278 langabe gutxiago Bidasoan eta Oarsoaldean
Maiatzaren bukaeratik ekainaren 30era Lanbideko bulegoetan bildu dituzten datuen arabera, epe horretan 278 pertsonatan jaitsi da langabeen kopurua Bidasoan eta Oarsoaldean. Zehazki, 218 herritar gutxiago daude lanik gabe Bidasoan, eta 60 Oarsoaldean. Denera, bi eskualdeen artean 10.924 pertsona daude lanik gabe: 5.249 Oarsoaldean (%14,87) eta 5.675 Bidasoan (%14,69). Orain, beraz, Oarsoaldea da Gipuzkoan langabeen tasarik handiean duen eskualdea, eta bigarrena da Bidasoa. Azken hilabeteetan alderantziz izan da.
Iazko ekainaren bukaerako datuekin alderatuta, ordea, Oarsoaldeko datuak herrialdeko txarrenak dira. Urtebeteko epean %10,46 hazi da langabezia tasa, eta iazko ekainaren 30ean baino 860 langabe gehiago daude. Bidasoan urtetik urterako langabeen kopuruak ere gora egin du, baina kopuru askoz xumeagoan, 60 pertsonatan hain zuzen. 2011ko ekainaren bukaeran 4.752 langabe (%13,40) zeuden Oarsoaldean, eta 5.612 (%14,69) Bidasoan.
Gipuzkoako eskualdeen artean langabezia tasarik txikiena duten eskualdeak Debagoiena eta Urola Kosta dira, %10,38 eta %10,87 hurrenez hurren. Handiena Oarsoaldekoa eta Bidasokoa dira. Gipuzkoan, egun, 44.126 pertsona daude lanik gabe —iazko epe berean 41.474 zuden—, eta tasa %12,57koa da (iaz, 11,64).