Herritarrekin batera ‘aaarraun’ eginez, eskultura bat sortuko dute Errenterian
Arraunean ontzia mugitzeko arraunlari guztiek indarra egin behar duten bezala, Errenterian traineru baten zati batekin egindako eskultura osatzeko herritar guztien ahalegina behar dute. Ahalegin horrek helburu zehatz bat dauka: herritarren zein elkarteen arteko harremana eta elkarbizitza sustatzea. Aaarraun proiektuaren barruan egiten ari dira herritarren inplikazioa eskatzen duen ekimen hori. Jon Txasko da proiektu horren atzean dagoen lantaldeko kideetako bat. Kabia Espazio Kreaktiboa izan da proiektu horren abiapuntua eta bilgune horretako Giza-harremanak eta Elkarbizitza lantaldeetako dinamikatik hasi ziren, pixkanaka, ideiak biltzen. Txaskok azaldu duenez, Aaarraun patroiak estropadetan arraunlariei haiek gidatu eta animatzeko botatzen dien oihua da, eta horrek, era berean, euren ahalegina irudikatzen du. Hortik abiatuta proposatu dute ekimena herrian elkarbizitza sustatzeko. Hala, Hibaika Arraun Elkartearen zaharkitutako branka bat —hiru metro ditu— berrituko dute, eta horrekin eskultura bat osatu. Eskultura osatu ahal izateko, latak erabiliko dituzte. Nahikoa da lata bat hartu eta bi puntak guraize batzuekin moztea, xafla bat lortuz. Ondoren, ertzei forma biribildua eman behar zaie, brankari itsatsita joango zaizkion behin betiko eskamak eskuratuz [Herri Bizia webgunean eskamak nola egin erakusten duen bideoa jarri dute]. Azkenean, “Guggenheim itxurako branka” osatuko dutela zehaztu du Txaskok. Elkarte zein herritarrei zabaldu diete deialdia, eta bakoitzari soberan dituzten latak bildu eta ahal dituzten xafla [...]
Arraunean ontzia mugitzeko arraunlari guztiek indarra egin behar duten bezala, Errenterian traineru baten zati batekin egindako eskultura osatzeko herritar guztien ahalegina behar dute. Ahalegin horrek helburu zehatz bat dauka: herritarren zein elkarteen arteko harremana eta elkarbizitza sustatzea. Aaarraun proiektuaren barruan egiten ari dira herritarren inplikazioa eskatzen duen ekimen hori.
Jon Txasko da proiektu horren atzean dagoen lantaldeko kideetako bat. Kabia Espazio Kreaktiboa izan da proiektu horren abiapuntua eta bilgune horretako Giza-harremanak eta Elkarbizitza lantaldeetako dinamikatik hasi ziren, pixkanaka, ideiak biltzen.
Txaskok azaldu duenez, Aaarraun patroiak estropadetan arraunlariei haiek gidatu eta animatzeko botatzen dien oihua da, eta horrek, era berean, euren ahalegina irudikatzen du. Hortik abiatuta proposatu dute ekimena herrian elkarbizitza sustatzeko. Hala, Hibaika Arraun Elkartearen zaharkitutako branka bat —hiru metro ditu— berrituko dute, eta horrekin eskultura bat osatu.
Eskultura osatu ahal izateko, latak erabiliko dituzte. Nahikoa da lata bat hartu eta bi puntak guraize batzuekin moztea, xafla bat lortuz. Ondoren, ertzei forma biribildua eman behar zaie, brankari itsatsita joango zaizkion behin betiko eskamak eskuratuz [Herri Bizia webgunean eskamak nola egin erakusten duen bideoa jarri dute]. Azkenean, “Guggenheim itxurako branka” osatuko dutela zehaztu du Txaskok.
Elkarte zein herritarrei zabaldu diete deialdia, eta bakoitzari soberan dituzten latak bildu eta ahal dituzten xafla gehien egiteko eskatu diete. Guztira, 1.500 inguru beharko dituzte.
Horiek, uztailaren 13tik aurrera bilduko dituzte Kabia Espazio Kreaktiboaren ondoan dagoen platanondoan. Hesi baten barruan topatuko dute traineruaren zatia hara hurbiltzen direnek, eta ondoan jarriko dituzten edukiontzi batzuetan utzi ahal izango du bakoitzak eskultura apaintzeko bere ekarpena.
Bi astez bilduko dituzte xaflak, eta hilaren 28ko senidetze bazkariaren ondoren hasiko dira pixkanaka eskamak jartzen. Hori noizko bukatuko duten eta nola antolatuko diren parte hartzaileen kopuruaren araberakoa izango da.
Beraz, herritar denengana zabaldu dute deialdia, zenbat eta gehiago bildu eskultura lehenago osatzeko. Hala eta guztiz ere, irailaren bukaerarako kalkulatzen dute amaitzea.
Proiektuan parte hartzea bermatzeko asmoz, herriko elkarteengana ere jo dute sustatzaileek, eta gutun bat igorri diete 30 eskama prestatzeko konpromisoa eskatuz.
Behin hiru metroko eskultura erabat osatuta dagoela herriko zein txokotan jarriko duten erabakitzea izango da azkeneko urratsa. Txaskok jakinarazi duenez, ekimenean parte hartu duten guztien artean hartuko dute erabakia.