Ikasleek badute zer esana ingurumenean
Ikerlarien antzera ibili dira herriko zortzi ikastetxetako 3.609 ikasle ikasturte honetan zehar. Profesionalak izan ez arren, Eskola Agenda 21en barruan aztertu duten gaia ez da nolanahikoa izan: biodibertsitatea. Ikastetxetik hasi eta herri inguruko biodibertsitatea ikertzen aritu dira (baita herrikoa ere), eta arlo horrek duen garrantziaz jabetu dira, ikusi baitute animalia eta landare asko desagertzeko arriskuan daudela. Kalera atera dira ikerketa egitera, eta gertuen duten espaziotik hasi dira, ikastetxetik. Inguruko zuhaitzak identifikatu dituzte, animalia zein landareak zaindu, eta baratzea jartzeko aukera ere aztertu dute. Herrian, berriz, galdetegi bat pasatu diete herritarrei eta ikusi dute gehienek pentsatzen dutela biodibertsitate gutxi dagoela bertan. Horrez gain, Oiartzun ibaiaren egoera aztertu dute, Txoritokietako basoa ikertu dute, eta askotariko espezieak daudela ikusi dute. San Marko gotorlekuan dauden inpaktuez ere jabetu dira: antena, negutegiak, zaborra… Herritik harago joanda, Aiako Harria, Aitzbitarte, Zumaiako flyscha, Pagoeta, eta beste zenbait tokitako biodibertsitatea ezagutzeko irteerak egin dituzte. Udalari proposamena Herriko biodibertsitatea zaintzeko 36 proposamen egin dizkiote ikasleek udalari. Hala nola, kontzientziazio kanpainak egiteko eskatu diote, herritarrek biodibertsitatea ezagutu dezaten irteeren bidez eta bestelako ekimenen bidez. Ildo horretatik, informazio panelak ere jartzeko eskatu diote, berdeguneetan dauden espezieen informazioa emanez. Horrez gain, ibaia eta berdeguneak zaintzeko neurriak hartzea, espezie inbaditzaileak ordezkatzea, eta eskola [...]
Ikerlarien antzera ibili dira herriko zortzi ikastetxetako 3.609 ikasle ikasturte honetan zehar. Profesionalak izan ez arren, Eskola Agenda 21en barruan aztertu duten gaia ez da nolanahikoa izan: biodibertsitatea. Ikastetxetik hasi eta herri inguruko biodibertsitatea ikertzen aritu dira (baita herrikoa ere), eta arlo horrek duen garrantziaz jabetu dira, ikusi baitute animalia eta landare asko desagertzeko arriskuan daudela.
Kalera atera dira ikerketa egitera, eta gertuen duten espaziotik hasi dira, ikastetxetik. Inguruko zuhaitzak identifikatu dituzte, animalia zein landareak zaindu, eta baratzea jartzeko aukera ere aztertu dute.
Herrian, berriz, galdetegi bat pasatu diete herritarrei eta ikusi dute gehienek pentsatzen dutela biodibertsitate gutxi dagoela bertan. Horrez gain, Oiartzun ibaiaren egoera aztertu dute, Txoritokietako basoa ikertu dute, eta askotariko espezieak daudela ikusi dute. San Marko gotorlekuan dauden inpaktuez ere jabetu dira: antena, negutegiak, zaborra…
Herritik harago joanda, Aiako Harria, Aitzbitarte, Zumaiako flyscha, Pagoeta, eta beste zenbait tokitako biodibertsitatea ezagutzeko irteerak egin dituzte.
Udalari proposamena
Herriko biodibertsitatea zaintzeko 36 proposamen egin dizkiote ikasleek udalari. Hala nola, kontzientziazio kanpainak egiteko eskatu diote, herritarrek biodibertsitatea ezagutu dezaten irteeren bidez eta bestelako ekimenen bidez. Ildo horretatik, informazio panelak ere jartzeko eskatu diote, berdeguneetan dauden espezieen informazioa emanez.
Horrez gain, ibaia eta berdeguneak zaintzeko neurriak hartzea, espezie inbaditzaileak ordezkatzea, eta eskola inguruak ondo mantentzea eskatu diote. Edonola ere, norbaitek ez badu ingurua errespetatzen zigorrak jartzeko proposatu dute, isunen ordez.
Udalak udazkenean emango die erantzuna, baina Julen Mendoza alkateak aurreratu duenez, “lan ona” egin dute. Ideietatik bat nabarmendu du, basoak eta errekak garbitzeko ekimena prestatu, eta ondoren, bazkaria egitea.