Hondakinen kudeaketa jasangarri baten alde lanean jarraitzeko deia egin du Errenteria-Orereta Bizirikek
Hondakinen kudeaketa jasangarri baten alde lanean jarraitzeko deia du Errenteria-Orereta Bizirikek.
Agerraldia egin zuen atzo arratsaldean Errenteria-Orereta Bizirikek Herriko Enparantzan, duela zortzi urte sortu zen leku berean, herriko eragile eta norbanakoek lagunduta. Zortzi urte hauetan egindako lanaren aitorpena egin eta jasotako laguntza eskertzea zen agerraldiaren helburuetako bat, Aitziber Garzia Plataformako kideak azaldu zuen moduan. “Bestea, Orereta-Errenteriako bizilagun guztioi hiri hondakinen kudeaketa jasangarri baten alde lanean jarraitu edo lanean hastera deitzea”, gaineratu zuen. Plataformak dituen zortzi urteetan “hamaika gorabehera” izan direla ere aipatu zuen eta horien artetik bi ekarri zituen gogora Garziak, “txanponaren bi aldeak islatzen dituztelako”. Alde ezkorrean, errausketa defendatzen duten alderdien “jarrera zeken, demagogikoa eta manipulatzailea” kokatu zuen, “alderdi horien estrategia ez baita errausketak beraien ustez izan ditzaken abantailak azaltzera mugatzen, bestelako sistema alternatiboak iraindu, desinformatu eta zentzugabeko alarma piztera baizik”. Alde positiboan berriz, gizarteak gaiaren gainean azaldu duen sentsibilizazio gero eta handiago, sortu diren gizarte eragile berriak eta eremu instituzionalean izan den agertoki aldaketa handia nabarmendu zituen Garziak.
Errenteria-Orereta Bizirik Plataformak orain zortzi urte baino “hobeto gaudela” eta baikorrak izateko arrazoi gehiago daudela onartuta, oraindik lan handia dagoela egiteko nabamendu zuen Horren harira, “ingurumenarekin sentsibilizatuta” dauden herritar zein eragile guztei dei egin die Errenteria-Orereta Bizirik plataformak, aurten sortu den Udal Ingurumen Kontseiluan parte hartzera: “bertan ingurumenarekin zerikusia duten gaien gainean aritzeko aukera dago, eta gaur egungo errealitatea ikusita, hondakinen gaia, lehenengo lerroan izango da”.


