“Argiteriarekin ere”, PSEk “nahasmena” sortu nahi duela salatu du udalak
Kale argiterian egin diren hainbat itzalketaren harira, “nahasmena” sortzea leporatu dio Lezoko Udal Gobernu Taldeak PSE-EEri. Onartu dute argi batzuk itzali dituztela, baina mantenu lanerako, eta “sekula ez kale oso bat”. Horregatik, Mikel Antxon Arrizabalaga PSE-EEko zinegotziari “gezurretan” aritu izana leporatu dio Ainhoa Zabalo alkateak: “Lezoko PSE-EEk, aurrez beste gai batzuetan egin duen bezala, herritarren artean ezinegona sortu nahi du gobernu taldearen kontra”. Gaineratu duenez, zurrumurruetan oinarritzen da sozialisten akusazioa: “Zerbait entzun dute, baina gurekin harremanetan jarri eta informatu baino lehenago hasi dira gure kontra egiten”. Eneko Lartige Hirigintza, Obra, Zerbitzu eta Ingurumen zinegotziak, berriz, udalak argiteriaren gainean egin duen planaren berri eman du. Horrela, udal eraikinetan zein kanpoko argiterian “oinarrizko planteamendu” bat egin dutela esan du, aurrezteko. Kanpo argiteriari dagokionez, farola batzuk itzaltzen ari direla esan du Lartigek, “bereziki zaharkituta daudenak”. Sozialistari erantzunez, zehaztu du itzali dituzten farolak ez direla “segurtasun eza” sortzen dutenak. Horien artean argi “gehiegi” ematen zituztenak daude, eta betiere itzalketak uztartuak direla zehaztu du. “Sotoak eta leku ilunak itzalketetatik libre uzten saiatzen gara”, gaineratu du. Bestalde, argiteria erregulatzeko plangitza horren barruan ere, Altamirako argi kontsumoa %40 aurrezteko neurgailua jarri dute. Gainera, led sistemako farolak jarri dituzte, merkuriozkoak ordezkatuz. Aurrezteko neurriak Orain dela urte batzuk [...]
Kale argiterian egin diren hainbat itzalketaren harira, “nahasmena” sortzea leporatu dio Lezoko Udal Gobernu Taldeak PSE-EEri. Onartu dute argi batzuk itzali dituztela, baina mantenu lanerako, eta “sekula ez kale oso bat”. Horregatik, Mikel Antxon Arrizabalaga PSE-EEko zinegotziari “gezurretan” aritu izana leporatu dio Ainhoa Zabalo alkateak: “Lezoko PSE-EEk, aurrez beste gai batzuetan egin duen bezala, herritarren artean ezinegona sortu nahi du gobernu taldearen kontra”. Gaineratu duenez, zurrumurruetan oinarritzen da sozialisten akusazioa: “Zerbait entzun dute, baina gurekin harremanetan jarri eta informatu baino lehenago hasi dira gure kontra egiten”.
Eneko Lartige Hirigintza, Obra, Zerbitzu eta Ingurumen zinegotziak, berriz, udalak argiteriaren gainean egin duen planaren berri eman du. Horrela, udal eraikinetan zein kanpoko argiterian “oinarrizko planteamendu” bat egin dutela esan du, aurrezteko.
Kanpo argiteriari dagokionez, farola batzuk itzaltzen ari direla esan du Lartigek, “bereziki zaharkituta daudenak”. Sozialistari erantzunez, zehaztu du itzali dituzten farolak ez direla “segurtasun eza” sortzen dutenak. Horien artean argi “gehiegi” ematen zituztenak daude, eta betiere itzalketak uztartuak direla zehaztu du. “Sotoak eta leku ilunak itzalketetatik libre uzten saiatzen gara”, gaineratu du. Bestalde, argiteria erregulatzeko plangitza horren barruan ere, Altamirako argi kontsumoa %40 aurrezteko neurgailua jarri dute. Gainera, led sistemako farolak jarri dituzte, merkuriozkoak ordezkatuz.
Aurrezteko neurriak
Orain dela urte batzuk kontsumoa %40 jaisteko neurriak hartu bazituzten ere, udalaren eraikin batzuetan, berriz, argi gehiegi zegoela uste zuten udaleko arduradunek. Argi batzuk tokiz aldatu dituzte, eta beste batzuk, berriz, kendu. Horrez gain, udaleko langileei argibide batzuk eman dizkiete argia aurrezteko ohiturekin. Hirigintzako bulegoekin hasi dira, eta hurrengoa Euskara eta Kultura Saila izango dela iragarri du udalak.
Horrekin guztiarekin, argiteriaren eraginkortasuna bilatzen ari direla erantzun dio Lartigek Arrizabalagari. Izan ere, argiterian aurrezteko neurri bakarra farolak izaltzea dela leporatu zion zinegotzi sozialistak gobernu taldeari.
Udalak herritarrei gogorarazi die argi falta somatzen badute, udalari abisua pasatzeko eta “berehala” konponduko dutela.

