Fanderiako erreka urik gabe dagoela salatu du Eguzkik
Iazko azaroko uholdeak izan zirenetik sei hilabete pasatu direnean, ingurumenean sortutako kalteak «bere horretan» jarraitzen dutela salatu du Eguzkik. Uholdeek Fanderia inguruan dagoen presa hondatu zutela, haien arrastoak oraindik ibaian bertan i...
Iazko azaroko uholdeak izan zirenetik sei hilabete pasatu direnean, ingurumenean sortutako kalteak «bere horretan» jarraitzen dutela salatu du Eguzkik. Uholdeek Fanderia inguruan dagoen presa hondatu zutela, haien arrastoak oraindik ibaian bertan ikus daitezkeela, eta Fanderiako errotara doan erreka «hustuta» dagoela nabarmendu du talde ekologistak. Horrenbestez, ingurumenarekiko dagoen «utzikeria» salatu eta dagokion arduradunari «egoera ahalik eta azkarren konpontzeko» eskatu dio.
Errekaren biotipoa arriskuan
Hutsik dagoen errekaren arriskuez ohartarazi du talde ekologistak. “Urik gabe, errekaren biotipoa arriskuan dago eta bizirik irauteko behar den ur emaria bermatzeko hartu behar diren neurriak hartzeko”, eskatu du, zehazki.
Udaren etorrerarekin, gainera, egoerak okerrera egingo duela nabarmendu du Eguzkik, “udan izaten diren beroekin errekan urik ez da egoten, eta horrek baldintzak okertuko ditu”. Egoerari lehenbailehen erantzuteko eskatu du azkenik, erreka inguruko bizidunei, bizilagunei eta bertara hurbiltzen diren herritarrei eragingo dielako: “Erakunde publikoek dute ardura eta beraiei dagokie ingurumen arazoak konpondu eta herritarren ongizatea bermatzea”.

