Asiako liztorren beste habia bat topatu dute
Joan den astean Asiako liztorren habia bat kendu zuten udaltzainek Lartzabalgo etxeetan. Udalak gogorarazi duenez, oso arriskutsuak dira liztor horiek bertako ekosistemarentzat, hemengo erleak akabatzen baitituzte. Dagoeneko Errenteria-Oreretan aurkitu...
Joan den astean Asiako liztorren habia bat kendu zuten udaltzainek Lartzabalgo etxeetan. Udalak gogorarazi duenez, oso arriskutsuak dira liztor horiek bertako ekosistemarentzat, hemengo erleak akabatzen baitituzte. Dagoeneko Errenteria-Oreretan aurkitu duten hirugarren habia da Lartzabalgoa. Horiek gehiago ez hedatzeko, udalak tranpak jarri ditu herriko zenbait tokitan, eta horien helburua liztor erreginak harrapatzea da. Tranpekin nahikoa izango ez delakoan, herritarrei ere laguntza eskatu diete, eta norbaitek ikusiz gero, Udaltzaingoarekin harremanetan jartzeko deia egin diete. Horretarako, bi bide dituzte: 943 34 43 43 telefono zenbakira deitu, edo udaltzaingoa@errenteria.net helbidera idatzi.
Laster ugaritzen dira
Asiako liztorrek udaberriko lehen hilabeteetan jartzen dute lehen habia, eta etxeetako balkoietan edo teilatuetan aurki daitezke. Sagar baten tamainakoak izaten dira normalean. Arazoak bigarren habiarekin etortzen dira. Ekaina aldera egiten dute, eta handiagoa izaten da. Horiek zuhaitzetan aurki daitezke, eta erregina beste liztorrekin batera joaten da lehen arrautzak jartzera. Erregina batek 4.000 eta 6.000 arrautz artean jar ditzake. Asiako liztorrak bertakoak baino handiagoak dira tamainaz, eta bistakoa da bien arteko aldea: Asiakoek hanka horiak dituzte, gorputzean kolore hori gutxiago dute, eta beltzagoak dira. Jatorri txinatarra daukaten liztor horiek 2004an agertu ziren lehen aldiz Bordeleko (Okzitania) portuan, eta pixkanaka-pixkanaka hedatzen joan ziren, Euskal Herrira iritsi arte.

