Herrera Herrira Batzordeak EAJk Ziriza eta Aranzadi Fundazioaren inguruko oharrari erantzun dio. Hasteko herritarren garrantzia nabarmendu du: “Argi izaten jarraitzen dugu udalerri honen lehentasuna herritarrak direla eta bere etorkizuna eraikitzeko hartzen ari diren erabakiak ere bai”. Arduradun politikoek, “eta kasu honetan Nahikari Oterminek [EAJko zinegotzia Pasaiako Udalean]” Herrerarako Antolaketa Proposamena [plenoak onartutakoa] lehentasun bihurtuko balute ongi egingo luketela adierazi dute batzordetik “bereziki Zirizari dagokionez”. “Jakitun gara, horrela bizi izan dugulako urte hauetan, elkarteen eta herritarren artean liskarrak bilatzen dituela onura partikularrak ateratzeko eta EAJri gogorarazi nahi diogu herritarrek argi dutela zer nahi duten etorkizunean Kaiko Herrerarako, eta ez da inondik inora ere ez dator bat alderdi horrek nahi duenarekin”. Batzordeak Zirizaren egungo egoeraren arduradun EAJ egiten du: “Portu Agintaritzarekin elkartu zen udalerri honen aurka eta bere bizilagunen aurka aurreko aldundiko gobernua erabiliz eraikin hori ordenaziotik kanpo uzteko. Herrera Herrirak Zirizari “bai” esaten diola nabarmendu dute erabilera anitzeko ekipamendu bezala, “ezinbestekoa delako gure etorkizun kultural eta sozialerako; eta Aranzadi Fundazioari bai esaten diogu Kaiko Herrerako beste edozein tokitan egoteko, ordezkatzen duenagatik eta ez dugulako inongo zalantzarik gure herriarentzat ona izango dela”. Aranzadiri eurekin borroka egiteko gonbidapena luzatu dio batzordeak.
Goizean Alabortza garbitzen hasi dira hainbat lagun. Bertan pilatutako zikinkeria jaso udaran hondartzaz disfrutatu ahal izateko. Beste hainbat lagun toka egiten egon dira, beste hainbat margotzen eta beste batzuk rokrodromoa egiten.
Hondartza kiroldegia dantzak hartu du egun hauetan. Herriko hiru dantza taldeek euren emanaldia eskainiko dituzte taldekide guztiekin. Ehunka dantzarik hartzen dute parte Dantzaburua ekimenean. Atzo, Pilar Peña dantza eskolako kideek dantzatu zuten (argazkian); gaur, 19:00etatik aurrera Gym Jazz Kuki Garcia dantza eskolako dantzariek emango dute euren emanaldia; eta bihar Carlos Zapirain dantza taldekoek (19:00etan).
Trintxerpe-Illunbe Arraun Klubak 25 urte bete ditu eta zilarrezko urteurrena ospatzeko egun osoko egitaraua prestatu dute. Goizean, artisau azoka ireki dute eta eguerdiko ordubatean klubeko arraunlariak aurkeztu dituzte Serafin Esnaola plazan Manu Maritxalarren laguntzarekin. Arratsaldean, seietatik aurrera, Sagardo Festan murgilduko dira trintxerpetarrak.
Dani Rovira artistak Inmortal de la risa muntaiaren emanaldia ematekoa zen uztailaren 7an, baina udalaren hitzetan “antolakuntzakoak ez diren arazoak direla eta”, ekoizleak saioa bertan behera uztea erabaki du. Emanaldirako sarrerak erosi z...