Terrazen araudia onartu du Udalbatzak
Atzo iluntzean urteko hirugarren udalbatzarra egin zuen Lezoko Udalak. Guztira, hamalau puntu jorratu zituzten bertan. Horietako batzuk araudiak izan ziren. Hala, tabernetako terrazen eta mahai multzoen araudia onartu zuten, Bilduren aldeko botoekin. PSE eta EAJ abstenitu egin ziren. Mikel Antxon Arrizabalaga zinegotzi sozialistari “gehiegizkoa” iruditzen zaio ordutegia (igandetik ostegunera 00:00ra arte, eta ostiral, larunbat eta jai bezperatan 01:00a arte. Hilerriaren arautegia “paperean” jartzeko ordenantza bozkatu zuten baita ere. Horrela, hilerriak orain arteko funtzionamendua izaten jarraituko du: Astegunetan 20:00ak arte egongo da irekita, eta larunbatetan 13:00ak arte. Horrez gain, lurperaketak egiteko eta errautsetarako arauak finkatu zituzten, Bilduren aldeko botoekin. Uraren kudeaketaren ordenantza boto berberekin atera zen aurrera, baita salmenta ibiltariarena ere. Azken puntu horretan onartu zuten merkatu txikia probatzeko hilabete bateko epea ematea. Gazte lokalen araudian aldaketak egitea ere onartu zuten Udal Gobernu Taldeko kideek. Bittori eremuan bi bizilagunek duten gatazka ere mahai gainean izan zuten. Izan ere, etxe bat eraiki nahi dute bertan, orain dela zortzi urtetik, eta bertako bizilagun batek alegazioak jarri dizkio promotoreari. Hirigintza teknikoak Udalbatzaren esku utzi zuen gaia. Horrela, alegazio horretan, bertako bizilagunak hiru eskakizun egiten ditu. Alde batetik, promotorearen etxea metro bat baxuagoa izatea. Bestetik, bi etxebizitzen arteko distantzia hiru metrokoa izatea eta ez bikoa. [...]
Atzo iluntzean urteko hirugarren udalbatzarra egin zuen Lezoko Udalak. Guztira, hamalau puntu jorratu zituzten bertan. Horietako batzuk araudiak izan ziren. Hala, tabernetako terrazen eta mahai multzoen araudia onartu zuten, Bilduren aldeko botoekin. PSE eta EAJ abstenitu egin ziren. Mikel Antxon Arrizabalaga zinegotzi sozialistari “gehiegizkoa” iruditzen zaio ordutegia (igandetik ostegunera 00:00ra arte, eta ostiral, larunbat eta jai bezperatan 01:00a arte.
Hilerriaren arautegia “paperean” jartzeko ordenantza bozkatu zuten baita ere. Horrela, hilerriak orain arteko funtzionamendua izaten jarraituko du: Astegunetan 20:00ak arte egongo da irekita, eta larunbatetan 13:00ak arte. Horrez gain, lurperaketak egiteko eta errautsetarako arauak finkatu zituzten, Bilduren aldeko botoekin. Uraren kudeaketaren ordenantza boto berberekin atera zen aurrera, baita salmenta ibiltariarena ere. Azken puntu horretan onartu zuten merkatu txikia probatzeko hilabete bateko epea ematea. Gazte lokalen araudian aldaketak egitea ere onartu zuten Udal Gobernu Taldeko kideek.
Bittori eremuan bi bizilagunek duten gatazka ere mahai gainean izan zuten. Izan ere, etxe bat eraiki nahi dute bertan, orain dela zortzi urtetik, eta bertako bizilagun batek alegazioak jarri dizkio promotoreari. Hirigintza teknikoak Udalbatzaren esku utzi zuen gaia. Horrela, alegazio horretan, bertako bizilagunak hiru eskakizun egiten ditu. Alde batetik, promotorearen etxea metro bat baxuagoa izatea. Bestetik, bi etxebizitzen arteko distantzia hiru metrokoa izatea eta ez bikoa. Azkenik, konstruktorak euren finka ez kaltetzea. Banaka bozkatzea erabaki zuten. Horrela, lehenengo puntuari dagokionez, Bilduk alegazioaren alde bozkatu zuen. Bigarrenean, berriz, udalaren eskumena ez izanagatik, ez zuten onartu, Ainhoa Zabalo alkatearen eta Mikel Antxon Agirrezabalagaren ezezko botoekin eta gainontzekoen abstentzioarekin. Azken puntua ontzat eman zuen gobernu taldeak.
Horrez gain, Nafarroa Biziriken mozio bat onartu zuten, koalizio subiranistaren aldeko botoekin. Horrela, Euskal Herriaren memoria historikoa bizirik mantentzeko eta sustatzeko konpromisoa hartu du udalak, Durangoko eta Gernikako 75. urtemugan eta Nafarroako konkistaren milurte erdia bete denean. Hala, Espainiako Estatuari eskatzen diote egindako kaltea onartzea, baita gatazka politikoari konponbidea jartze, besteak beste.