Elosegi zazpigarren izan da Munduko Kopako lehen proban
Olinpiar jokoetarako bi hilabete baino gutxiago geratzen direnean, Ander Elosegi Santiagotarrak Arraun Elkarteko piraguista irundarrak prestaketarekin jarraitzen du. Joan den asteburuan Munduko Slalom Kopako lehen proba jokatu zuten Cardiffen (Gales), ...
Olinpiar jokoetarako bi hilabete baino gutxiago geratzen direnean, Ander Elosegi Santiagotarrak Arraun Elkarteko piraguista irundarrak prestaketarekin jarraitzen du. Joan den asteburuan Munduko Slalom Kopako lehen proba jokatu zuten Cardiffen (Gales), eta, Frantziako selekziokoak ezik, Londresen konpetituko duten kirolari guztiak izan ziren bertan, baita Elosegi ere. Txapelketako protagonistetako bat haizea izan zen; hala, ostiraleko lehiaketa guztiak bertan behera utzi behar izan zituzten, eta larunbat eta igandeko jaitsieretan ere haizeak eragin handia izan zuen.
C-1ean, Elosegi zazpigarren geratu zen, lau segunduko zigorra jaso eta gero; irundarraren azken denbora 106,69koa izan zen. David Florence britainiarra nagusitu zen (100,46), Alexander Lipatov errusiarra bigarren izan zen (102,08), eta brontzea Alexaner Slafkovsky eslobakiarrarentzat izan zen (102,57).
Emakumeen K-1ean Maialen Chorraut donostiarrak urrea irabazi zuen, Londresen domina bat lortzeko hautagai nagusietako bat dela berretsiz.