Ehiztarien mozioa atzera bota eta Ulian ehiza debekatzeko erabakia berretsi du udalak
Lepo izan zen atzo Antxoko Kultur Etxea. Han egin zen udalbatzarra, eta gobernu taldea eta oposizioko hautetsiek ez ezik, ehiztari ugari bildu zen plenoa jarraitzera. Eguzki taldeko ekologistak, bestelako herritarrak, eta Aldundiko hainbat ordezkari ere izan ziren bertan, publiko artean. Izan ere, Usoa eta Galepertarrak elkarteek Ulian ehiza berriro baimentzeko eskatuz aurkeztutako mozioa zegoen erabaki beharrekoen artean. Iazko urrian Ulian ehiza debekatzen zuen mozioa onartu zuen udalbatzarrak, Bilduren ekimenez eta Pasaiako Ezkerraren babesaz. Erabaki horrekin Pasaiako Udalak Uliako hiri parkea babesteko apustua egin zuen, Eguzki Talde ekologistaren eskariz. Erabakiak, baina, herriko ehiztarien haserrea piztu zuen, eta orduz geroztik, hainbat protesta burutu dituzte ehiztariek udalak urrian hartutako erabaki haren kontra, azkena atzoko udalbatzarrean. Udalak debekuaren erabakia haien iritzia kontuan hartu gabe hartu duelako kexu agertzen dira ehiztariak, eta hori leporatu zioten behin eta berriz gobernu taldeari atzoko udalbatzarrean. Erabakia beraiekin hitz egin gabe hartu izana da ehiztarien haserrea piztu duena. “Adarra jotzea iruditu zaigu udalaren jarrera. Formetan jokaera penagarria izan da”, salatu zuten. 2009an udalak Uliako ehiza postuen egoera aztertzeko eta horien berri txosten batean jasotzeko akordioa hartu zuela gogoratu zioten gobernu taldeari oposiziotik, eta akordio hori gaindituz, debekuaren alde egin izana leporatu zioten. Izan ere, EAJk, PPk eta PSE-EEk ehiztarien [...]
Lepo izan zen atzo Antxoko Kultur Etxea. Han egin zen udalbatzarra, eta gobernu taldea eta oposizioko hautetsiek ez ezik, ehiztari ugari bildu zen plenoa jarraitzera. Eguzki taldeko ekologistak, bestelako herritarrak, eta Aldundiko hainbat ordezkari ere izan ziren bertan, publiko artean. Izan ere, Usoa eta Galepertarrak elkarteek Ulian ehiza berriro baimentzeko eskatuz aurkeztutako mozioa zegoen erabaki beharrekoen artean.
Iazko urrian Ulian ehiza debekatzen zuen mozioa onartu zuen udalbatzarrak, Bilduren ekimenez eta Pasaiako Ezkerraren babesaz. Erabaki horrekin Pasaiako Udalak Uliako hiri parkea babesteko apustua egin zuen, Eguzki Talde ekologistaren eskariz. Erabakiak, baina, herriko ehiztarien haserrea piztu zuen, eta orduz geroztik, hainbat protesta burutu dituzte ehiztariek udalak urrian hartutako erabaki haren kontra, azkena atzoko udalbatzarrean.
Udalak debekuaren erabakia haien iritzia kontuan hartu gabe hartu duelako kexu agertzen dira ehiztariak, eta hori leporatu zioten behin eta berriz gobernu taldeari atzoko udalbatzarrean. Erabakia beraiekin hitz egin gabe hartu izana da ehiztarien haserrea piztu duena. “Adarra jotzea iruditu zaigu udalaren jarrera. Formetan jokaera penagarria izan da”, salatu zuten.
2009an udalak Uliako ehiza postuen egoera aztertzeko eta horien berri txosten batean jasotzeko akordioa hartu zuela gogoratu zioten gobernu taldeari oposiziotik, eta akordio hori gaindituz, debekuaren alde egin izana leporatu zioten. Izan ere, EAJk, PPk eta PSE-EEk ehiztarien mozioa babestu egin zuten atzo. hala ere, ez zen aurrera atera, Bilduk eta Pasaiako Ezkerrak kontra bozkatu zutelako.
Aldundia eta Eguzki pozik
Aldundiaren izenean, Bilduren diputatu Iñaki Azkaratek hartu zuen hitza: “Batzar Nagusietako Bilduko batzarkideen izenean nago hemen, erabateko babesa emateko Pasaiako Udalaren erabaki soberano honi”, adierazi zuen. Donostiako eta Pasaiako udalek Uliako hiri parkea garatzeko asmoa dutela gogoratu zuen Azkaratek, eta zentzu, horretan, udalaren erabakiak “legitimitate osoa” duela nabarmendu zuen.
Eguzki talde ekologistak ere, poza agertu du udalaren jarrerarengatik. Udalaren koherentzia txalotu du, eta badiaren biziberritzerako Uliako parkearen egitasmoak duen garrantzia nabarmendu.