«Eskualdeko industrialdeen etorkizunean izugarrizko kalteak sor ditzake fusioak»
Jaurlaritzak Sprilur-en martxan jarri duen programarekin ez dute bat egiten eskualdeko lau udalek Oarsoaldeko lau udalek ez dute onartzen Eusko Jaurlaritzak Sprilur taldearen bidez martxan jarri duen fusioen programa. Horren bidez, Oarsoaldeko Industrialdea SA elkarte publikoa, Irungo Industrialdea SArekin fusionatuko litzateke (bigarrenak lehena «absorbituko» luke). Udalen arabera, «Oarsoaldeko industrialdeen etorkizunean izugarrizko kalteak sor ditzake fusio horrek». Oarsoaldeko udalen hausnarketa plazaratzeko agerraldia egin zuten atzo Oiartzungo udaletxeko areto nagusian. Bertan izan ziren Fernando Nebreda Oarsoaldea Garapen Agentziako kudeatzailea, Aiora Perez de San Roman Oiartzungo alkatea, Amaia Agirregabiria Pasaiakoa eta Ainhoa Zabalo Lezokoa. Julen Mendoza Errenteriako alkateak ezin izan zuen agerraldian izan, baina esan zutenez, bat egin du alkateen iritziarekin. Atzo goizean, Oarsoaldea agentziako Administrazio Kontseilua eta Bazkideen Batzarra egin zituzten Lezon lau udaletako ordezkariek. Ondoren, han hausnartutakoaren berri eman zuten Oiartzunen. Oarsoaldeko lau udalen ustez, PSE-EEk datorren urteko hauteskundeak ditu buruan, eta gainera, indarrez hartu du erabakia. Kutsu elektorala «Usain elektorala» hartzen diote Oarsoaldeko ordezkariek erabakiari: «PSE-EEko ordezkariek ezer gutxi egin dute Eusko Jaurlaritzan gobernuan egon diren bitartean. Orain, egoera ekonomikoak bultzatuta, aurpegia garbitu nahian ari dira iruzur honekin». Hala, uste dute, helburua euren interesen alde egitea dela: «Industrialdeetako kapitalak batu, eta euren interesekoak diren zenbait egitasmotara bideratu nahi dituzte kapitalak. [...]
Jaurlaritzak Sprilur-en martxan jarri duen programarekin ez dute bat egiten eskualdeko lau udalek
Oarsoaldeko lau udalek ez dute onartzen Eusko Jaurlaritzak Sprilur taldearen bidez martxan jarri duen fusioen programa. Horren bidez, Oarsoaldeko Industrialdea SA elkarte publikoa, Irungo Industrialdea SArekin fusionatuko litzateke (bigarrenak lehena «absorbituko» luke). Udalen arabera, «Oarsoaldeko industrialdeen etorkizunean izugarrizko kalteak sor ditzake fusio horrek».
Oarsoaldeko udalen hausnarketa plazaratzeko agerraldia egin zuten atzo Oiartzungo udaletxeko areto nagusian. Bertan izan ziren Fernando Nebreda Oarsoaldea Garapen Agentziako kudeatzailea, Aiora Perez de San Roman Oiartzungo alkatea, Amaia Agirregabiria Pasaiakoa eta Ainhoa Zabalo Lezokoa.
Julen Mendoza Errenteriako alkateak ezin izan zuen agerraldian izan, baina esan zutenez, bat egin du alkateen iritziarekin.
Atzo goizean, Oarsoaldea agentziako Administrazio Kontseilua eta Bazkideen Batzarra egin zituzten Lezon lau udaletako ordezkariek. Ondoren, han hausnartutakoaren berri eman zuten Oiartzunen.
Oarsoaldeko lau udalen ustez, PSE-EEk datorren urteko hauteskundeak ditu buruan, eta gainera, indarrez hartu du erabakia.
Kutsu elektorala
«Usain elektorala» hartzen diote Oarsoaldeko ordezkariek erabakiari: «PSE-EEko ordezkariek ezer gutxi egin dute Eusko Jaurlaritzan gobernuan egon diren bitartean. Orain, egoera ekonomikoak bultzatuta, aurpegia garbitu nahian ari dira iruzur honekin».
Hala, uste dute, helburua euren interesen alde egitea dela: «Industrialdeetako kapitalak batu, eta euren interesekoak diren zenbait egitasmotara bideratu nahi dituzte kapitalak. Hondarribia eta Irun artean dagoen Zubieta eremuan eraiki nahi duten parke teknologikora, esaterako».
Gainera, eskualdeko ikuspegia baztertzea leporatu diote Sprilurri eta PSE-EEri. Izan ere, berez, Sprilur taldea, egitura industrial berriak sustatzeko sortu zen. Orain, ordea, talde horretako ordezkariek bestelako helburuak dituztela salatu dute.
Oarsoaldekoek, Jaurlaritzak «aitzakia bat» eman diela diote: «Aurreztea». Eurek ere egin dituzte azterketak, eta horien arabera, fusioarekin ez litzateke ia aurreztuko.
Horrez gain, hartutako erabakia indarrez hartutakoa dela diote: «Gipuzkoako Foru Aldundia eta kide garen udalak ez gaituzte kontuan hartu. Desadostasuna agertu dugun bakoitzean, indiferentzia azaldu, eta edonola ere, fusioa egingo zutela adierazi izan digute. Horretarako industialdeen kapitalean duten %51az baliatu dira».
Ondorioz, «Bidasoko egitasmo jakin batzuk aurrera atera ahal izateko», Oarsoaldeari fusioa «inposatu» nahi diotela esan dute.
Horrek «oso ondorio kaltegarriak» izan ditzakeela gogorarazi dute. Oarsoaldeko alkateen ustez, eskualdeko ikuspegia galtzeak, «norabiderik gabe» utz dezake sozietate berria, «eta hori, eskualdeko ekimen publikoko industrialdeen bukaera izan daiteke».
Oarsoaldea galtzaile
Fernando Nebreda Oarsoaldea Garapen Agentziako kudeatzaileak azaldu zuen, gainera, Oarsoaldea izango dela fusioaren galtzaile nagusia. Orain arte, esaterako, Oarsoaldeak diru bat jasotzen zuen, eta horren bidez, hainbat proiektu finantzatzen zituen, udalekin adostuta. Aurrerantzean, «zaku berri batera» joango dira laguntzak, «eta guk ez dakigu zeren arabera hartuko diren finantzazio erabakiak».
Amaia Agirregabiria Pasaiako alkateak nabarmendu zuen, bestalde, udalen erabakitze ahalmena gutxituko dela fusioarekin.
Krisia ekarri duten errezetak
Oarsoaldeko ordezkariei «krisia ekarri duten errezetak errepikatzea» oso larria dela iruditzen zaie: «Krisi ekonomiko larriak bide berriak jorratzea eskatzen du, ildo eta estrategia berriak definitzea. Horretarako, behar-beharrezkoa da ditugun industrialdeen bilakaera zein izan den aztertzea, eta diagnostiko txukuna egitea».
Guztiz bestela jokatu dute Eusko Jaurlaritzako arduradun politikoek, beraien iritziz: «Ez dira gai izan eskualdean eraikita eta berrikuntza beharrean dauden zaharkitutako industrialdeei laguntzeko eta lehiakor bihurtzeko egitasmo bakar bat bultzatzeko».

