25 urte eta gero Hendaian agertuko da Henry Bengoa, Mugati elkartearen eskutik
Heldu den ostegunean Henry Bengoa Inventarium emanaldi poetiko-musikala taularatuko dute Varietes gelan, herriko Mugati euskaltzaleen elkartearen eskutik. Momentuz Hendaian soilik plazaratuko dute duela 25 urte herriz herri eramandako ikuskizuna; gainera, lehen aldia izanen da Henry Bengoaren istorioa Ipar Euskal Herrian entzuteko aukera izanen dutela. Varietesen 300 lagunentzako toki mugatua denez, lehenbailen sarrerak erreserbatzeko gomendatu dute antolatzaileek. Tiket bakoitzaren prezioa 12 euroan jarri dute. Mugati elkarteak antolatu du Henry Bengoa Inventarium poesia emanaldia. Mugatiko kideek beraiek jo zuten Bernardo Atxagarengana proposamenarekin. Hendaian bizi diren zenbait euskaltzalek iaz sortutako elkartea da Mugati, euskara erabiltzeko eta sustatzeko ekimenak antolatzeko xedea duena. Henry Bengoa Inventarium emanaldiko aurkezpenean Mugatiko zenbait kide izan ziren: Idurre Eskisabel eta Hasier Etxeberria kazetariak, Lander Garro idazlea eta Bakartxo Arrizabalaga Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteko (EIZIE) presidentea. 1986an abiatu zuten Henry Bengoa Inventarium ikuskizuna. Elkarlanean prestaturiko emanaldia zen, Bernardo Atxaga eta Joxemari Iturralde idazleen testuen errezitaldia, Ruper Ordorika eta Alberto eta Nando de la Casa anaiek sortutako musikaz osatzen zen. Garaian berritzaile izan zen eta bi urtez bidaiatu zuen antzokiz antzoki. Hasier Etxeberriaren ustez, proposamen aitzindaria izan zen: “Lehen aldietakoa izan zen olerkia modu horretan oholtza gainera eramaten zela. Bidea ireki zien ondotik etorri diren ugariri. Gainera, ez zen [...]
Heldu den ostegunean Henry Bengoa Inventarium emanaldi poetiko-musikala taularatuko dute Varietes gelan, herriko Mugati euskaltzaleen elkartearen eskutik. Momentuz Hendaian soilik plazaratuko dute duela 25 urte herriz herri eramandako ikuskizuna; gainera, lehen aldia izanen da Henry Bengoaren istorioa Ipar Euskal Herrian entzuteko aukera izanen dutela. Varietesen 300 lagunentzako toki mugatua denez, lehenbailen sarrerak erreserbatzeko gomendatu dute antolatzaileek. Tiket bakoitzaren prezioa 12 euroan jarri dute.
Mugati elkarteak antolatu du Henry Bengoa Inventarium poesia emanaldia. Mugatiko kideek beraiek jo zuten Bernardo Atxagarengana proposamenarekin. Hendaian bizi diren zenbait euskaltzalek iaz sortutako elkartea da Mugati, euskara erabiltzeko eta sustatzeko ekimenak antolatzeko xedea duena. Henry Bengoa Inventarium emanaldiko aurkezpenean Mugatiko zenbait kide izan ziren: Idurre Eskisabel eta Hasier Etxeberria kazetariak, Lander Garro idazlea eta Bakartxo Arrizabalaga Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteko (EIZIE) presidentea.
1986an abiatu zuten Henry Bengoa Inventarium ikuskizuna. Elkarlanean prestaturiko emanaldia zen, Bernardo Atxaga eta Joxemari Iturralde idazleen testuen errezitaldia, Ruper Ordorika eta Alberto eta Nando de la Casa anaiek sortutako musikaz osatzen zen. Garaian berritzaile izan zen eta bi urtez bidaiatu zuen antzokiz antzoki. Hasier Etxeberriaren ustez, proposamen aitzindaria izan zen: “Lehen aldietakoa izan zen olerkia modu horretan oholtza gainera eramaten zela. Bidea ireki zien ondotik etorri diren ugariri. Gainera, ez zen bistakoa horrelako maila literario jasoa zeukan zerbait ibil zitekeenik”.
Varieteseko saioan Atxaga eta Iturralde izango dira, baina ez ordea jatorrizko musikariak, De la Casa anaiek musika utzita dutelako eta Ordorikak ez zuelako egitasmoa oso argi ikusten. Haien ordez, Xabi Strubell hondarribiarrak egokitu du musika. “Duela 25 urteko ikuskizunean, De la Casa anaiek eta Ruper Ordorikak jo zuten musika. Oraingoan, Strubellek eginen du. Era horretan, diziplina artistiko eta belaunaldien arteko nahasketa bat lortuko dugu. Harrigarria izanen da Strubellek proposatuko duena, askatasun guztiarekin aritu baita lanean”, nabarmendu zuen Hasier Etxeberriak.
Henry Bengoa Inventarium laneko testuez gain, Atxagak eta Iturraldek orain arte irakurri gabeko testuak errezitatuko dituzte ostegunean, Hendaiako Varietes gelan. Atxagak Aitormena goiburuko testua aurkeztuko du, eta Iturraldek hiru ipuin labur irakurriko ditu publikoaren aurrean lehen aldiz. Gainera, Atxagaren obraren piztea baliatuko du Pamiela argitaletxeak Henry Bengoa Inventarium liburua berriro argitaratzeko, aurreko argitalpena agortuta baitago.

Atxaga, Ordorika eta Iturralde, 1986ko apirilean, Oñatin, 'Henry Bengoa Inventarium'-en emanaldi baten ondoren
Publikoa ere detektibe
Atxagaren obrak Henry Bengoaren istorioa kontatzen du. Hanburgora (Alemania) bizitzera joan da Bengoa, eta haren lagunei gutunaz ematen die gertatzen zaionaren berri; baina, halako batean, idazteari utziko dio, eta lagunak bila joango zaizkio zer gertatu ote zaion jakiteko. Laguna bizi zen ostatuaren gelan Bengoak utzitako arrasto batzuk aurkituko dituzte (metro txartela…) eta bere ibileraren berreraikitzea hasiko dute.
Osteguneko emanaldi poetikoan publikoa Bengoaren bilaketaren konplize bilakatuko da, Mugatiko Bakartxo Arrizabalagak azaldu bezala: “Detektibe baten bezala, bakoitzaren ahalaren arabera, publikoak Henry Bengoa Inventarium osatzen du. Bengoaren puzzlearen eraikitzean parte hartzen du”. 25 urte behar izan dute Ipar Euskal Herriko biztanleek Henry Bengoa Inventarium ikuskizunaz Bidasoaren beste aldera joan gabe gozatzeko. Ostegunean izanen da, 20:30etik hasita.



