Artea hiritarrei hurbiltzeko xedearekin ia bikoiztu egin dute Arteando
Bihar abiatuko da Arteando 2012, Ficoba erakustazokan antolatuko duten Arte Garaikidearen Azokaren bigarren ekitaldia. Hilaren 23ra arte, 50 erakusketari eta 14 Project Room (proiektu gela) bisitatzeko aukera izango da. Guztira, 800 artistaren lanak ezagutu eta erosteko aukera izango dute hala nahi dutenek. Izan ere, hori da Arteandoren xedeetako bat, hots, arte garaikidea poltsiko guztientzako izan daitekeela erakustea. Iaz 7.000 pertsonek bisitatu zuten Arteando, eta zenbaki hori handitzea espero dute antolatzaileek; horretarako azokaren tamaina ia bikoiztu eta erakustazokako hiru pabilioietara zabaldu dute. Eskualdeko artisteei dagokionez, Irungo Edelweiss aretoak erakusketaria jarriko du Ficoban, eta Hondarribiko Sagarzazu eta Arman artistek proiektu gela partekatuko dute. Gainera, bi herrietako udalek haien bildumako pieza batzuk erakutsiko dituzte. Irungo postuan Arte-d Irun kolektiboko zenbait artista izango dira; hondakinekin tamaina handiko eskultura bat sortzen ari dira, eta Arteandon erakutsiko dute. Hondarribiko stand-ean, berriz, Jose Grazenearen lanen bilduma txiki bat jarriko dute ikusteko; “Hondarribiko paisaiak koadroetan askotan irudikatu ditu Grazeneak”, azaldu zuen azokaren aurkezpenean Txomin Sagarzazu Hondarribiko Kultura zinegotziak. Bigarren ekitaldirako azokak izan duen hazkundea nabarmendu zuen Ignacio Scarpellini Arteandoko arduradunak: “Bigarren ekitaldi honetan, proposamenen kalitate mailari eta zorroztasunari eusteaz gain, erakusketarien kopurua handitu nahi izan dugu, nazioarteko galerien proposamenak ekarriz, batez ere Frantziako Estatuko eta Europako galerietakoak”. Ingurune [...]
Bihar abiatuko da Arteando 2012, Ficoba erakustazokan antolatuko duten Arte Garaikidearen Azokaren bigarren ekitaldia. Hilaren 23ra arte, 50 erakusketari eta 14 Project Room (proiektu gela) bisitatzeko aukera izango da. Guztira, 800 artistaren lanak ezagutu eta erosteko aukera izango dute hala nahi dutenek. Izan ere, hori da Arteandoren xedeetako bat, hots, arte garaikidea poltsiko guztientzako izan daitekeela erakustea.
Iaz 7.000 pertsonek bisitatu zuten Arteando, eta zenbaki hori handitzea espero dute antolatzaileek; horretarako azokaren tamaina ia bikoiztu eta erakustazokako hiru pabilioietara zabaldu dute. Eskualdeko artisteei dagokionez, Irungo Edelweiss aretoak erakusketaria jarriko du Ficoban, eta Hondarribiko Sagarzazu eta Arman artistek proiektu gela partekatuko dute.
Gainera, bi herrietako udalek haien bildumako pieza batzuk erakutsiko dituzte. Irungo postuan Arte-d Irun kolektiboko zenbait artista izango dira; hondakinekin tamaina handiko eskultura bat sortzen ari dira, eta Arteandon erakutsiko dute. Hondarribiko stand-ean, berriz, Jose Grazenearen lanen bilduma txiki bat jarriko dute ikusteko; “Hondarribiko paisaiak koadroetan askotan irudikatu ditu Grazeneak”, azaldu zuen azokaren aurkezpenean Txomin Sagarzazu Hondarribiko Kultura zinegotziak.
Bigarren ekitaldirako azokak izan duen hazkundea nabarmendu zuen Ignacio Scarpellini Arteandoko arduradunak: “Bigarren ekitaldi honetan, proposamenen kalitate mailari eta zorroztasunari eusteaz gain, erakusketarien kopurua handitu nahi izan dugu, nazioarteko galerien proposamenak ekarriz, batez ere Frantziako Estatuko eta Europako galerietakoak”.
Ingurune estrategikoa
Lehen ekitaldia aurkeztu zutenean antolatzaileek garrantzi handia eman zioten lekuari eta garaiari; udan hainbat jatorritako turistek bisitatzen dute eskualdea, eta Ficoba «Donostia eta Miarritze arteko gune estrategikoa» d ela esan zuten antolatzaileek. Scarpellinirentzat, “Arteando bisitariarentzako interes handiko ekitaldi» bilakatzen ari da, «artera eta bere askotariko adierazpenetara hurbiltzeko”. Hala, Ipar Euskal Herrian promozio handiagoa izango du Arteandoren aurtengo ekitaldiak, “uste baitugu horrelako proiektu turistiko-kulturala oso interesgarria gertatzen dela urte sasoi honetan inguru honetara heltzen diren bisitariarentzat”.
Iaz hogei bat galeria izan ziren Bidasoko Arte Garaikidearen Azokan. Aurten, azoka asko handitu da, baina jatorrizko ezaugarriei bizkarra eman gabe. “Azoka honen helburua sinplea da, batzuek gozatzea beste hainbatek sortzen dutenarekin. Iazko balantzea oso ona izan zen eta ziur nago datozen urteetan azoka egonkortuko dela, eta ekitaldi egoki bat antolatuko dugula, xehea eta ondo egindakoa”, gehitu zuen Scarpellinik.
Ficobako kudeatzaile Ander Sarrateak ere artea udarako ere badela uste du: “Euskal Herrian ez dago Arteandoren gisako azokarik, eta Espainiako Estatuan ere gutxi daude”. Erakustazokako arduraduna pozik agertu zen, uda sasoiko azoka handiena bihurtu baita orain bi urte existitzen ez zen egitasmoa.
Basterretxea omenduko dute
Bihartik hasita, sortzaile berrien zein izen handiko artisten obrak eros daitezke Ficoban: Oteiza, Txillida, Tapies, Miro… Baina horiek sinatutako lanez gain, haien pareko egile bat izango da Arteandon. Antolatzaileek Nestor Basterretxea omentzea erabaki dute. “Euskal artista unibertsala da; Basterretxea, Jorge Oteiza eta Eduardo Txillida Euskal Eskultura Eskolaren oinarria dira, kultur mugimendu liluragarrienetako baten sortzaileak, eta hiruetatik bizirik geratzen den bakarra da Basterretxea”, gogorarazi du Scarpellinik. Iaz hondarribiarraren bi eskultura jarri zituzten pabilioien sarreran, eta aurten bilduma hori osatuko dute, bere obra adierazgarri batzuekin.
Eta aurtengo ekitaldiko beste berritasun handia erakustazokaren kanpoaldean aldatuko duten Eskulturen lorategia izango da, tamaina handiko piezez osaturikoa. Horiek ikusteko, eta askoz gehiago deskubritzeko, heldu den astelehenera arte iraungo du azokak.
Bihar inaugurazio ekitaldia izango da; 19:30ean. Ostiralean arratsaldez irekiko dute bakarrik, 14:00etatik 21:00etara, eta larunbat, igande eta astelehenean 12:00etatik aurrera sartzeko aukera izango da. Sarreraren prezioa 5 eurokoa da, baina haurrek eta 65 urtetik gorakoek ez dute ordaindu beharko.
Arte garaikideko lanak herritar arruntaren eskura jarri nahi dituzte
Arteando diru-zorro guztientzako azoka da. Bertan erakusten diren obrak arte lan orijinalak dira, baina horrek ez du esan nahi hiritar arruntarentzat erostezinak direnik; denetarik dago. Bisitariaren egonaldia errazte aldera, azokaren sarreran katalogoak banatuko dituzte, eta zenbait gomendio ematen dituzte horietan, bisitaldia presarik gabe egitea horien artean: “Hartu denbora pentsatzeko, ea ze obra mota egokitzen den ondoen zure estilora, eta jarrita egongo den lekura. Pentsatu ea obra handi bat edo txiki bat behar duzun, bertikala edo horizontala, eguzkitan egongo den edo toki ilunean, zein kolore dagokizun ondoen, non jarrita egongo den. Har ezazu denbora zure aukeretan pentsatzeko; hartu kafe pixka bat, edo egon lasai jatetxeko terrazan. Zure aukerak aztertu ondoren, begiratu berriz ere zure zerrenda, beste begiez ikusiko duzu!”.
Eta erosteko asmorik ez duenarentzat ere gomendio bat dute Arteandokoek: “Goza ezazu! Artea dibertigarria da! Zirikatzeko eta berotzeko egina dago. Arte azokak sorkuntza sustatzeko daude, eta artearekiko gogoa pizteko, esperientzia bikaina dira”.


