Patxi Hoyos: “Semeak jarraituko ez balu, pena emango lidake rallyen mundua uzteak”
Kaskoa buruan eta eskuak bolantean 35 urte egin ditu Patxi Hoyosek (Lezo, 1955). Hori uzteko garaia ere heldu zaio, eta semeak, Aitorrek, hartu du bere lekukoa. Behintzat, horrek aukera ematen dio horrenbeste maite duen rallyen munduan jarraitzeko. Zergatik erabaki duzu orain uztea rallyak? Semea parte hartzeko gogoarekin zebilen, eta proposatu zidan hasteko AX auto bat erostea, baina lasterketako bi auto oso garestiak dira. Gainera, ni urte mordoska aritu naiz, eta erabaki nuen nik utzi, eta nire partez bera sartzea. Horrela niretzat ere errazagoa izan da: bera ari denez, nik ere jarraitzen dudalako saltsa horretan, eta gustura nago. Semeak jarraituko ez balu, pena emango lidake. Hori bai, beste bizpahiru urte jarraituko nuke. Orain zertan zabiltza? Semeari laguntzen ari naiz, asistentzian. Autoa prestatzen aritzen naiz, autoa hobetzeko ere gauza batzuk egiten… 35 urte egin dituzu mundu horretan. Nondik etorri zitzaizun zaletasuna? Egia esan, ez dakit. Garai hartan, autoa oso gutxik zeukaten. Nire aitak erosi zuen autoa, baina adin batekin. Nik txikitatik hartu nuen autoarekiko grina, eta hamalau urterekin hasi nintzen gidatzen. Antiguan lan egiten nuen Cervezas El Leonen. Segituan bazkaldu, eta besteen autoak hartu eta derrapeak egiten aritzen nintzen atsedenaldian. Altamiran (zirkuitu deitzen genion), berriz, nire aitaren autoarekin ibiltzen nintzen. Hor Touring [...]
Kaskoa buruan eta eskuak bolantean 35 urte egin ditu Patxi Hoyosek (Lezo, 1955). Hori uzteko garaia ere heldu zaio, eta semeak, Aitorrek, hartu du bere lekukoa. Behintzat, horrek aukera ematen dio horrenbeste maite duen rallyen munduan jarraitzeko.
Zergatik erabaki duzu orain uztea rallyak?
Semea parte hartzeko gogoarekin zebilen, eta proposatu zidan hasteko AX auto bat erostea, baina lasterketako bi auto oso garestiak dira. Gainera, ni urte mordoska aritu naiz, eta erabaki nuen nik utzi, eta nire partez bera sartzea. Horrela niretzat ere errazagoa izan da: bera ari denez, nik ere jarraitzen dudalako saltsa horretan, eta gustura nago. Semeak jarraituko ez balu, pena emango lidake. Hori bai, beste bizpahiru urte jarraituko nuke.
Orain zertan zabiltza?
Semeari laguntzen ari naiz, asistentzian. Autoa prestatzen aritzen naiz, autoa hobetzeko ere gauza batzuk egiten…
35 urte egin dituzu mundu horretan. Nondik etorri zitzaizun zaletasuna?
Egia esan, ez dakit. Garai hartan, autoa oso gutxik zeukaten. Nire aitak erosi zuen autoa, baina adin batekin. Nik txikitatik hartu nuen autoarekiko grina, eta hamalau urterekin hasi nintzen gidatzen. Antiguan lan egiten nuen Cervezas El Leonen. Segituan bazkaldu, eta besteen autoak hartu eta derrapeak egiten aritzen nintzen atsedenaldian. Altamiran (zirkuitu deitzen genion), berriz, nire aitaren autoarekin ibiltzen nintzen. Hor Touring Escuderiakoek ikusi ninduten, eta proposatu zidaten eurekin korritzeko. Eta nik baietz, oso pozik.
Nolakoa izan zen hasiera?
Hasiera oso polita izaten da: gogo asko, gaztetasuna… garaiak ere egokiagoak ziren publizitatea lortzeko. Rallyak ere askoz luzeagoak ziren: abentura eta rallya dena batera. Arratsaldean hasten ginen 15:30-16:00ak inguruan, eta 22:30-23:00ak arte irauten zuten. Gainera, normalean euria tokatzen zen, otsaila bukaeran edo martxoa hasieran egiten zirelako. Pixkanaka ikasten joan nintzen. Lehendabiziko lasterketan Espainiako Txapelketako proba batean parte hartu nuen, eta kolpe bat hartu nuen (autoa irauli eta guzti). Erabat hasiberria nintzen, ez genituen ezta oharrak hartzen ere. Bi ordu egin genituen, autoa irauli, eta etxera. Hortik ikasten hasi ginen, nola prestatu behar zen, tarteak ezagutzen… Gaur egun gazteak ikasita joaten dira, baina garai hartan ez. Pilotuen artean ere oso giro ona zegoen, laguntzeko ere denak prest zeuden. Orain dena erlojuaren kontra egiten da, eta dena abiadura da. Pikeak ere ez dira horren sanoak.
Zein garaipen eskuratu dituzu?
Posturik onenak azken hamar urteetan lortu ditut. 2005ean, Atzeko Kopako txapeldun geratu nintzen eta 2006an, bigarren. Lehengo urtean eta aurrekoan Gipuzkoako txapeldun izan nintzen nire mailan.
Lasterketa bereziren bat gogoratzen duzu?
1986ean Carlos Sainz etorri zen. Getxotik ateratzen ginen, eta Vasco-Navarro Rallya zen, baina Espainiako Txapelketarako puntuagarria. Carlos Sainz irabaztera etorri zen, gero Espainiako Txapelketarako puntuak hartzeko. Ni atera nintzen, beti bezala, zer edo zer egitera. Berezia izan zen, aurreko egunean autoa prestatzen aritu ginelako, eta ez genuelako lorik egin. Zuzenean rallyra joan ginen, eta bigarren gaua egin genuen lorik egin gabe. Arazoak ere izan genituen, eta eguraldi txarra egin zuen. Azkenean, hogeita laugarren-edo geratu ginen, baina oso pozik.
Haatik, momentu txarrik gogoratzen duzu?
Azpeitiako rally batean, ez dut urtea gogoratzen, baina 1990ko hamarkadan, istripu bat izan zen, eta pilotu bat hil zen, 21 urtekoa. Esperientzia horiek txarrak dira, eta beti geratzen zaizu gorputzaldi txarra…
Beldurrik ez zaizu sartzen halako kasuetan?
Beti daukazu beldurra. Abiadura handian ibiltzen gara, eta beti daude sakanak, zuhaitzak… ez da zirkuitu bat bezala; hor ez daukazu segurtasun alderik. Orduko 180 edo 190 kilometroko abiaduran, mendian, zerbait gertatzen bada… abiadura handiak dira. Baina normalki ez dira gertatzen. 35 urtean istripu larri bakarra ikusi dut.
Orain semeak hartu dizu lekukoa. Nola ikusten duzu?
Ondo ikusten dut. Oraindik erritmoa falta zaio, eta esperientzia hartu behar du. Baina buruarekin ikusten dut, eta gauzak ongi pentsatuta egiten ditu. Ez du hartzen merezi ez duen arriskurik.
Zein helburu dauka?
Esperientzia hartzea. Nik esaten diot gutxi gorabehera zein erritmo hartu behar duen hasieran, eta gero, egoeraren arabera, erritmoa handitzen du. Oraindik nik markatzen diot.
Asteburu honetan, Bizkaiko Balkoia Rallya dauka. Zein aukera ditu?
Aukera handirik ez dut uste duenik. Tarte guztiak berriak dira. Orain arte egin dituenetan nire oharrekin joan da, eta hori abantaila da. Oraingoan eurek beraiek hartu dituzte oharrak. 75 autoetatik lehenengo hogeien artean sailkatzen baldin bada, pozik egongo gara.