Aisia eta historia batuta
Ostiralean kultur elkarte berri bat aurkeztu zuten Irunen: Ondare. Haur eta gazteentzat aisia ekintzak antolatzea du xede, herriko iraganari begiratuta. Hala, buruhandi eta erraldoien konpartsa sortu du, eta elkarteaz gain, lau buruhandi eta bi erraldoi ere aurkeztu zituzten El Pilar ikastetxean. Buruhandiak estreinatu dituzte jada, igandeko Alardealdian; erraldoiak ez, eguraldiagatik. Orain aurkeztu badute ere, urtebeteko ibilbidea du Ondarek, bere presidente Iñigo Mangasek azaldu duen bezala: “Iaz hasi ginen proiektuarekin neskalaguna eta ni, eta gero beste bi lagun hasi ziren gurekin. Konpartsaz gain, haur, gazte eta helduentzako kultur ekintzak egin nahi ditugu”. Mangasek dio Ondare elkarte irekia dela, eta edozeinek eman dezakeela izena. Horregatik, duela aste pare bat bazkide kanpaina hasi zuten: “50 lagun inguru egin dira bazkide eta zuzendaritza zabaldu nahi dugu orain”. Ondare elkarteari buruz gehiago jakiteko bisitatu ondare.es.tl webgunea edo idatzi posta elektroniko helbidera. Aldabeko batailan oinarria Urtarrilean antolatu zuten Inauterietako maskara lehiaketatik buruhandien eta erraldoien konpartsa sortzen eman dute denbora gehien. Sortu dituzten buruhandi eta erraldoiak Aldabe mendiko batailan oinarrituta daude. Lau buruhandi egin dituzte: soldadu frantsesa, irundarra, alemana, eta borrokan zeresan handia izan zuen pertsonaia bat, antortxeroen buru bezala ezagutzen den Mosen Pedro Irizar apaiz oreretarra. Irundarren gudarostea frantsesen kontrako erasoari ekiteko mendian gora zihoan bitartean, [...]
Ostiralean kultur elkarte berri bat aurkeztu zuten Irunen: Ondare. Haur eta gazteentzat aisia ekintzak antolatzea du xede, herriko iraganari begiratuta. Hala, buruhandi eta erraldoien konpartsa sortu du, eta elkarteaz gain, lau buruhandi eta bi erraldoi ere aurkeztu zituzten El Pilar ikastetxean. Buruhandiak estreinatu dituzte jada, igandeko Alardealdian; erraldoiak ez, eguraldiagatik.
Orain aurkeztu badute ere, urtebeteko ibilbidea du Ondarek, bere presidente Iñigo Mangasek azaldu duen bezala: “Iaz hasi ginen proiektuarekin neskalaguna eta ni, eta gero beste bi lagun hasi ziren gurekin. Konpartsaz gain, haur, gazte eta helduentzako kultur ekintzak egin nahi ditugu”.
Mangasek dio Ondare elkarte irekia dela, eta edozeinek eman dezakeela izena. Horregatik, duela aste pare bat bazkide kanpaina hasi zuten: “50 lagun inguru egin dira bazkide eta zuzendaritza zabaldu nahi dugu orain”. Ondare elkarteari buruz gehiago jakiteko bisitatu ondare.es.tl webgunea edo idatzi posta elektroniko helbidera.
Aldabeko batailan oinarria
Urtarrilean antolatu zuten Inauterietako maskara lehiaketatik buruhandien eta erraldoien konpartsa sortzen eman dute denbora gehien. Sortu dituzten buruhandi eta erraldoiak Aldabe mendiko batailan oinarrituta daude. Lau buruhandi egin dituzte: soldadu frantsesa, irundarra, alemana, eta borrokan zeresan handia izan zuen pertsonaia bat, antortxeroen buru bezala ezagutzen den Mosen Pedro Irizar apaiz oreretarra.
Irundarren gudarostea frantsesen kontrako erasoari ekiteko mendian gora zihoan bitartean, Irizarrek 400 gazte eta emakume elkartu zituen, bakoitzak antortxa bana eskuan zuela, eta gaua Erret Bidean eman zuten, etsaiek gudariak bertan zirela pentsa zezaten. Garrantzia handia izan zuten Aldabe mendiko batailan.
Erraldoiak, berriz, alardeko ikur nagusietako bi dira, kapitaina eta kantinera. Mangasen arabera, kapitainari ez diote izenik jarri nahi izan, baina bai kantinerari: “Bagenekien polemikoa izango zela alardeko gaia, eta kontuz ibili nahi izan dugu. Baina kantinerak badu izena, June Aldabe Teileria: June, izenak Junkal esan nahi duelako; Aldabe, mendiaren izenagatik; eta Teileria, buruhandiak nire etxean egin ditugulako, Teileria kalean”.
Ondarek konpartsa zabaltzeko asmoa duen arren, momentuz atseden hartuko du, eta egin duena erakusten hasiko da. Uztailaren 29an Azpeitiara joango dira. Datorren ikasturteari begira, bi erraldoi eta buruhandi batzuk egin nahi dituztela esan du Mangasek.


