Beira Artistikoaren I. Jardunaldiak egingo dituzte, astelehenean hasita
Beira Artistikoaren I. Jardunaldia aurkeztu dute
Beiraren eskulangintza zabaltzea eta sustatzea du helburu, astelehenean hasi eta hilaren 10era arte Merkatuzarren egingo duten Beira artistikoaren lehenengo jardunaldiak. “Modu dekoratiboan ez ezik, beira artistikoak, modu praktikoan eta arkitektonikoan ere aukerak ematen dituela erakutsi nahi dugu gainera”, azaldu du ekimenaren bultzatzaileetakoa den Igor Obesok. Obesorekin batera, Amaia Sanchez eta Iban Delgado aritu dira jardunaldiak antolatzen. Ekimena, berriz, Artiola Egitasmoaren barruan kokatuta dagoela jakinarazi dute, jardunaldiak aurkezteko gaur egerdian Errenteriako Udalean egin duten agerraldian. Azken horrek, Artisautzaren Gunea izan nahi du eta hiru urte luzeetako lanaren ondoren, datorren ostegunean (hilaren 7an) ikusiko du argia.
Beira artisautza zabaldu
Obesok eman ditu jardunaldiaren gaineko xehetasunak. Guztira lau ildotan banatu dituzte jardunaldiak: beira lanen gaineko erakusketa kolektiboa egingo dute, gida eta azalpenekin; hainbat teknika erakusteko beira tailler praktikoak; bideo emanaldi eta hitzaldiak beiraren artisautzaren gainean; eta azkenik, jardunaldietan parte hartuko duten artisaua guztien teknika eta lana uztartuta lau beirate egingo dituzte. “Azken horiek hilaren 10ean, igandearekin, Merkatuzarreko eraikinean kokatuko ditugu eta bertan geldituko dira betirako”, gaineratu du Obesok.
Ateak zabalik izango dira goiz eta arratsaldez eta astelehenetik igandera, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Goizak lanerako baliatuko dituzte bertan bilduko diren artisauek, eta arratsaldez berriz, bisitariei begira bisita gidatuak egingo dituzte, ” lan bakoitza egiteko zein teknika erabili den azalduko diegu bistariei, besteak beste”, azaldu du Obesok.
Jardunaldietan parte hartzea doakoa da eta zabalik dago interesa duen ororentzat. Horretarako, euskalherrikobeiragileak.blogspot.com.es web gunean sartu eta izena eman beharko dute interesadunek. Halaber datorren astean egunez egun antolatuta dituzten ekitaldiak ikusteko aukera dago.