Ongi etorri uda!
Udari ongietorria eman zioten joan den larunbatean Altamira auzoan. 150 auzokide inguru elkartu ziren Altzate Auzo Elkartearen egoitzako terrazan. Eguraldia udari dagokiona ez bazen izan ere, euririk bota gabe iraun zuen bazkaldu zuten tarte horretan. ...
Udari ongietorria eman zioten joan den larunbatean Altamira auzoan. 150 auzokide inguru elkartu ziren Altzate Auzo Elkartearen egoitzako terrazan. Eguraldia udari dagokiona ez bazen izan ere, euririk bota gabe iraun zuen bazkaldu zuten tarte horretan.
“Santo Kristoari kandelak jarri genizkiolako ez zuen euririk egin”, esan du, umoretsu, Nahia Mitxelena Altzate Auzo Elkarteko lehendakariak. Eurak izan ziren paella jate erraldoia antolatu zutenak, eta gustura daude antolatu duten gisa horretako lehenengo bazkariarekin. “Giro ikusgarria izan zen egun osoan zehar, eta auzokideak ere oso gustura egon ziren”, gaineratu du.
Paella jatea “erraldoi” gisa definitzea ez da doakoa. Izan ere, 25 kilo arroz erabili zituzten, eta hogeina kilo muskuilu eta otarrainska. Hori guztia prestatzeko 250 jankiderentzako paellera erabili zuten.
Paelleraren gehienezko kopurua baino ehun lagun gutxiago bildu baziren ere, arrakasta izan zen larunbateko bazkaria. Izan ere, auzoaren lau hamarkadetako historian egin den otordurik handiena izan zen.
Gainera, paella jatea egin baino bi egun lehenago kendu zuten izena emateko zerrenda. “Hori egin izan ez bagenu, jende gehiago etorriko litzateke… jendea bazkarira etortzeko gogoarekin gelditu zen”, zehaztu du auzo elkarteko kideak.
Lehen paella jatea azkena ez izatea nahi dute Altzatekoek, eta udari hasiera emateko ekitaldia ohitura bilaka dadila.

