Arkua eta xakea, madalenetako egitarauko lehen ekintzak
Joan den ostiraletik ikus daiteke madalenetako egitaraua herribizia.errenteria.net webgunean, eta Madalen bezperatik Santiago Egunera arte bost egunez izango diren ekintza guztiak zehaztuta daude bertan. Jaien aurreko ekintzak ere biltzen ditu egitarau...
Joan den ostiraletik ikus daiteke madalenetako egitaraua herribizia.errenteria.net webgunean, eta Madalen bezperatik Santiago Egunera arte bost egunez izango diren ekintza guztiak zehaztuta daude bertan.
Jaien aurreko ekintzak ere biltzen ditu egitarauak, eta asteburu honetan bertan hasiko dira. Larunbatean, arku tiroa izango da protagonista, zehazki, historiaurreko jaurtigailuekin egindako arku tiroa. Landarbasoko zelaietan (Aitzbitarteko haitzuloetan) ibiliko dira tiratzaileak, 11:00etatik aurrera. Aitzbitarteko Lagunak elkarteak antolatu du ekimen hori.
Elkarte horrek, egun berean baina arratsaldez, ekimen gehiago prestatu ditu. Batetik, bultzagailu bidezko jaurtiketa txapelketa, Landarbasoko zelaietan. Bestetik, historiaurreari eta arkeologia esperimentalari buruzko hitzaldia, Añabitarte baserrian. Ondoren, gainera, mahai-ingurua izango da.
Xakea eta arkuak, igandean
Hurrengo egunean, igandean, Gerardo Elkanoren Oroimenezko Taldekako Nazioarteko IX. Xake Torneoa jokatuko dute, Koldo Mitxelena plazan, 09:00etatik 15:00etara, Kultur Sustapen Taldeak antolatuta.
Arku tiro txapelketa izango da berriro, 09:30ean, Landarbasoko zelaietan, baina ez historiaurreko jaurtigailuarekin. 15:30ean banatuko dituzte sariak.
11:00etatik 14:00etara, azkenik, I. Bola Joko Txapelketa egingo dute, Foru plazan.
Aurtengo egitaraua jai batzordeak egin du. Hori prestatzeko bileretan 45 eragilek parte hartu dute. Madalenek 192.200 euroko aurrekontua izango dute.