea ateraldia izan da», adierazi du, eta eraginkortasun energetikoko plana egiteko eskatu die berriro. Gobernu taldeak joan den astean bertan esan zuen plan hori aurrera eramaten ari zela. Hala ere, gastuan apaltzearekin bat datorrela jakinarazi du, «baina badaude gauzak egiteko beste modu bat». Horrela, diru laguntzetan austeritaterik ez dagoela iritzi du, eta gai batzuetan udalaren eskumenaren kanpo dauden gauzak babesten dituela salatu du , «Pasaia-Lezo Lizeoa edo Udalbiltzari emandako laguntza alderdikoia».
Horrez gain, ongizatearen arloan ere kritikarik ez da falta izan. Apartamendu tutelatuekin zer gertatzen ari den galdetu du, «erdi hutsak daudelako». Eta galdera bat egin du zinegotzi sozialistak: «Egia al da, batzuek esaten duten moduan, adineko jendeak ez duela apartamenduetara joan nahi aldapa baten goialdean daudelako?». Eguneko Zentroak itxita jarraitzen duela gogorarazi du: «Ez dago datarik hori irekitzeko. Hori irekitzeko eskumena aldundiarena da. A ze kasualitatea, biak alderdi berekoak dira!»
Atez atekoa, «gai izarra»
Atez ateko hondakinen bilketa ere izan du hizpide Arrizabalagak. «Legegintzaldiko gai izarra da. Lezoar gehienak kontra dauden arren, Bilduk sistema hori inposatu nahi du. Horretarako ez dago austeritaterik, ez elkarrizketarik, ezta herritarren parte hartzerik». Bosgarren edukiontziaren alde egin du, «merkeagoa, erosoagoa eta bestea bezain eraginkorra delako».

