“Teorian, ez daukat inolako asmorik lana uzteko”
Lanean aritzeko gogoz jarraitzen du, eta ia goizero ibiltzen da Jose Luis Ansorena (Donostia, 1928) Eresbilen, eskatzen dizkioten enkarguak egiten. Azkena, Azkueren doinuak digitalizatzea izan da, Eusko Ikaskuntzak eskatuta.Arratsaldetan, berriz, Donostiako Okendo kaleko Kaputxinoen elizan izaten da meza ematen. Bi horiek dira bere bizitzaren zati nagusiak: erlijioa eta musika. 84 urte dituzu, baina ez zaude geldirik egoteko, ia egunero ibiltzen zara Eresbilen. Zertan? Orain arte Azkueren mila doinutatik gora digitalizatzen ibili naiz, eta guztiak hemen ditut [altxatu egin da ondoko armairuan dituen karpetak erakusteko]. Akoak dira hauek: Zuberoa, Harribia… Zenbat denboran egin duzu lan hori? Azken bizpahiru urteak eman ditut horretan. Finale programarekin aritu naiz. Orain aurretik egindako lanak errepasatzen ari naiz. Apirilean Lorenzo Ondarra hil zen, eta berari buruzko lan bat eskatu zidaten Txistulari aldizkarirako. Manuel Lekuonari buruzko lan bat ere idatzi dut saria lortu ondoren. Lan hori Oarso aldizkarian aterako da, madalenetan. Oraindik lan bat edo beste eskatzen jarraitzen didate. Ordenagailu aurrean ikusten zaitut, zer moduz moldatzen zara teknologia berriekin? Ordenagailuarekin ongi moldatzen naiz, eta baita Finale programarekin ere, beste gauza batzuekin, berriz, ez. Eta ez naiz kezkatu ere egiten, nahikoa ikasi dut. Bizitza lasai bizi dut, eta kitto. Beraz, ez duzu lana uzteko asmorik? Teorian, ez daukat [...]
Lanean aritzeko gogoz jarraitzen du, eta ia goizero ibiltzen da Jose Luis Ansorena (Donostia, 1928) Eresbilen, eskatzen dizkioten enkarguak egiten. Azkena, Azkueren doinuak digitalizatzea izan da, Eusko Ikaskuntzak eskatuta.Arratsaldetan, berriz, Donostiako Okendo kaleko Kaputxinoen elizan izaten da meza ematen. Bi horiek dira bere bizitzaren zati nagusiak: erlijioa eta musika.
84 urte dituzu, baina ez zaude geldirik egoteko, ia egunero ibiltzen zara Eresbilen. Zertan?
Orain arte Azkueren mila doinutatik gora digitalizatzen ibili naiz, eta guztiak hemen ditut [altxatu egin da ondoko armairuan dituen karpetak erakusteko]. Akoak dira hauek: Zuberoa, Harribia…
Zenbat denboran egin duzu lan hori?
Azken bizpahiru urteak eman ditut horretan. Finale programarekin aritu naiz. Orain aurretik egindako lanak errepasatzen ari naiz. Apirilean Lorenzo Ondarra hil zen, eta berari buruzko lan bat eskatu zidaten Txistulari aldizkarirako. Manuel Lekuonari buruzko lan bat ere idatzi dut saria lortu ondoren. Lan hori Oarso aldizkarian aterako da, madalenetan. Oraindik lan bat edo beste eskatzen jarraitzen didate.
Ordenagailu aurrean ikusten zaitut, zer moduz moldatzen zara teknologia berriekin?
Ordenagailuarekin ongi moldatzen naiz, eta baita Finale programarekin ere, beste gauza batzuekin, berriz, ez. Eta ez naiz kezkatu ere egiten, nahikoa ikasi dut. Bizitza lasai bizi dut, eta kitto.
Beraz, ez duzu lana uzteko asmorik?
Teorian, ez daukat inongo asmorik. Orain, ez dakigu inork zer gertatuko zaigun.
Familiatik datorkizu musikarekiko zaletasuna: aita, Donostiako Txistulari Bandako zuzendaria zenuen. Nola igorri zizun zaletasun hori?
Aitak buruan sartuta zeukan gazte guztiek musika ikasi behar zutela, gutxienez, hiru urtez. Ikasketa horiek pertsonen nortasuna osatzen zutela uste zuen. Irizpide horrekin, bederatzi anai-arreba, denak, musika eskolara eraman gintuen. Hor hasi zen zaletasuna.
Zuzendari izan zara, baina baita organista ere.
Bai. Iruñean eskolanian nengoenean partzialki organista nintzen. Partzialki esaten dut, hor ni baino garrantzitsuagoa zen beste bat zegoelako, eta normalean jotzen zuena bera zelako. Zaragozan, bai, han organista titularra izan nintzen, eta are eta gehiago Errenterian.
Organoa utzi al duzu?
Ez dut utzi. Jarraitzen dut jotzen. Okendon, lankide bat izan dugu, Lorenzo Ondarra. Apirilean hil zen, eta ordutik, Okendoko hodi organoan ni naiz organista titular bakarra. Berak bederatzi mezatan jotzen zuen, igandetan. Ni ez nago bederatzi jotzeko.
Sortzaile askotarikoa izan zara: musika erlijiosoa, profanoa, liburuak….
Sormena izan da gehien mugiarazi didana, betebehar bat izan den arren. Ez naiz izan barneko behar batengatik konposatu dudan norbait, baizik eta partitura zehatz bat edo bestea behar nuelako.
Gaztetan erabaki zenuen apaiz izan nahi zenuela. Erlijioa eta musika izan dira zure bidelagunak, beraz.
Aitak uste zuen nik bere lekukoa hartuko nuela txistularitzan, baina kaputxino joan nahi nuela esan nionean, 14 urterekin, ondoeza eragin zion horrek. Bera oso erlijio zalea zen, baina goitik behera erori zitzaizkion niretzat zituen proiektu guztiak. 14 urterekin Altsasuko Kaputxinoen Seminarioan sartu nintzen, handik Hondarribira joan nintzen, Zangotzara gero, Zaragozara, eta azkenik, Iruñeara. Hor bukatu nituen nire erlijio ikasketak. Bitartean, musika ere ikasi nuen.
Nolakoa izan da erlijioa eta musikaren bateratze hori, sormen aldetik?
Altsasuko seminarioan sartu nintzenean irakasleek ez dakit zer ikusi zuten nigan, musikarekiko zaletasun bat edo, eta proposatu zidaten pianoa ikasten jarrai nezala. Aurrerago, berriz, kurtsoko abesbatzaren zuzendari izendatu ninduten. Beraz, erlijioso izateko ikasten ari nintzen bezala, musikaren munduan lan egiten ari nintzen.Oharkabean, bereizezinak egin zitzaizkidan kaputxino eta musikari izatea.
Aita izan ez arren, Andra Mari Abesbatza, Eresbil, Musikaste dira zure seme-alabak. Guraso bati inoiz egin behar zaion galdera da, baina zein da zure harribitxia?
Andra Mari Abesbatza. Erretiroa hartu nuenetik beste zuzendari bat du, Jose Manuel Tife, eta oso ondo eramaten ari da. Bai nire garaian eta baita orain ere, koru handia da. Gainera, Andra Mari Abesbatzari esker sortu nituen Musikaste eta Eresbil, eta beraz, normala da batik bat koruaz harro egotea. Ez diet muzin egiten ere San Antonioko Eskolaniari ezta Zaragozan eduki nuen abesbatzari ere. Andra Mari Abesbatzaren barruan ere, umeentzako Orereta Abesbatza sortu nuen, eta horiek hazten joaten zirelako, tarteko korua sortu nuen, Oinarri, Andra Mari Abesbatzaren oinarria.
Nolatan hasi zineten Andra Mari Abesbatzarekin lanean?
1964tik 1966ra iritsi nintzen Errenteriara, eta garai horretan, egungo eliza [Fatimako parrokia] inauguratzear zegoen, eta erretoreak abesbatza bat sortzeko eskatu zidan. Oso nekatuta nengoen abesbatzekin, eta ezetz esaten nion, baina bera tematu egin zitzaidan. Eta horren aurrean, talde bat sortu nuen elizaren inaugurazioan kantatzeko. Errenteriako abeslari beteranoak etorri zitzaizkidan, beraz, hasiera-hasieratik, eta maila oneko abesbatza osatu genuen, ez nire merituz baizik eta aurretik hezi zituztenen merituz. Eliza inauguratu zen, eta horrenbeste gogorekin kantatu zuten galdetu niela ea jarraitu nahi zuten, eta gehienek baiezkoa eman zuten. Hor jaio zen Andra Mari Abesbatza. Izena Fatimako Andra Mariaren elizatik jaso zuen. Denborarekin Fatima kendu zitzaion. Hala, hasieran parrokiako abesbatza zen hori, pixkanaka koru zibil izatera pasatu zen. Musika zibilaren arloan kontzertu ugari ematen hasi zen.
Dagoeneko haziak daude, nola ikusten dituzu?
Andra Mari eta Eresbil oso ondo hazi direla uste dut. Eresbilek erakunde ofizial guztien babesa dauka, eta dagoen lan taldearekin, dei guztiak, bisitak… perfekzioz egiten dira.
Eta Musikaste?
Musikaste Eresbilen aita da. Andra Mari Abesbatza a capella moduan abesten zuen korua zen, baina urte batean orkestra batekin kontzertu bat egitea bururatu zitzaigun. Halako esperientzia polita izan zen, hurrengo urteko madelenetan berriro errepikatu behar zela esan zutela abeslariek. Hortik proposatu nuen kontzertuen aste bat sortzea. Azkeneko kontzertua sinfoniko-korala izango zen, eta bertan, Andra Mari Abesbatzak Euskal Herriko orkestraren batekin abestuko zuen.
Musikaste nola ari zaio aurre egiten krisiari?
Momentu honetan ez daukat harreman askorik administrazioarekin, baina badakit Musikasteren astean gastuak murriztuz joan direla. Zehazki, bi urte daramatzagu azkeneko kontzertuan ez dela orkestrarik egon. Ez dakit datorren urtean egingo den ala ez, baina orkestrako errejidorea setati dago egitearekin.
Donostian jaioa izan arren, nahikoa errenteriartua zaude, eta udalak berak herriko semetzat hartu zaitu. Zer esanahi daukate horiek zuretzat?
Donostia ni jaio nintzen hiria da, eta maitatzen dut, asko gustatzen zait. Txikitatik asko gustatu izan zait hondartza, arraunean aritzea, txalupa… Errenterian 40 urtez bizi izan naiz, eta horrenbeste eskertzen diot udalari emandako babes guztia, ez zaidala arraroa iruditzen herriko seme izendatu nindutenean donostiar eta errenteriar batera sentitzea.
Sari asko jaso izan dituzu zure ibilbidean zehar. Agian azken hau izan da garrantzitsuena?
Ez nuke jakingo esaten zein izan den garrantzitsuena. Badakit hau izan dela azkena, eta asko eskertzen diot Eusko Ikaskuntzari.
Zer iruditu zaizu ilobak, Jose Inazio Ansorenak, idatzitako biografia?
Bere nortasunaren parte den umore hori biltzen du, ezin zitekeen beste modu batera izan. Beste biografiarekin alderatzen dudanean, nire oso laguna zen Jose Antonio Arana-Martijak idatzia, hura beste estilo batekoa da, serioagoa. Hemen, berriz, txantxa ugari agertzen dira, benetan niri gertatutakoak. Beste bat izango balitz ez lituzke idatziko halako liburu batean.
Zu zeu ere txantxazalea izan zara?
Baietz uste dut. Txisteak kontatzea gustatzen zitzaidan, txantxetan aritzea… Batzuetan besteak gogaitzera iritsi naiz, eta gero barkamena eskatu behar izan dut.

