Ametsa egi bihurtu dute
Herri txapelketa egitea zuen helburu gazte asanbladako eskalada taldeak, joan den larunbatean Kabia Espazio Kreaktiboan antolatu zuen Oreretako I. Bloke Txapelketa Herrikoiarekin. Helburu hori lortu duten zalantzarik ez du eskalada taldeko kide eta txapelketaren antolaketa lanetan aritu den Arkaitz Anzak: “Oreretar askok hartu dutelako parte txapelketan. Datorren urtean antolatuko dugun zalantzarik ez dugu”. Guztira, 79 lagunek eman zuten izena, eta asko izan ziren ikusle gisa hurbildu zirenak. Horren harira, balorazio “oso positiboa” egin du Anzak. “Txapelketan parte hartzeko izena eman duten lagunen kopurua garrantzitsua da zalantzarik gabe, eta oso pozik gaude. Baina horrekin batera, txapelketan parte hartu duten askok mezuak helarazi dizkigute antolakuntzagatik zorionak emanez, eta hori are pozgarriagoa da”, nabarmendu du Gazte Asanbladako eskalada taldeko kideak. Bulderra egi bihurtzen Lagun gutxi batzuk hasitako lanari, beste batzuk gehitu, eta azkenean hamarreko taldea osatu zuten larunbateko txapelketa antolatzeko. Hilabete inguru eman dute txapelketa bera diseinatzen, eta muntaketan, Kabian bertan, astebete aritu direla azaldu du Anzak. Blokeak desmuntatzeko, berriz, bi egun behar izan dituzte; atzo bukatu zuten lan horrekin, eta orain bertako egur zatiak Zabalenea gaztetxera eramango dituzte. Bertan, gelatako batean, bulderra prestatzen ari dira eskalada taldekoak: “Burdinak jarriak ditugu jada, eta orain bloke txapelketarako margotu eta prestatu genituen egurrak bertarako baliatuko [...]
Herri txapelketa egitea zuen helburu gazte asanbladako eskalada taldeak, joan den larunbatean Kabia Espazio Kreaktiboan antolatu zuen Oreretako I. Bloke Txapelketa Herrikoiarekin. Helburu hori lortu duten zalantzarik ez du eskalada taldeko kide eta txapelketaren antolaketa lanetan aritu den Arkaitz Anzak: “Oreretar askok hartu dutelako parte txapelketan. Datorren urtean antolatuko dugun zalantzarik ez dugu”.
Guztira, 79 lagunek eman zuten izena, eta asko izan ziren ikusle gisa hurbildu zirenak. Horren harira, balorazio “oso positiboa” egin du Anzak. “Txapelketan parte hartzeko izena eman duten lagunen kopurua garrantzitsua da zalantzarik gabe, eta oso pozik gaude. Baina horrekin batera, txapelketan parte hartu duten askok mezuak helarazi dizkigute antolakuntzagatik zorionak emanez, eta hori are pozgarriagoa da”, nabarmendu du Gazte Asanbladako eskalada taldeko kideak.
Bulderra egi bihurtzen
Lagun gutxi batzuk hasitako lanari, beste batzuk gehitu, eta azkenean hamarreko taldea osatu zuten larunbateko txapelketa antolatzeko. Hilabete inguru eman dute txapelketa bera diseinatzen, eta muntaketan, Kabian bertan, astebete aritu direla azaldu du Anzak.
Blokeak desmuntatzeko, berriz, bi egun behar izan dituzte; atzo bukatu zuten lan horrekin, eta orain bertako egur zatiak Zabalenea gaztetxera eramango dituzte. Bertan, gelatako batean, bulderra prestatzen ari dira eskalada taldekoak: “Burdinak jarriak ditugu jada, eta orain bloke txapelketarako margotu eta prestatu genituen egurrak bertarako baliatuko ditugu”. Bulderra guztiz eraikitzeko bitartekoak lortzea zen txapelketaren helburua, eta bulderraren helburua, berriz, eskalatzea gustuko dutenei horretarako espazio egokia ematea, “herrian ez dugulako halako azpiegiturarik, are gutxiago euria egiten duenean”, azaldu du gazte oreretarrak. Udan lanean jarraituko dutela zehaztu du, bestalde, eta irailerako bulderra amaitua izango dutela aurreikusi du.
Eskalada taldeak eskerrak eman dizkie txapelketa “posible” egin duten guztiei, “ametsak egi bihurtzen laguntzeagatik”.
Irabazleak
- Neskak, Hasiberriak: Icia Ayan (Galizia)
- Mutilak, Hasiberriak: Josu Arribas (Hernani
- Neskak, Herri mailakoak: Leire Tapia (Donostia)
- Mutilak, Herri mailakoak: Jabier Barbadillo (Galizia)
- Elite maila: Xabier Galdos (Oiartzun)