Zuketz taberna izan da nagusi pintxo lehiaketan berriz ere
Bigarren urtez jarraian Zuketz taberna izan da presoen aldeko III. Pintxo Lehiaketako irabazlea. Epaimahaiak pintxoaren zaporea eta batik bat, dekorazioa nabarmendu ditu, Herrirak, lehiaketaren antolatzaileak, jakinarazi duenez. Pintxoa lata batean aur...
Bigarren urtez jarraian Zuketz taberna izan da presoen aldeko III. Pintxo Lehiaketako irabazlea. Epaimahaiak pintxoaren zaporea eta batik bat, dekorazioa nabarmendu ditu, Herrirak, lehiaketaren antolatzaileak, jakinarazi duenez. Pintxoa lata batean aurkeztu dute, eta horren barruan, maskor batean itsaskiak sartu dituzte. Pintxo guztiak “itsasoa” gogoratzen zuela azaldu du Herrirak.
Pintxo onena egiteagatik Errenteriako Arte Plastikoetako Xenpelar Udal Eskolaren eskutik, egurrean tailatutako kutxa bat eraman du irabazleak.
Epaimahaiak aurtengo lanen maila altua nabarmendu du, eta parte hartzaileek geroz eta pintxo landuagoak egiten dituztela, hobeto prestatzen dituztela eta horrenbestez, kalitatea hobea dela adierazi du.
Guztira, 22 elkarte zein taberna aurkeztu dira lehiaketara. Joan den urtean, 25 partaide izan ziren. Hala eta guztiz ere, antolatzaileek azaldu dute geroz eta arrakasta handiagoa duela lehiaketak. Hala nola, epaimahaiak bere erabakiaren berri eman ostean, herritarrek pintxoak dastatzeko aukera dute euro baten truke, eta guztiak “segituan” bukatu zirela jakinarazi du Herrirak. Horiek dastatu ahal izateko tiketa erosi behar zuten interesdunek, eta pintxoaz gain, sagardo eta ardoa ere banatu zituzten.
Datorren urtean lehiaketa berriz ere egin nahi dutela jakinarazi dute antolatzaileek.