Chistophorus Alemaniako abesbatzaren emanaldia etzidamu
Andra Mari Abesbatzak bultzatutako elkartrukaketa baten barruan, atzo arratsaldean udalerrira heldu ziren Altensteig herriko (Oihan Beltza, Alemania) Chistophorus Kinder Und Jungendchor Abesbatzako 47 abeslariak. Hamabi eta hamabost urte arteko gazteak...
Andra Mari Abesbatzak bultzatutako elkartrukaketa baten barruan, atzo arratsaldean udalerrira heldu ziren Altensteig herriko (Oihan Beltza, Alemania) Chistophorus Kinder Und Jungendchor Abesbatzako 47 abeslariak.
Hamabi eta hamabost urte arteko gazteak dira, eta atzotik hasita, Andra Mariren harrobiko Orereta Txiki, Orereta eta Oinarri abesbetzetako haur eta gazteekin astebetez egonaldi musikala egingo dute Errenteria-Oreretan.
Ekimenaren barruan, kontzertua antolatu dute etzidamurako, hilak 8, 19:00etan Fatimako Andra Mariaren elizan, eta bertan bakoitzak bere errepertorioa lantzeaz gainera, Richard Straussen Tritsch Tratsch Polkan oinarritutako abestia, Francisco Escuderoren Izar Ederra, eta Eva Ugalderen Kuku Ué abestiak kantatuko dituzte elkarrekin.
Chisthophorus abesbatzako kideak Errenteriako familien etxeetan hartu dituztela zehaztu dute Andra Mariko kideek udalerrian diren bitartean, eta musika elkarrekin lantzeaz gainera, Euskal Herria ezagutzeko aukera ere izango dutela nabarmendu dute, “besteak beste, Hondarribia, Bilbo eta Donostiara egingo dituzte irteerak”.
Abenduan, berriz, Orereta Abesbatza izango dela Alemaniako abesbatzaren gonbidatua jakinarazi du Andra Mari Abesbatzak: “Abenduaren 4a eta 9a artean, Altensteig herrian izango da Orereta abesbatza Gabon kontzertuko gonbidatu gisa elkartruke egitasmoa honi esker”.