San Markoko hondakinen %70 birziklatzeko erabakia txalotu du Eguzkik
San Marko Mankomunitateak hartu dituen azken erabakiak txalotu ditu Eguzki talde ekologistak. Gipuzkoako hamar udalerriren hondakinak kudeatzen dituen mankomunitateak hondakinen birziklatze gutxiengo tasa %70 izan dadin bermatu nahi du, eta hori lortzeko sistemak babestuko ditu, atez atekoa kasu. Joan den ostiraleko batzarrean onartu zuen mankomunitateak hori. Horrela, Lezo zein Pasaiako udalekin elkarlanerako hitzarmena egingo dute %70eko birziklapen tasara iristen diren edozein hondakinen bilketa sistema ezartzeko. Astigarragarekin ere egingo dute.
2013an hiru udalerri horiek bilketa sistema berria ezarriko dutela ondo ikusi du Eguzkik. “Eta Errenteria-Oreretan?”, galdetu dute ekologistek. “Errenteria-Oreretan EAJ-PSE-PP koalizioarekin topo egin dute”, zehaztu dute.
San Marko Mankomunitatearen erabakia “koherentea” dela iritzi du Eguzkik, eta horrekin “ingurumenaren babesa lehenetsi” dutela nabarmendu dute, “errausketaren lobbyak ez bezala”. Esan dutenez, “lobby horrek Zubietako errauste plantarekin 500 milioi euro xahutu nahi zituen, osasun publikoa eta ingurumena arriskuan jarriz”.
San Marko Mankomunitateak hartutako erabakiarekin “eragin handiko ingurumen arazoei” konponbidea jartzeko bidea zabaldu duela uste talde ekologistak. Hondakinen arazoa egungo gizarte mota “hiperkontsumistak” bultzatzen duela esan dute, baita “gainbehera doan eredu sozio-ekonomikoak” ere.
Errausketa versus birziklatzea
Talde ekologistak EAJren diskurtso “sasiekologista” agerian uzteko lanean jarraitzen duela jakinarazi du. Hala, alderdi hori “errausketaren lobbyaren ordezkari nagusia” dela adierazi dute. “EAJ, PSE eta PP birziklatze tasa igotzeko aurrerapausoen kontrakoak dira, jakin baitakite errausketa eta birziklatzea kontrajarriak direla”, gaineratu dute.
Horrela, atez ateko hondakinen bilketa sistema ezartzearen kontra aurrera eramaten ari diren kanpaina gogor salatu du Eguzkik: “Urkulluren alderdia egiten ari dena iruzurra eta azpijokoa da. Pasaiako ustezko 3.000 sinadurak edo Lezon bildu nahi dituztenak errausketaren aldekoak dira, %35 birziklatze tasan geldituta, gainontzekoa errausteko izango litzatekeelako”.
Horregatik, proposamen bat helarazi nahi izan diete hiru alderdi horiei: “Errausketa hain ona bada, zergatik ez dute eskatzen Pasaiako termika birmoldatzea eta Oarsoaldeko hondakin arriskutsu eta toxikoak bertan erretzea? Horrela beste eskualde batzuetara eramatea ekidingo litzateke”.
Gogorarazi dutenez, orain dela hiru urte 35.000 sinadura bildu zituzten errausketaren kontra, eta Eusko Legebiltzarrera eraman. “Zer egin zuen EAJk sinadura haiekin guztiekin? Zaborrontzira bota”, azaldu dute.
PSEri ere jarreraz aldatzeko eskatu dio Eguzkik: “Iritzi publikoa modu artifizialean engainatzeari eta manipulatzeari utzi behar diote, baita Denis Itxasoren jarrera fatalista jarraitzeari ere”. Horrez gain, errausketaren kontra izan zuen jarrerara itzultzeko eskatu diote, “errauste planta Zubietan, Astigarragan, Aritzetan, Gaintxurizketan edo Landarbason egiteko proiektuak iragarri zituztenean bezala”.
Ildo berean, hiru alderdi horiei eskatu diete udalerri bakoitzaren autonomia eta erabakia errespetatzeko.