“Herritarren parte hartzea ekimen askotan txertatu dugu”
Duela urtebete eta egun bat izendatu zuten Errenteriako alkate Julen Mendoza (Errenteria-Orereta, 1978). Aldaketaren alkatetzat jo zuten duela hamabi hilabete, PSE-EEri 28 urteren ostean aginte makila kendu baitzion Bilduk, eta Mendoza hori frogatu nahian dabil lanean. Horrekin batera, duela hamabi hilabete esandakoa berretsi du: “Saiatzen ari gara gobernatzen herri honetako herritar guztientzat, ez soilik bozkatu gintuztenentzat”. 28 urte eta gero gobernu aldaketa izan zen duela urtebete. Urtearen irakurketa egiterakoan, “herritarrekiko gertutasuna eta politika egiteko beste modu bat” aldarrikatu dituzue. Zertan aldatu dira gauzak? Bereziki garrantzia hartu duena izan da politika egiteko beste modu bat jarri dela martxan. Gainera, hori guztia egiten da herritarren parte hartzearen bitartez. Etengabe jarraitzen dugu esaten herritarren parte hartzeak ez duela soilik demokratikoagoa bihurtzen gestioa, baita eraginkorragoa ere. Hor aldaketa nabaria eman da, urte honetan abiatu ditugun ekimen ia gehienetan herritarren parte hartzea txertatu dugulako. Parte hartzea zein erantzun izaten ari da? Espero baino askoz hobea, bai kantitatearen aldetik eta baita aniztasunaren aldetik ere. Talde guztiak oso anitzak dira. Bertan ez gara biltzen Bilduko jendea, Errenteriako herritarrak baizik, eta horrek balio izugarria du. Guztiok batera egiten ari garen hiri bat bihurtzen hasi da Errenteria-Orereta. Zentzu horretan, uste dut asko lortzen ari garela bide horretan: ideia ezberdinak [...]
Duela urtebete eta egun bat izendatu zuten Errenteriako alkate Julen Mendoza (Errenteria-Orereta, 1978). Aldaketaren alkatetzat jo zuten duela hamabi hilabete, PSE-EEri 28 urteren ostean aginte makila kendu baitzion Bilduk, eta Mendoza hori frogatu nahian dabil lanean. Horrekin batera, duela hamabi hilabete esandakoa berretsi du: “Saiatzen ari gara gobernatzen herri honetako herritar guztientzat, ez soilik bozkatu gintuztenentzat”.
28 urte eta gero gobernu aldaketa izan zen duela urtebete. Urtearen irakurketa egiterakoan, “herritarrekiko gertutasuna eta politika egiteko beste modu bat” aldarrikatu dituzue. Zertan aldatu dira gauzak?
Bereziki garrantzia hartu duena izan da politika egiteko beste modu bat jarri dela martxan. Gainera, hori guztia egiten da herritarren parte hartzearen bitartez. Etengabe jarraitzen dugu esaten herritarren parte hartzeak ez duela soilik demokratikoagoa bihurtzen gestioa, baita eraginkorragoa ere. Hor aldaketa nabaria eman da, urte honetan abiatu ditugun ekimen ia gehienetan herritarren parte hartzea txertatu dugulako.
Parte hartzea zein erantzun izaten ari da?
Espero baino askoz hobea, bai kantitatearen aldetik eta baita aniztasunaren aldetik ere. Talde guztiak oso anitzak dira. Bertan ez gara biltzen Bilduko jendea, Errenteriako herritarrak baizik, eta horrek balio izugarria du. Guztiok batera egiten ari garen hiri bat bihurtzen hasi da Errenteria-Orereta. Zentzu horretan, uste dut asko lortzen ari garela bide horretan: ideia ezberdinak batu eta guztien artean herri proiektu bat aurrera ateratzea.
Gutxiengoan osatu duzue gobernua. Zer moduzko harremana izaten ari zarete beste koloretako alderdiekin?
Hasieran nabari zen tentsio puntu bat, baina etengabe saiatu gara hori hausten, eta gauzak normaltasun batera eramaten. Oso denbora laburrean nabaritu genuen egoera aldatzen ari zela. Urte bat pasatu da, eta momentu honetan beste alderdiekin dugun harremana oso ona da. Aurrekontuak eta ordenantza fiskalak onartzea dira horren adibide. Horrek erakusten du politika egiteko modua ere aldatzeko bidean jarri dugula. Ez dugu nahi bataila politikoen eskema horietan kokatu, baizik eta akordioen eskeman. Horretan meritua lidergoan gaudenon eta oposizioan daudenena da.
Horrek azalduko luke, PSE-EEk izan ezik, gainontzeko alderdiak egiten ari diren oposizio lasaia?
Bai. Eta nik uste dut PSE-EE bera ere aldatzen ari dela. Ulertzen dut hasiera batean PSE-EErentzako gogorra zela. 28 urte pasatu zituen gobernuan, eta gogorra zen horrelako aldaketa bat izatea. Hasieran, egia da bera izan ezik gainontzekoak nahiko gertu genituela akordioetara iristeko, baina PSE-EE zantzuak ematen ari da giro horretara batzeko. Adibide gisa jarriko dut udal teknikariek eta alderdi guztiek parte hartu genuen barne prozesu parte hartzailea. Zentzu batean esan dezakegu normalizazio politikoaren bidean urrats garrantzitsua egin dela.
PSE-EEren diskurtsoa batik bat hondakinen bilketa eta kudeaketa sisteman ari da zentratzen. Hondakinen gai hori nola tratatzeko asmoa duzue?
Ingurumen Aholku Kontseiluaren bidez prozesu herritar bat martxan jarri nahi dugu. Iraila aldean hasiko litzateke, ingurumen kontseiluaren barruan bideratuko litzateke, baina auzoetara zabaltzeko asmoa dago; bereziki, eztabaida egoki bat eman dadin, eztabaida tekniko bat. Askotan, interes oso konkretuak daude, eta konkretuki, alderdi bat, kasu honetan, Bildu, desgastatzeko. Hori ez da arduratsua. Hemen eztabaida ez da atez atekoa bai ala ez. Eztabaida da ea birziklatzea betebeharra edo boluntarioa den. Badirudi denok onartzen dugula betebeharra dela. Baina harago joanda, zenbat da birziklatu behar duguna? Horretan uste dut guztiok konpartitzen dugula ahalik eta gehiago, hobe dela. Hor ikusi beharko da zein sistema den bi helburu horiei erantzuten diena. Asmoa da mahai gainean jartzea informazio guztia, gero herritarrek posizio bat har dezaten.
Udalbatzak izango du azken hitza…
Dudarik gabe, baina espero dugu eztabaida hori dagokion terminoetan eramatea. Gainera, esan behar da alderdiak ordezkatuta daudela, askotariko elkarteekin batera, Ingurumen Aholku Kontseiluan. Beraiek ere aukera izango dute kontseiluan zein auzo batzarretan nahi dutena aipatzeko. Gero aholku kontseiluak diktamena egingo luke, plenora eramango litzateke, eta Udalbatzak horren gainean posizio bat hartu.
Eztabaida sortu duen beste gai bat laikotasunaren legea izan da. PSE-EEk herritik kanpo laikotasunaren alde duen jarrera kontuan izanik zer dago horren guztiaren atzean?
Uste dut eztabaida horrek kontraesan handiak sortu dizkiola. Eztabaida askoz zabalagoa da: laikotasuna defendatzen da, ala ez. Norberak posizio bat hartu beharko du laikotasunaren gainean, eta koherentea izan. Ezin dena egin da honaino iritsi laikotasunarekin, eta hemendik aurrera, tradizioa jarri aitzakiatzat. Tradizioa ezin da eskubideen kontra joan. Ziur nago, denbora ez oso luze batean, azkenean denok sartuko garela eztabaida planteatu genuen terminoetan, baita PSE-EE ere.
Aurrera eraman dituzuen proiektuen artean Kabia izan da sonatuena. Nola funtzionatzen ari da?
Bost talde egin ziren, eta bakoitzak bere funtzionamendu propioa dauka: herritarrek daramate, ez da udalak. Momentu honetan ehun lagunetik gora parte hartzen ari dira. Modu egokian funtzionatzen ari dira, eta uda partean ikusiko dira batez ere emaitzak. Gauza bat argi eduki behar da: Kabia ez da lau hilabeterako egitasmo bat, Kabia hasiera bat da. Hemen jartzen dugu irteera bat, hurrengo urteetan proiektu hori handitzen joateko. Hiria egiteko beste modu bat egitea posible dela planteatu dugu, obra handirik gabe.
Beste puntuetako bat abenduan aurkeztu zenuten plan estrategikoa izan da. Zertan da momentu honetan?
Egia da gai hau atzeratzen ari dela, beste gauzen artean prozedura administratiboengatik. Lizitazio fasearen bukaeran gaude, eta espero dugu uztailerako bukatzea, eta plan estrategikoarekin irailean hastea. Zentzu batean, koherentzia guztia hartzen du planteatzen ari garenak, Kabia eta plan estrategikoarekin.
Hori guztia krisi egoera batean eraman behar duzue aurrera. Nola daude udaleko kontuak?
Gaizki, uste dut ez dudala aparteko berririk ematen udaleko kontuak gaizki daudela aipatzerakoan, eta bereziki, jasotzen ditugun berriak geroz eta okerragoak direnean. Foru Funtsaren bilketa ere jaitsi egin da lehen lau hilabeteetan, eta horregatik egoera nahiko zaila aurreikusten dugu. Horrek zer eskatzen digu? Egia da aurrekontuak abenduan onartu genituela, eta oraindik aurrekontu horien gastu kontentzio bat egin behar dugula. Zentzu horretan, arduraz jokatzen ari gara, eta ari garena da gastua eusten, gerora arazorik ez izateko Foru Funtsaren barruko diru kopurua bueltatzeko.
Gastu soziala mantentzea lortu duzue aurten, baina aurrera begira zer?
Gastu soziala ez da ukitzen. Momentu honetan, guk planteatzen dugun kontentzioak, gizarte gastuan ez du ezer ukitzen; ukitzen ditugu beste espazio batzuk, Errenteria Garatuz, kasu. Neurri gogorrak dira guztiak, baina arduraz jokatu nahi badugu, hartu beharrekoak.
Madalenak hurbil daude, eta aurten elkarte zein norbanakoek aukera izan dute jaietako dirua kudeatzeko. Horren gaineko zein balorazio egiten du udalak?
Niretzat oso positiboa da Jai Batzordea bera martxan jarri izana, jarri den moduan gainera. Behingoagatik herri gisa lortu dugu guztiok batera planteatzea nolako madalenak nahi ditugun. Orain arte ez zegoen hausnarketarik, eta une honetan hausnarketa hori egin da, herri bezala.