Betiko kantuen CDa atera du Errenteria Musikalek
Errenteria Musikalek CD berria aurkeztu du: Kantu kantari. Hirrugarren lana du herriko musika eskolak, eta oraingoa, kantu tradizionalekin osatu du. Hamalau abesti ditu, eta 11, pot-pourriak dira, “betiko” 43 kanturekin eginak. Bi abesti be...
Errenteria Musikalek CD berria aurkeztu du: Kantu kantari. Hirrugarren lana du herriko musika eskolak, eta oraingoa, kantu tradizionalekin osatu du. Hamalau abesti ditu, eta 11, pot-pourriak dira, “betiko” 43 kanturekin eginak. Bi abesti berriak dira, eta bat instrumentala.
Alberto Santos Errenteria Musikaleko irakasleak azaldu duenez, disko hori abesti tradizionalak ez galtzeko aurkeztu dute: “Munduko edozein tokitan gure betiko abestiak, Boga boga, Haurtxo txikia, Txantxibiri, besteak beste, kantatu ahal izateko”.
Pot-pourriko abestiak gaiaren arabera banatu dituzte, eta lau multzo egin dituzte: Amatasuna, Herrimina, Errenteriako porrusalda eta Bazkal ostean.
Hori guztia grabatzeko herriko hiru abesbatzaren laguntza izan dute: Garrintzi, Landarbaso eta Orereta. 11 nahasketak Garrintzik egin ditu. “Diskoa herrikoia denez, logikoena da abesbatza herrikoi batek izatea diskoan pisurik handiena”, adierazi du Josetxo Oliveri Garrintziko kideak.
Gainera, aurten, abesbatzak 40 urte betetzen ditu, eta horregatik, azken abestia, Zorionak, berari eskaini diote.
Kutxaren Gizarte Ekintzaren eta Errenteriako Udalaren laguntza ere izan dute diskoa ateratzeko. Bi aldeetako ordezkariek Errenteria Musikal zoriondu dute, nabarmenduz halako abestiak aurkitzea ez dela erraza izaten.
Kantu kantari diskoa denda espezializatuetan erosi ahal izango da, 10 euroren truke.