Behobian ibaia dragatzea exijitu dute, “zerbait larria gertatu baino lehen”
Ez da berritasuna, baina atzo goizean ere marroi kolorekoa iritsi zen Bidasoa ibaia Behobia auzora. Biriatuko lurren paretik hasita pilatutako lohiak hainbat metro igo du ibaiaren zero kota, eta, itsasbeherarekin, erabat lokazten da ibaiko ura. Egoera ohikoa bilakatu da, eta “nazkatuta”, herenegun arratsean prentsaurrekoa eman zuten auzoko hainbat eragilek, ibaia draga dezaten exijitzeko. Behobiako Auzo Elkartea, auzoko merkatarien elkartea, Behobia Kirol Elkartea, Santiagotarrak Arraun Elkartea, Irungo Hiritarren Foroa eta Oiasso 2000 Auzotarren Elkarteak sinadura bilketa hasi dute, “irundarren babesa eskatzeko”. Behobiako Auzo Elkarteko presidente Paco Martinezek azaldu zuenez, “orain arte erakundeek ez digute kasurik egin, eta sinadurekin indarra hartu nahi dugu, erakundeetara babes handiagorekin joateko”. Asteartean denen bistara dauden datu batzuk eman zituzten: “Itsasbeherarekin usaina jasanezina da, eta ura txokolate kolorekoa izaten da askotan; gainera, dagoeneko Faisaien irlara oinez joan daiteke”. Baina behobiarrak kezkatzen dituena itsasgora da, duela hiru urte uholde larriak izan zirelako itsasaldi horretako egun batean, eta urtetik urtera “sustoak ematen jarraitzen” duelako: “Aurten bost aldiz atera gaituzte goizaldean etxetik, garajeak eta komertzioak husteko”, salatu zuen Martinezek. Javier Martinez Musku-k ondo ezagutzen du Bidasoa ibaiak itsasoarekin partekatzen duen azken zatia, bertan entrenatzen baitira bera presidente duen Santiagotarrak klubeko kirolariak. Zubia baino lehenagotik sedimentuak pilatu direlako, zero kota azken [...]
Ez da berritasuna, baina atzo goizean ere marroi kolorekoa iritsi zen Bidasoa ibaia Behobia auzora. Biriatuko lurren paretik hasita pilatutako lohiak hainbat metro igo du ibaiaren zero kota, eta, itsasbeherarekin, erabat lokazten da ibaiko ura. Egoera ohikoa bilakatu da, eta “nazkatuta”, herenegun arratsean prentsaurrekoa eman zuten auzoko hainbat eragilek, ibaia draga dezaten exijitzeko.
Behobiako Auzo Elkartea, auzoko merkatarien elkartea, Behobia Kirol Elkartea, Santiagotarrak Arraun Elkartea, Irungo Hiritarren Foroa eta Oiasso 2000 Auzotarren Elkarteak sinadura bilketa hasi dute, “irundarren babesa eskatzeko”. Behobiako Auzo Elkarteko presidente Paco Martinezek azaldu zuenez, “orain arte erakundeek ez digute kasurik egin, eta sinadurekin indarra hartu nahi dugu, erakundeetara babes handiagorekin joateko”.
Asteartean denen bistara dauden datu batzuk eman zituzten: “Itsasbeherarekin usaina jasanezina da, eta ura txokolate kolorekoa izaten da askotan; gainera, dagoeneko Faisaien irlara oinez joan daiteke”. Baina behobiarrak kezkatzen dituena itsasgora da, duela hiru urte uholde larriak izan zirelako itsasaldi horretako egun batean, eta urtetik urtera “sustoak ematen jarraitzen” duelako: “Aurten bost aldiz atera gaituzte goizaldean etxetik, garajeak eta komertzioak husteko”, salatu zuen Martinezek.
Javier Martinez Musku-k ondo ezagutzen du Bidasoa ibaiak itsasoarekin partekatzen duen azken zatia, bertan entrenatzen baitira bera presidente duen Santiagotarrak klubeko kirolariak. Zubia baino lehenagotik sedimentuak pilatu direlako, zero kota azken urteotan hainbat metrotan hazi dela esan zuen Muskuk: “Irla parera iristean batzuetan piraguistek ontzitik jaitsi eta oinez pasatu behar dute. Edozein egunetan uholde handi bat izan daiteke eta, duela hiru urte ez bezala, kalteak pertsonalak ere izan daitezke”.
Erakundeen erantzunik ez
Auzo elkarteko buruaren esanetan, hainbat aldiz jo dute erakundeetara, baina erantzunik ez dute izan. “Udalera joan ginen, eta Eusko Jaurlaritzaren ardura dela esan ziguten, Kostaldea arlokoa. Bertara jo genuen, eta dragatze lanak garestiegiak zirela esan ziguten, ezin zirela egin”. Baina azken urteetan aurrekonturik ez dutela ikusi esan zuten, “inork ez duelako azterketarik egin”.
Santiagotarrak Arraun Elkarteak San Migel eremua aztertu izan du, Behobiatik zenbait kilometro gorago, ur bizietako arloko piraguistak han aritzen direlako. “Ez da eremu bera, baina ikerketa egin duenaren izen-abizenak eta telefonoa utzi genizkion udalari”. Baina udalak eta Jaurlaritzak ezer egin ez dutelako kexu dira behobiarrak. “Ate batzuk jarri zituzten iaz, baina uholde handi baten aurrean horrek ez du ezertarako balioko”, zehaztu zuen auzo elkarteko presidenteak.
Irundarrei dei egin zien Muskuk, sinadura eman eta behobiarren eskakizunekin bat egin dezaten. “Irundarrok harro gaude gure ibaiarekin, denok dakigu zein ederra den, baina bizkarra emanda bizi gara”, esan zuen.



