Haurrentzako udarako kirol eskaintza eskuorri bateratu batean aurkeztu dute eskualdeko lau udalek lehen aldiz. Egitarau horretan, Errenteriako Galtzaraborda nahiz Fanderiako kiroldegietan, Lezoko Bekoerrota eta Altzate kiroldegietan, Oiartzungo Elorsoro kiroldegian eta Pasaiako kiroldegietako eskaintza agertzen da. Guztira, 6.800 eskuorri atera dituzte, eta interesdunek kiroldegian, postontzian edo ikastetxeetan (herri bakoitzak bere modura banatu du) aurkituko dituzte.
Kiroldegietatik kanpo ere izango da eskaintza haurrentzat: piraguismoa egiteko aukera izango da Pasaiako badian (Kalparra, San Pedro), arrauna San Pedro, Donibane eta Trintxerpen, skatea Errenteriako skate parkean, eta BTT Ulia, Jaizkibel, San Marko eta Aiako Harrietan.
Udalerri bakoitzeko kirol zinegotziak izan dira aurkezpenean: Jose Manuel Ferradas (Errenteria-Orereta), Luis Garrido (Lezo), Oihan Tello (Oiartzun) eta Amaia Esnarriaga (Pasaia). Nabarmendu dutenez, modu horretara, herritarrek aukera izango dute bere herriko kirol eskaintzaz gain, beste herrietakoa ere ezagutzeko.
Igerilekuen kanpaina bukatzear
Martxoan martxan jarritako eskualdeko igerilekuak erabiltzeko proba pilotua, berriz, bihar bukatuko da. Proba pilotu horren bidez, abonatuek aukera zeukaten eskualde barruan bere herritik kanpoko igerileku bat erabiltzeko; esate baterako, Errenteriako abonatu batek Oiartzunen edo alderantziz.
Martxorako egin zuten eskaintza, baina, bi hilabetez luzatu da, apirila eta maiatzean. Udan, berriz, proba pilotua eten egingo da, eta abonatu bakoitzak bere herriko igerilekua erabili ahal izango du bakarrik. Lezoko igerilekuak 266 erabiltzaile izan ditu; Oiartzungoak, 169; Errenteriakoek, berriz, Fanderiak ehun, eta Galtzarabordakoak 135.