Jaien itxura hartu du herriak
Ez du lehengo asteko itxura bera herriak. Arropaz aldatu da, eta madalenetako soina jantzi du. Herriko zenbait txokotan jaiak gogora ekartzen dituzten aztarnak topa daitezke, batik bat erdialdetik pasatzean. Foru plazara hurbiltzean, lehenik, sokamuturrerako jarri duten hesia ikus daiteke. Lehen egunetan ez dira ibiliko zezentxoak kalez kale, baina bai, ordea, astelehenean eta asteazkenean, 07:00etan. Goizean goiz jaiki direnen lehen ekintza izango da, eta gehiengoa izango diren gautxorien azkenekoa, ziurrenik. Madalen kalean sartuta, denda baten erakusleihoan txupeteak aurki daitezke, haurrek Xanti eta Maialeni handitzean utzitakoak. Iaz jarri zuten erakusketa, eta aurten errepikatu egin dute. Udaletxean, berriz, madalenetako egitaraua hartzera hurbildu dira egunotan hainbat herritar, eta horrekin batera, Berdintasun Kontseiluak ateratako pegatinak banatu dituzte. Kolore liladuna da, eta mezu argi bat dauka: Jaiak berdintasunean goza. Inguruko tabernetan ere zenbait zapi berde ikus daitezke. Horiek ere festen aztarnetako bat dira; zapi hori erabiliko baita Madalen Bezperan, Kabia Espazio Kreaktiboan egingo duten bazkarirako txartel moduan. 12 euro balio dute, eta Arkaitza zein Sindikato tabernetan eta Iztieta, Niessen, Xenpelar eta Zumardiako kioskotan eros daiteke. Guztira, 320 zapi jarriko dituzte salgai. Gero, partaide guztiek brindisa egingo dute, eta bukatutakoan, txarangarekin Herriko Plazara joango dira 19:00etarako, txupinazorako. Txistulariak Etzi arte itxaron ezin dutenek, berriz, ostiralean izango dute [...]
Ez du lehengo asteko itxura bera herriak. Arropaz aldatu da, eta madalenetako soina jantzi du. Herriko zenbait txokotan jaiak gogora ekartzen dituzten aztarnak topa daitezke, batik bat erdialdetik pasatzean.
Foru plazara hurbiltzean, lehenik, sokamuturrerako jarri duten hesia ikus daiteke. Lehen egunetan ez dira ibiliko zezentxoak kalez kale, baina bai, ordea, astelehenean eta asteazkenean, 07:00etan. Goizean goiz jaiki direnen lehen ekintza izango da, eta gehiengoa izango diren gautxorien azkenekoa, ziurrenik.
Madalen kalean sartuta, denda baten erakusleihoan txupeteak aurki daitezke, haurrek Xanti eta Maialeni handitzean utzitakoak. Iaz jarri zuten erakusketa, eta aurten errepikatu egin dute.
Udaletxean, berriz, madalenetako egitaraua hartzera hurbildu dira egunotan hainbat herritar, eta horrekin batera, Berdintasun Kontseiluak ateratako pegatinak banatu dituzte. Kolore liladuna da, eta mezu argi bat dauka: Jaiak berdintasunean goza.
Inguruko tabernetan ere zenbait zapi berde ikus daitezke. Horiek ere festen aztarnetako bat dira; zapi hori erabiliko baita Madalen Bezperan, Kabia Espazio Kreaktiboan egingo duten bazkarirako txartel moduan. 12 euro balio dute, eta Arkaitza zein Sindikato tabernetan eta Iztieta, Niessen, Xenpelar eta Zumardiako kioskotan eros daiteke. Guztira, 320 zapi jarriko dituzte salgai.
Gero, partaide guztiek brindisa egingo dute, eta bukatutakoan, txarangarekin Herriko Plazara joango dira 19:00etarako, txupinazorako.
Txistulariak
Etzi arte itxaron ezin dutenek, berriz, ostiralean izango dute festen gosea asetzeko aperitiboa. Omenduek oroigarria jasoko dute Zumardian, eta ondoren, VII. Txistulari Kontzertu Nagusia egingo dute.
Errenteriako Txistulariak, Errenteria Musika Kultur Elkarteko Metal boskotea, Ereintza Dantza Taldea, Garrintzi Abesbatza, Imanol Elizasu pianojolea, Andoitz Antzizar trikitilaria, Juan Mari Beltran eta Iñaki Eguren dultzaineroak eta Xenpelar Bertso eskolako kide eta kide ohiek parte hartuko dute. Xabier Vesgak zuzenduko ditu, eta Aitor Gabilondok aurkeztuko du saioa.
Madalenen harira, hainbat udal instalazio itxi egiten dituzte, eta igandean, itxita egongo dira Fanderiako, Galtzarabordako eta Kaputxinoetako kirol instalazioak. Hurrengo egunean, berriz, Galtzarabordako kiroldegia goizez egongo da irekita, 09:00etatik 14:00etara, eta Fanderiako eta Kaputxinoetako Udal Igerilekuek ohiko ordutegia izango dute.
Udala: “Danborrada omentzeak ekarriko du 50. urteurrena denon artean ospatzea”
Jaietan omendua nor izango den erabakitzea lan erraza ez dela izan onartuta, Errenteriako Udalak aurten Alabergako danborrada izatea erabaki du, 50 urte bete dituelako. Horrek, “urteurrena guztion artean ospatzea” ekarriko duela iritzi dio. Txupina botatzeko ohorea izango dute Alabergako danborradaren izenean Maite Hernandez, Mila Urrutia, Josetxo Ule eta Mitxel Blanco Txuri-k.
Udalaren arabera, 50 urteetako ibilbidean danborradak garai berrietara egokitzea lortu du: “Berdintasunaren aldarrikapenak arlo sozialetik sinbolikora salto egitea lortu du, eta horrek ekarri du emakumeen eskubideen konkistan urrats handia, eta Alabergako danborradaren balioa handitzea”. 2005tik parte hartzen dute.
Inkesta: Zer iruditzen zaizkizu madalenak? Parte hartuko duzu jaietan?
Miren Carrera (Oiartzun): “Oiartzunen bizi naiz, baina madalenetan etortzen naiz Errenteriara. Buelta bat eman, giroa ikusi… Etorri izan naizenetan jende asko topatu dut eta giro ona. Aurten ere aterako naiz buelta bat ematera”.
Jose Varela (Errenteria-Orereta): “Ez dut asko parte hartzen madalenetan. Aurten ere ez naiz gehiegi aterako, baina zertxobait bai. Batik bat dantzatzera irtengo naiz. Daukadan adinarekin ezin da askoz gauza gehiago egin”.
Iñaki Manso (Errenteria-Orereta): “Nire herriko jaiak diren arren, lana egitea tokatzen zait duela urte askotatik. Oso gutxi aterako naiz, gauean zertxobait. Lana, lo egin eta geratzen zaidan denboran, orduan aterako naiz kalera”.
Samayoa Cidoncha (Errenteria-Orereta): “Nire lehengusuekin ateratzen gara. Txikiak dira, eta Xanti eta Maialenen atzetik ibiltzen gara, baita buruhandiekin ere. Ama dantzan ibiltzen da, bera ikustera joango gara, eta gero lagunekin, festara”.