Irunek kaleratzeei «stop» esan die
Martxoan hasi zen lanean baino orain aukeztu dute Stop Deshaucios herri mugimenduaren Bidasoko taldea. “Etxebizitza duin bat izateko eskubidearen alde” hiru hilabete daramate lanean eta astero etxerik gabe geratu den pertsona bat iritsi zai...
Martxoan hasi zen lanean baino orain aukeztu dute Stop Deshaucios herri mugimenduaren Bidasoko taldea. “Etxebizitza duin bat izateko eskubidearen alde” hiru hilabete daramate lanean eta astero etxerik gabe geratu den pertsona bat iritsi zaie. Ostiralean Zabaltza plazan prentsaurrekoaren ematen ari zirela hamalaugarren kaltetua hurbildu zitzaien.
Ezerren gainetik gauza bat argi dute Stop Deshaucios taldekoek, Miren Olaetxeak esan bezala: “Kaltetuak ez dira errudunak, biktima hutsak baizik”. Olaetxeak banku eta kutxen «banpirismoa» salatu zuen, kaleratzeekin negozioa egiten dutelako. “Jakina da Kutxabankek bere higiezinen agentzia propioa duela, bertan enkanteetako eraikinak salmentan jartzen dituelarik”, nabarmendu zuen.
Joan den astean Irungo Udalak Stop Deshaucios-ekoek aurkeztutako mozioa onartu zuen ahobatez. Mozioak, “familien kaleratzeek sor ditzaketen ondorioak saihesteko neurriak hartzeko” eta udal taldeen eta Stop Deshaucios taldearen artean lantalde bat eratzeko eskatzen zuen. Taldean udal taldeen deiaren zain daude “kaltetuei lehenbailen lagundu ahal izateko”.
500.000 sinaduraren bila
Kaleratzeei Stop taldeak Herri Ekimen Legegile baten aldeko sinadura bilketa hasi du Espainiako Estatu mailan. 500.000 sinadura bildu behar dituzte azarora bitarte, Diputatuen Kongresuan Prozedura Zibilaren legearen aldaketa aztertzeko.

