Txabarriren lehen olioak
Txitxo Txabarrik azken urteetan margotutako olioak ikus daitezke lehen aldiz Peña kaleko Hazia elkartean. Gertuko askok ez zekiten margotzen zuenik ere Joan den ostiralean Txitxo Txabarri artista irundarrak margotutako olioen erakusketa inauguratu zuten Hazia elkartean. Familia giroan egindako ekitaldia izan zen; han ziren bere emazte eta semea, artistaren lagun eta ezagunak, Haziako bazkideak eta tabernako zenbait bezero. Erakusketa ireki aurretik, Koro Egibar Haziako Kultur Batzordeko kideak aipatu zuen asko zaindu dutela muntaketa, eta nabaria da hori, elkarteko pareten koloreekin bat datozelako koadroak, tonoen arabera multzoka banatuta. Txabarri oso gustura zegoen emaitzarekin: “Oso ondo geratu da, lan txukuna egin dute”. Artista amateurra da Txabarri; amateurra eta berantiarra, duela bederatzi urte hasi baitzen margotzen. “Beti margotu nahi izan dut, baina korrika egiteari utzi nion arte ez nintzen hasi, beno, urte pare bat beranduago, duela bederatzi urte”. Inaugurazio ekitaldira hurbildutako ezagun batzuk harrituta begiratzen zieten Txabarriren koadroei: “Gaur esan didate erakusketa jarri behar zenuela… ez nekien margotzen zenuenik ere!”, esan zion lagun batek artistari. Beretzat egiten du lan, hobe esanda, etxerako: “Erakusketako margo guztiak emaztearenak dira —dio—, norbaitek esaten badit koadro bat egiteko, ba egingo diot, baina hauek ez daude salgai”. Arratsaldetan margotzen duela dio, “arratsaldero bi ordu”, eta bi tekknikatan jarduten duen [...]
Txitxo Txabarrik azken urteetan margotutako olioak ikus daitezke lehen aldiz Peña kaleko Hazia elkartean. Gertuko askok ez zekiten margotzen zuenik ere
Joan den ostiralean Txitxo Txabarri artista irundarrak margotutako olioen erakusketa inauguratu zuten Hazia elkartean. Familia giroan egindako ekitaldia izan zen; han ziren bere emazte eta semea, artistaren lagun eta ezagunak, Haziako bazkideak eta tabernako zenbait bezero. Erakusketa ireki aurretik, Koro Egibar Haziako Kultur Batzordeko kideak aipatu zuen asko zaindu dutela muntaketa, eta nabaria da hori, elkarteko pareten koloreekin bat datozelako koadroak, tonoen arabera multzoka banatuta. Txabarri oso gustura zegoen emaitzarekin: “Oso ondo geratu da, lan txukuna egin dute”.
Artista amateurra da Txabarri; amateurra eta berantiarra, duela bederatzi urte hasi baitzen margotzen. “Beti margotu nahi izan dut, baina korrika egiteari utzi nion arte ez nintzen hasi, beno, urte pare bat beranduago, duela bederatzi urte”. Inaugurazio ekitaldira hurbildutako ezagun batzuk harrituta begiratzen zieten Txabarriren koadroei: “Gaur esan didate erakusketa jarri behar zenuela… ez nekien margotzen zenuenik ere!”, esan zion lagun batek artistari.
Beretzat egiten du lan, hobe esanda, etxerako: “Erakusketako margo guztiak emaztearenak dira —dio—, norbaitek esaten badit koadro bat egiteko, ba egingo diot, baina hauek ez daude salgai”. Arratsaldetan margotzen duela dio, “arratsaldero bi ordu”, eta bi tekknikatan jarduten duen arren, Hazian soilik olioak ikus daitezke: “Plumilla ere egiten dut, baina denbora gehiago ematen diot olio margoketari”.
Bodegoiak, itsasoari lotutako koadroak eta paisaiak ikus daitezke Hazian, Veneziakoak eta gertuagokoak, Irungoak. “Bodegoiak egiten sentitzen naiz erosoen, baina bestelakoak ere egiten ditut. Nire inguruko paisaiek ere arreta pizten didate”. Hala, Hazia ondoko Urdanibia plaza erakusketako bi koadrotan ageri da. Guztira, hogei lan hautatu ditu erakusketarako, eta, etxeko hormetatik hartu dituenez, marko eta guzti ageri dira. Horrek balio erantsia ematen dio Peña kaleko elkarteko erakusketari, lan osatuak direlako.
Txabarriren lehen erakusketa bisitatu nahi duenak igandera arte du aukera, Peña kaleko zortzigarren atarian (Moskun), tabernaren ohiko ordutegian. Hortik aurrera bere etxera joan beharko da, gonbidapenarekin.

