Arteandoren bigarren ekitaldia, hilaren 19tik 23ra
Etzi abiatuko da Arteando 2012, Ficoba erakustazokan antolatuko duten Arte Garaikidearen Azokaren bigarren ekitaldia. Hilaren 23a arte, 25 erakusketari eta hamalau Project Room bisitatzeko aukera izango da. Horiez gain, Irun eta Hondarribiko udalek ha...
Etzi abiatuko da Arteando 2012, Ficoba erakustazokan antolatuko duten Arte Garaikidearen Azokaren bigarren ekitaldia. Hilaren 23a arte, 25 erakusketari eta hamalau Project Room bisitatzeko aukera izango da. Horiez gain, Irun eta Hondarribiko udalek haien bildumako pieza batzuk erakutsiko dituzte. Antolatzaileek nabarmendu dute bigarren ekitaldirako Arteando hazi egin dela: “Bigarren edizio honetan, proposamenen kalitate-maila eta zorroztasunari eusteaz gain, erakusketari kopurua handitu nahi da, nazioarteko galerien proposamenak –bereziki, Frantziako estatuko eta Europako galerietakoak, ekarriz”.
Bigarren ekitaldia probestuz, iazkoa errealitate bihurtu zedin laguntza eman zutenei eskerrak eman dizkiete antolatzaileek: “Irungo eta Hondarribiko Udalen babesa azpimarratu nahi dugu; eta Hendaiako Herriko Etxearen laguntza eta Kutxaren Gizarte Alorraren babesa ere bai. Alfa Arte Fundizioa eta Ficoba osatzen duen taldea ere erabakiorrak izan ziren horrelako proiektu bat martxan jartzeko garaian”.
Aurtengo berritasunetako bat Nestor Basterretxea hondarribiarrari egingo dioten omenaldia izango da. Iaz Basterretxearen bi egur jarri zituzten erakustazokaren pabilioien sarbidean, eta aurten bilduma osatu dute, eta omenaldia egingo diote hondarribiar artista bikainari.

