Bildu eta Etxerat pozik “garai berrietara egokitutako argazkia” lortu izanagatik
Joan den astean egindako maiatzeko osoko bilkuran euskal presoen aldeko mozioa onartu zuen Udalbatzak, PSE-EE, EAJ, Ezker Batua eta testua aurkeztu zuen Bilduren bozkekin; PP izan zen kontra bozkatu zuen bakarra. Besteak beste, ETAko presoak hurbiltzea, gaixorik daudenak libre uztea, eta presoen kontrako ezohiko neurrien aplikazioa bertan behera uztea eskatzen zuen onartutako mozioak. Bilduk “egoera berriei egokitutako argazkia” lortu nahi zuen mozioarekin, eta argazki hori lortzeagatik pozik agertu dira, bai Bildu, eta bai preso irundarren senideak. Ostiral goizean eginiko agerraldian “oso positibotzat” jo zuten “udala euskal presoen eskubideen alde lerrokatu izana”. Oinatz Mitxelena Bilduren bozeramaileak izan zuen mozioa plenoan defendatzeko ardura, eta lortutako emaitzarekin pozik agertu zen komunikabideen aurrean: “mozioak legeak esaten duena errespetatzea, oinarrizko eskubideak errespetatzea besterik eskatzen ez badu ere, garai berria egonkortu eta aurrera egiteko bideari ateak irekitzen dizkio”. Eskatutakoa aplikatuz gero 200 preso baino gehiago kalera irtengo liratekeela gaineratu zuen Mitxelenak, “gaixoak, hiru laurdenak beteak dituztenak, epaiketarik gabe preso direnak, Parot doktrina aplikatuta daukatenak…”. Maiatzeko plenoan onartutako mozioa iazko abenduan aurkeztu zuen Bilduk, baina beste udal taldeen babesa lor zitekeela ikusita erretiratzea erabaki zuten. Ordutik, beste alderdi guztiekin elkartu izan dira, mozioa lantzeko, eta denekin ados jartzeko aukera izan dute, PP-rekin ezik. Mitxelenaren ustez erakundeak mugitzen [...]
Joan den astean egindako maiatzeko osoko bilkuran euskal presoen aldeko mozioa onartu zuen Udalbatzak, PSE-EE, EAJ, Ezker Batua eta testua aurkeztu zuen Bilduren bozkekin; PP izan zen kontra bozkatu zuen bakarra. Besteak beste, ETAko presoak hurbiltzea, gaixorik daudenak libre uztea, eta presoen kontrako ezohiko neurrien aplikazioa bertan behera uztea eskatzen zuen onartutako mozioak. Bilduk “egoera berriei egokitutako argazkia” lortu nahi zuen mozioarekin, eta argazki hori lortzeagatik pozik agertu dira, bai Bildu, eta bai preso irundarren senideak.
Ostiral goizean eginiko agerraldian “oso positibotzat” jo zuten “udala euskal presoen eskubideen alde lerrokatu izana”. Oinatz Mitxelena Bilduren bozeramaileak izan zuen mozioa plenoan defendatzeko ardura, eta lortutako emaitzarekin pozik agertu zen komunikabideen aurrean: “mozioak legeak esaten duena errespetatzea, oinarrizko eskubideak errespetatzea besterik eskatzen ez badu ere, garai berria egonkortu eta aurrera egiteko bideari ateak irekitzen dizkio”. Eskatutakoa aplikatuz gero 200 preso baino gehiago kalera irtengo liratekeela gaineratu zuen Mitxelenak, “gaixoak, hiru laurdenak beteak dituztenak, epaiketarik gabe preso direnak, Parot doktrina aplikatuta daukatenak…”.
Maiatzeko plenoan onartutako mozioa iazko abenduan aurkeztu zuen Bilduk, baina beste udal taldeen babesa lor zitekeela ikusita erretiratzea erabaki zuten. Ordutik, beste alderdi guztiekin elkartu izan dira, mozioa lantzeko, eta denekin ados jartzeko aukera izan dute, PP-rekin ezik. Mitxelenaren ustez erakundeak mugitzen hasi, eta “presoen eskubideen alde sortzen ari den olatu erraldoiarekin bat egiten hasi dira”.
Sozialistak lehen aldiz alde
Berrikuntza nagusia sozialisten aldetik iritsi zen. Haien izenean, Miguel Angel Paezek gizarteak garai berrian gaudela ulertu duela baieztatu zuen, eta normalizazioa behin betirakoa izateko urratsak emateko garaia dela esan zuen. Hala, mozioko puntu guztien alde agertzeaz gain, ETA erakundearen desagertzeak prozesuarentzat lagungarri litzatekeela iritzi zuen Paezek.
Lehen aldia izan da Irungo PSE-EEren udal taldeak presoen aldeko mozio baten alde egiten duela, eta, hori, gustura hartu dute Bildutik zein Irungo Etxeratetik: “Hilabete askotako lanketa izan da, eta ahalik eta mozio irekiena aurkeztu nahi izan dugu, garai berrietara egokitutako argazkia atera ahal izateko. Alderdi sozialistak emandako urratsa oso positiboa da; guk egindako hausnarketa beraiek ere egiten hasiak direla ikusi da eta asteazkenean eginiko adierazpenarekin aurrera begira lan egiten jarraitzeko borondatea erakutsi dute”, aipatu zuen Bilduren bozeramaileak.
PP dikurtsoaren alde ona
Alderdi Popularra izan zen mozioaren alde egin ez zuen udal talde bakarra. Asteazkeneko oso bilkuran Juana Bengoetxea bozeramailea gogor aritu zen mozioaren, Bilduren eta presoen kontra, baina bere diskurtsoan orain arte esan gabeko gauzak esan zituen; besteak beste, Parot doktrinaren aurka dagoela esan zuen Bengoetxeak, “partida hasi eta gero arauak aldatzea” delako. Gainera, “egunen batean gertatutako guztia izotzean idatzi eta eguzkitara jartzeko” prest agertu zen Bengoetxea, baina gehitu zuen oraindik egun hori ez dela iritsi.
Bilduk PP-ren diskurtsoan alde positiboak ikusi zituen: “Ulertzen dugu beraientzat zaila izango dela konponbidearen alde urratsak ematea, baina, berandu izango bada ere, erabaki hori hartuko dutela uste dugu, eta lanean jarraituko dugu hori horrela izateko”.