Zintzilik Irratiko kronikagilearen gaineko jardunaldiak egin dituzte asteburuan Errenteria-Oreretan
Larunbat goizean mahai-ingurua egin zuten Mikelazulon.
Hitzek txokoa izan dute asteburuan Errenteria-Oreretan. Hitzak elkar ulertzeko espresio bezala, komunikatzeko baliabide bezala, eta elkartzeko lanabes bezala, iraganean, egun eta etorkizunean. Izan ere, Agustin Sarasolaren oroimenezko jardunaldiak egin dituzte Mikelazulo Kultur Elkarteak, Zintzilik Irratiak, Herri Biziak eta Oarso Bidasoko Hitza-k. «Kaixo denei Herriko Enparantzatik»; hala hasten zituen Agustin Sarasolak, otsailean zendu zen Zintzilik Irratiko kronikagileak, bere saioak. Horrela hasi ziren jardunaldiak ere.
Izan ere, ostiral arratsaldean, ordubetez Herriko Enparantza komunikazio zuzenerako esparru bihurtu zuten antolatzaileek. Ordubetez, bere ahotsa anplifikatuta, nahi zuenak nahi zuena esan zuen. Garbi. Sarasolaren hitzak ere entzun zituzten mikrofonoaren ondoan izan ziren hamarnaka herritarrek.
Larunbat goizean, bestalde, gogoetarako txanda izan zen Mikelazulon. Zintzilik-en, Herri Biziaren, Guifieh-ren eta Hitza-ren ordezkariak izan ziren bertan. Hedabide bakoitzaren nondik norakoak azaltzeaz gain, herri hedabideek gizartean izan beharko luketen tokiaz hitz egin zuten, eta elkarlanaren beharraz hausnartu zuten, gosariaren inguruan.
Larunbat arratsaldean irratigintza tailerra egin zuten Zintzilik-en. «Agur Kantauri itsasoko ertzetik»; horrela agurtzen zituen Sarasolak bere saioak Zintzilik-en.