Ehun musikarik hartuko dute parte XVII. Musika Banden Alardean
musika banden alardea
EMKE Errenteriako Musika Kultur Elkarteko Musika Bandak antolatuta, Errenteriako XVII. Musika Banden Alardea egingo dute etzidamu. Guztira, bi musika banda eta ehun musikarik hartuko dute parte alardean. Josu Mitxelena EMKE-ko presidenteak eta Aitor Mitxelena musika bandako zuzendariak eman dituzte alardearen gaineko xehetasunak, hura aurkezteko gaur goizean egin duten agerraldian.
Arratsaldeko zazpietan hasiko da alardea. Ordurako kalejira antolatu dute, eta Alfontso XI kalean hasita, Hondarribia Hiria Musika Banda eta Errenteriako Musika Kultur Elkarteko Musika Bandako musikariek erdialdeko kaleak zeharkatuko dituzte eta Foru Plazan amaitu. BertanKontzertua eskainiko dute bi bandek, 20:00etatik aurrera. Aitor Mitxelenak zehaztu duenez, Hondarribiakoak izango dira kontzertua ematen lehenak. Marcelino Amenabarren Arraunlariak pasodoblea, J. Martin Domingoren Lagartijilla pasodoblea, Federico Chuecaren El bateo, eta W. hautvasten Greasse filmeko hainbat zati joko dituzte Alazne Alberdiren zuzendaritzapean.
Ondoren Errenteriakoen txanda izango da eta azken horiek, Andrew Loyd Webberen El Fantasma de la opera musikala eta Bert Appermonten Jericho, lau zatiko pieza joko dute, Aitor Mitxelenaren zuzendaritzapean. Kontzertua amaitzeko, bi musika bandek Marcha Uruñuela eta Agur Jaunak joko dituzte elkarrekin.
Herriari prestigioa eman dion ekimena
Lehenengo alardean lau musika bandek parte hartu zutela gogorarazi du Josu Mitxelenak: “Hurrengoetan hirura jeitsi genuen, eta uste dugu neurri egokia hori dela, ikusgarria delako oso kalejiran nola dabiltzan ikustea”. Krisiaren eraginez, ordea, beraiek ere “murrizketak” egin behar izan dituztela gaineratu du eta azken urte hauetan bi banda izaten dira alardean. Horren harira, eskerrak eman dizkio udalari “ekimena antolatzeko eman digun babesagatik”.
Ekimenak jarraitzaile asko dituela gaineratu du Mitxelenak, herritarren artean zein inguruko herrietan ere: “Izan ere, inguruko herrietatik esperientzia hartu eta martxan jarri izan dute Tolosan eta Hernanin, besteak beste. Irunen ere egin zuten bi urtez eta gerora ez dute gehiago antolatu. Gu aintzindariak izanik, gurea mantendu egin nahi dugu”. Herriari “ospea” ere eman diola alardeak uste du Mitxelenak, “eta asko dira inguruko herrietatik bertara etortzen direnak alardea ikustera”.
Antolatzaileek, herritar guztiak gonbidatu dituzte ekimenarekin bat egin eta “gozatzera”, “jai giroan eta ludikotasunetik egiten dugun ekimenean”.


