Xanisteban Txirrindulari Sariaren etorkizunarekin kezkatuta dago Lartaun
Aurten proba aurrera ateratzeko konpromisoa hartu du taldeak, baina laguntza behar duela gogorarazi du Krisiak eragina izan du ere Xanisteban Txirrindulari Sarian azken urteotan. Hori dela eta, Lartaun Zikloturista Taldea kezkatuta dago probaren etorkizunarekin. Aurten, aurrera ateratzea lortu dute, baina datozen urteei begira, ez dakite antolatzen jarraitu ahal izango duten. Xanisteban Txirrindulari Saria antolatzen 25 urte daramatza Lartaunek —berez, probak 65. aldia du aurtengoa—. Herriko jaien egitarauaren barruan antolatzen dute beti, «udalaren babesarekin eta herriko eta inguruetako hainbat enpresa, komertzio, jatetxe eta abarren laguntzarekin». Aurten, abuztuaren 5ean izango da (igandea). Azken urteetan, baina, krisia nabaritu dute antolatzaileek, udalaren laguntzen aldetik, batez ere: «Udalak diru murrizketa garrantzitsuak egin ditu herriko jaietako ekitaldi guztietan, baita txirrindulari probari dagokionez ere. 2009an %10 gutxiago jaso genuen, 2010ean %20 gutxiago eta aurten berriz ere %10 gutxiago. Guztira, 2012an udalaren babesa %35 txikiagoa izango da 2008arekin alderatuz». Hori dela eta, udalaren aurtengo laguntzarekin, probaren aurrekontuaren %61 osatuko dute Lartaungo kideek. Horrez gain, diru laguntzak beste arlo batzuetatik lortzea geroz eta zailagoa dela gogorarazi dute. Gainera, Lartaungo kideek nabarmendu dutenez, proba antolatzeko, murriztu ezin dituzten hainbat gastu daude, ez daudenak antolatzaileen eskuetan: «Adibidez, txirrindularien sariak eta dietak, epaimahaiko partaideen gastuak eta federazio eskubideak, horiek Euskal Federazioak finkatzen [...]
Aurten proba aurrera ateratzeko konpromisoa hartu du taldeak, baina laguntza behar duela gogorarazi du
Krisiak eragina izan du ere Xanisteban Txirrindulari Sarian azken urteotan. Hori dela eta, Lartaun Zikloturista Taldea kezkatuta dago probaren etorkizunarekin. Aurten, aurrera ateratzea lortu dute, baina datozen urteei begira, ez dakite antolatzen jarraitu ahal izango duten.
Xanisteban Txirrindulari Saria antolatzen 25 urte daramatza Lartaunek —berez, probak 65. aldia du aurtengoa—. Herriko jaien egitarauaren barruan antolatzen dute beti, «udalaren babesarekin eta herriko eta inguruetako hainbat enpresa, komertzio, jatetxe eta abarren laguntzarekin». Aurten, abuztuaren 5ean izango da (igandea).
Azken urteetan, baina, krisia nabaritu dute antolatzaileek, udalaren laguntzen aldetik, batez ere: «Udalak diru murrizketa garrantzitsuak egin ditu herriko jaietako ekitaldi guztietan, baita txirrindulari probari dagokionez ere. 2009an %10 gutxiago jaso genuen, 2010ean %20 gutxiago eta aurten berriz ere %10 gutxiago. Guztira, 2012an udalaren babesa %35 txikiagoa izango da 2008arekin alderatuz».
Hori dela eta, udalaren aurtengo laguntzarekin, probaren aurrekontuaren %61 osatuko dute Lartaungo kideek. Horrez gain, diru laguntzak beste arlo batzuetatik lortzea geroz eta zailagoa dela gogorarazi dute.
Gainera, Lartaungo kideek nabarmendu dutenez, proba antolatzeko, murriztu ezin dituzten hainbat gastu daude, ez daudenak antolatzaileen eskuetan: «Adibidez, txirrindularien sariak eta dietak, epaimahaiko partaideen gastuak eta federazio eskubideak, horiek Euskal Federazioak finkatzen baititu. Bestalde, medikua, hainbat moto, eta gidarien eta beste laguntzaileen aseguru gastua, segurtasun eskaerak… daude».
Hala ere, Lartaun Zikloturista Taldeko kideek, aurtengo proba aurrera ateratzeko konpromisoa hartu dute: «Laguntzak lortu nahian buru-belarri gabiltza, eta adierazi nahi dugu hainbat enpresa, komertzio, jatetxe eta abarren jarrera ona, bai eta eskertu ere azkeneko urte hauetan lagundu diguten horiei».
Etorkizuna
Egoerak horrela irauten badu, Lartaungo kideek azterketa sakonaren beharra ikusten dute, «eta beharbada, aurtengo lasterketa nola ateratzen den ikusi ondoren, urriko bazkide batzarrean berriz planteatu beharko dugu antolakuntzarekin jarraitu edo ez».

