Ohitura osasuntsuak bultzatu dituzte, Artebide programarekin, lau hilabetez
Artebide programaren seigarren ekitaldiaren ondorioak aurkeztu zituzten astearte goizean Zuloaga Etxean. INEM eta Udaleko Prebentzio Zerbitzuaren artean gauzatutako proiektua da Artebide, eta ohitura osasuntsuak bultzatzea izan dute helburu. Programak...
Artebide programaren seigarren ekitaldiaren ondorioak aurkeztu zituzten astearte goizean Zuloaga Etxean. INEM eta Udaleko Prebentzio Zerbitzuaren artean gauzatutako proiektua da Artebide, eta ohitura osasuntsuak bultzatzea izan dute helburu.
Programak iraun duen lau hilabeteetan, lana sustatzeaz gain, prebentzioa ere landu dute, eta garatu dituzten egitasmoak Zuloaga Etxean ikus daitezke.
Ekimenean parte hartu duten langile eta laguntzaileak, Nerea Zuazua Prebentzio Komunitarioko ordezkaria eta Txomin Sagarzazu Kultur arloko zinegotzia izan ziren astearteko itxiera ekitaldian.
Nutrizio aholkuak
Bukatu berri duten seigarren ekitaldian arte sormena eta bizitza osasuntsua lotu dituzte. Gazteei ez ezik, herritar guztiei zuzendu diete ekimena, eta besteak beste, kirol ekintzak egin dituzte Hondarribiko auzo eta zentroetan. Nutrizio aholkuak kontsulta daitezkeen blogak sortu dituzte eta ekintza bitxi bezala, alfonbra urdin bat jarri zuten herriko eskailera mekanikoen ondoan, herritarrak horietatik igotzeko, eta ez eskailera mekanikoetatik.
Bizimodu osasuntsua
Prebentzio Komunitarioko Zerbitzuak hainbat arlotan duela urte batzuk abian jarri zuen lan ildoa da Artebide. Urtero egiten dituzte egitasmoarekin zerikusia duten ekimenak.
Hartara, Txomin Sagarzazuk monitoreen lana goraipatu egin zuen, eta «kalean egindako lana» antzeman egin dela ziurtatu zuen.

